Asier AIESTARAN
TOKIOKO OLINPIAR JOKOAK

Jokoen Olinpoan beste koska bat igo du Chourrautek

Londreseko brontzeari eta Rioko urreari zilarrezko domina gehitu die Maialen Chourrautek Tokion, paregabeko ibilbidea osatuz. Finalerdietan zazpigarren izan arren, finalean bere-berea duen adorea atera zuen eta jaitsiera bikain batekin sekulako denbora sinatu zuen (106.63), Ricarda Funk alemaniarrak bakarrik hobetu zuena.

Laudorioak eta goraipamenak agortzen ari zaizkigu. Maialen Chourraut bere kirol ibilbidean, eta bereziki Olinpiar Jokoetan, lortzen ari denak ez du parekorik. Ez gurean behintzat. Lasarteko piraguistak bere hirugarren domina olinpikoa jantzi zuen atzo Tokion, kasu honetan zilarrezkoa, Londresen irabazitako brontzeari eta Rion lortutako urreari gehituz, sekulako zerrenda osatzen duena.

Eta irabazi duena bezain garrantzitsua da une oro bere ibilbidean erakutsi duen profesionaltasuna eta adorea. Ez zuen beldurrik izan amatasuna eta goi mailako kirola uztartu daitezkeela –uztargarriak izan behar dutela– erakusteko, edo urrats bat egin behar zuela ikusita Australiara bi hilabetez entrenatzera joateko, eta baita unea iritsi zela erabakitakoan etxera itzultzeko ere.

Bizipen eta borroka horiek ematen duten esperientziarekin, 38 urteko kirolariak sekulako jaitsiera sinatu zuen K1eko finalean. Laugarren irten zen, finalerdietan zazpigarren postuan amaitu zuelako, baina argi utzi zuen une erabakigarrietan hazi egiten dela, beste batzuek behera egiten duten bitartean.

Finaleko jaitsieraren lehen zatia ez zen azkarregia izan, baina lasartearrak inolako zigorrik gabe osatzea lortu zuen, eta ibilbidearen bigarren zatian Chourraut onena ikusi zen, oso azkar eta indartsu helmugaratuz 106.63ko denborarekin. Lehen postuan ipini zen une horretan, baina oraindik aurkari indartsuenak falta ziren lehiatzeko.

Aurrez esan bezala, ordea, finaleko urduritasun eta tentsioa zama astuna izan zen askorentzat eta emakume bakarra izan zen Chourrauten denbora hobetzeko gai, Ricarda Funk alemaniarra, 105.50eko denborarekin. Eliska Mintalova eslovakiarraren akatsak (108.36) podiuma ziurtatu zuen gipuzkoarrarentzat, eta Jessica Fox australiarra ere, irteten azkena izan zen faborito nagusia, atzetik geratu zen hainbat zigor jasota (106.73).

Zilarrezko domina ziurtatuta ospakizunen garaia iritsi zen. Lehenik emozioa, egindako esfortzu guztia gogoratuz, eta Maialenek ezin izan zien malkoei eutsi. Gero festa: besarkadak, uretara jauziak, oihuak, familia eta lagunei mezuak... Alboan izan zituen Xabi Etxaniz, bere entrenatzaile eta senarra, eta baita Pau ere, Xabiren semea.

Eta familia eta lagunak aipatuta, ezin ahaztu Euskal Herrian Maialeni bultzaka jardun ziren jarraitzaile guztiak ere. Lasarten eta Atletico San Sebastian elkartearen egoitzan batez ere, baina baita beste hainbat txokotan ere, euskal kirolari baten lorpenak bere egiten dituen jendea asko poztu zelako atzokoan. Olinpiar Jokoek duten xarma horixe baita: eslalom piraguismoaz ideiarik izan gabe ere, etxe askotan piztu zuten telebista goizeko 9.00etan Maialen Chourrauti bultzada emateko.

«Ametsa» bete du Tokion, nahiz eta dominarik gabe ere pozik itzuliko zen etxera

«Ametsa», horixe izan zen Maialen Chourrautek bere adierazpenetan erabilitako hitza sentitzen zuena deskribatzeko. Onartu zuenez, askotan amestu izan du Olinpiar Jokoetan hiru dominak lortzearekin eta hori lortzen duen lehen emakumea izatearekin.

«Laugarren izanda ere oso pozik itzuliko nintzen etxera. Pozik heldu nintzen Joko hauetara eta pozik amaituko nuen dominarik gabe ere, baina gauzak hobetzen joan dira eta zilar hau lortu dut Jessica (Fox) eta Ricardaren (Funk) artean. Ziklo olinpikoan beraien aurka lehiatu naiz eta aparteko kirolariak dira biak», azaldu zuen finalaren osteko prentsaurrekoan, hainbat galderari euskaraz erantzunez.

«Tokiora helburu eta amets batekin etorri nintzen. Nire helburua Maialen azkar bat ikustea zen, uretan indartsu agertzea. Horixe zen nahi nuena. Bost urte izan dira azkenean, ziklo olinpiko gogorra izan da. Asko kostatu zait goian mantentzea, asko borrokatu behar izan dut», onartu zuen.

«Xabik –Etxaniz, bere entrenatzaile eta senarra– estrategia oso argi zeukan Joko hauetarako. Nik buruan Jessica eta Ricardaren mailan ibiltzea besterik ez nuen, haiek adina izatea, baina Xabik esaten zidan azkarragoak zirela baina nik nire kartak jokatu behar nituela. Eta azkenean horrela izan da, bere hitzak bete egin dira», aipatu zuen lehiaketari buruz.

Azkenik, Tokion egon ezin izan duen Ane alabarekin gogoratu zen: «Ane oso urrun dago, baina muxu bat bidali nahi diot, esfortzu handia egiten duelako bere amak dituen ametsak bete ditzan».A.A.