Gorka Zozaia Garcia
GAURKOA

Irakasle baten azken eskola egunak

Amaitzen ari da pandemiak baldintzaturiko ikasturte malapartatu hau. Ikasleek eskolak amaituta, irakasleok ebaluazioak itxirik, txostenak idatzi eta etorkizunera begiratzeko egunak ditugu hauek. Apika ohikoa baino lasaiago beraz, baina betiko orduan esnatu nau iratzargailuak. Gaur ere bustitik hasi da eguna eta atoan baztertu dut zerbitzu publikoan lantokira joateko aukera. Auto pribatuaren lehorrean eskolarako bidean noala, heldu naiz autobideko irteerara, eta ohiko bilakatu den fenomeno xelebrea ikusi dut berriz; lauzpabost auto zain makina automatikoaren bidez ordaintzeko ilaran, eta auto bakarra langilea kabinan duen «eskuzko» ilaran. Ohiko lez, azken honetatik sartu naiz, azkarrago izateaz gain, pertsona batekin egun onak eta eskerrak trukatzeko aukera ematen baitit. Parkingerako bidean, buruan dabilkit nola berdin-berdina gertatzen zaidan supermerkatuan, han ere ordaintzeko ilara automatikoak jarri zirenetik.

Auto pribatua parking publikoan utzita, oinez egiten dut eskolarako azken zatia, eta buruan dabilkit ez ote den nire partetik egoista xamarra langilearen ilaratik sartzea. Niretzat erosoagoa bada, baina langilearentzat? Dirua zenbatu, txartela pasatu eta barrera irekitzea, behin eta berriz, ezker-eskuin tantaka heltzen diren autoekin, hainbeste orduz automata gisa aritzea, atsegina ote da? Errealizagarria egiten al zaio langileari? Gogora etorri zait lehengusuak txikitan suhiltzaile izatea baino nahiago zuela ordainleku bateko langile izan, txundituta ikusten baitzuen nola kabinan eserita egon eta aitak luzaturiko dirua biltzen zuen, aurreko autoari bezala atzekoari; eserita egon eta aberastu! Pagotxaren ametsa laburra da, ta diru horren arrastoa zurrunbilo publiko-pribatu batean galtzen da barrera zabaldu baino arinago, langilearentzat soldatatxo bat utziz. Ezen langileak dirua behar baitu, soilik diru truk lortzen ahal diren bizitzaren sostengurako baliabideak izateko. Zein soldata jasoko luke bere automata lana robot batek egingo balu? Nork ordainduko lioke? Eta robot hark, kotizatuko ote du langilearen partez?

Burutapen horiekin heldu naiz azkenik nire lantokira. Etxetik irten eta ordubetera, eseri, ordenagailua zabaldu eta konfinaturik diren ikasleei arreta eskaintzeko bideo-dei aretoan konektatu naiz. Dagoeneko ikasleentzat ikasturtea amaitu den arren, automata gisa ari gara covid errefortzu garen bi langileak, gure orduak betetzen. Egiari zor, ehun eta piko irakasle dituen zentroak hiru irakasle jaso dituenean errefortzu gisa, uste dut asmatu egin dutela baliabide hauek kudeatzen, ikasturte osoan izan baitira ikasleak –olatuka, gehiago edo gutxiago– etxean konfinaturik, hamar bat egunez. Pandemiak lehenago ezkutuago egon den afera azalera ekarri digu; nola bermatu hezkuntzarako eskubidea ez-presentzialtasun egoera batean? Nola bermatu ekitatea baldintza hauetan? Eskola publikoan egon arren, batzuek baliabide gehiago eta besteek gutxiago dituzte etxean, eta etxetik lan egin behar den momentutik, nola orekatu desorekak?

Hori izan da, beharbada, pandemiak eragindako hezkuntzaren halabeharrezko eta berehalako digitalizazioak pasa den urtean utzitako lehen galdera. Hamaika galdera etorri dira gero eta horietako batzuk aipatu nahi nituzke, irakurlea puntu honetara heldu bada, ezen eta gero eta gutxiago baikara irakurketa sakonerako gai. Esaten da, eta egia da, inoiz baino gehiago irakurtzen ari garela Internet eta sare sozialek eragindako informazio anabasaren garai honetan. Baina egia da, halaber, titularrak eta testu laburrak irakurtzen ditugula, informazio pilulak –gaindosira arte–, eta dagoeneko frogatzen ari dela irakurketa sakonerako –eta berarekin, pentsamendu abstrakturako– gaitasuna galtzen ari garela. Galera hau aro digitalean jaiotako belaunaldiek ingurunearekin harremantzeko darabiltzaten kanal, lengoaia eta kode berrien munduaren ezaugarri bat gehiago besterik ez da, momentuz neurtu den ondorio bat, gazteen garapen kognitiboari dagokionez. Batzuen ustez, ahozko tradiziotik idatzizkora jasan genuen aldaketaren tamainakoa da orain datorkiguna. Zein ote da halako abagunean hezkuntzaren egitekoa? Ikasleei emailak zuzen idazten erakutsi behar al diegu ala mugikorra erabiltzen lagundu?

Jakina, kontua ez da bakarrik zer egin beharko litzatekeen, baizik eta zer egiten ahal duen apika legez kanpoko ratioekin topera dabilen irakasleriak, zertara heltzen ote garen. Ziur naiz 2020ko martxotik hona inoizko lan jardun handienak izan ditugula, denek ere, eta oraindik egiteko dexente izango dugula gure ikasmaterialak esfera digitalera egokitzen. Betiko testuliburuen argitaletxe pribatu eta arrotzak ere ari dira ahalegin honetan eta ziur irakasle askok haiek egindako lanean oinarritzea beste erremediorik ez dutela izango. Bitartean, badira gutxienez hamar urte hezkuntza sisteman moodle bezalako plataformak erabiltzen hasi zirenetik, baina oraindik irakasle bakan batzuk dira ikasmaterialak bertan libreki partekatzen dituztenak. Eskola publiko batean, ez al litzateke materiala ere publikoa izan behar? Ez al lirateke plataforma ez-pribatiboak erabili behar? Ez al lirateke irakasleok egindako materialak publikoak izan behar? Benetan jo behar dugu Googleren tresnetara «intuitiboagoak» direlako? Noiz arte izango gara testuliburu arrotzen mendeko?

Azken batean, teknologia berriak hezkuntza sistema zahar batera heldu zaizkigu, galdera berriak ditugu betiko erronkei erantzuteko. Digitalizazioak hezkuntza sistema hobetzeko abagune aproposa eskaintzen duenik ezin ukatu, baina ez zaigu hori zerutik etorriko. Are, euria bezala jausten zaiguna Googleren inperioa da, hezkuntza sistema hezurretaraino bustitzen ari dena, bere burua ezagutu eta hobetzeko gaitasun eta abiadura handiagoarekin. Laster, irakaskuntza eta ikaskuntza nola egiten diren irakasleok baino hobeto jakingo dute inperioaren adimen artifizialek, eta orduan zer? Zertarako irakasleak, robotak egiten ahal badu? Zertarako ikastetxeak, pantailaz egiten ahal bada? Nire ordua heldu da, automatikoki ordenagailua itzali, atzera etxerako ibilbidea egin eta bitartean etorkizunari begiratuko diot; oporrak datoz.