Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
ITSASOA

Carissa Moore eta Filipe Toledo nagusi bai Brasilen bai CT rankingean ere

Ekainaren 28an amaitu zen Brasilen CT itzuliko zortzigarren txapelketa eta rankingeko buru ziren Carissa Moore eta Filipe Toledo nagusitu ziren. Bi surflariek euren lidergoak egonkortzea eta gainontzeko lehiakideei alde handiagoa ateratzea lortu zuten.

Johane Defay eta Carissa Moore Brasilgo finalistak, garaikurrekin.
Johane Defay eta Carissa Moore Brasilgo finalistak, garaikurrekin. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Carissa Moore eta Filipe Toledok WCT eta CT rankingetako lidergoak egonkortu dituzte Brasilen irabazi ostean. Izan ere, pasa den astean Saquaremako hondartzan egin zen “Oi Rio Pro” txapelketa aitzin jada lehen postuetan ziren rankingean, eta, Brasilen eskuratutako garaipenei esker, gainontzeko lehiakideekiko abantaila esanguratsua lortu dute.

Lehen mailako itzuliko zortzigarren txapelketa zen Brasilgoa, eta lehiakide kopurua erdira jaitsi zenetik hirugarrena, hortaz, geroz eta gutxiago falta da aurtengo denboraldia amaitzeko. Soilik uztailean Hegoafrikan egingo den Jeffreys Bayko txapelketa eta abuztuan Tahitin egingo den Teahupoko txapelketa egitea falta da irailean Trestlesen egingo den Final Handiko hamar lehiakideak (bost neska eta bost mutil) nortzuk izango diren erabakitzeko.

Esan bezala, rankingeko buru ziren lehiakideak gailendu ziren Brasilen eta horrek abantaila eman die gainontzeko lehiakideekiko. Hori bai, Final Handirako bost lehiakide sailkatuko dira eta egun horretan erabakiko da aurtengo munduko titulua nortzuk jokatuko duten; ondorioz, egun lehen mailako lehiakide guztiek duten helburu nagusia aurtengo itzulia lehen bost postuetako batean amaitzea da, horrela, Final Handian lehiatu ahal izateko.

BRASILDARRAK IKUSGARRI

Olatuak ederrak izan ziren Saquaremako hondartzan, eguraldia ere ezin hobea izan zen eta ikusleek sekulako giroa jarri zuten. Lehiakideek, berriz, batez ere brasildarrek, dena eman zuten. Mutilen kategorian final laurdenetara iritsi ziren sei lehiakideetatik lau brasildarrak dira eta beste biak australiarrak. Finalerdietan denak brasildarrak ziren eta finalean Filipe Toledo eta Samuel Pupo aritu ziren.

Aurten hasi da lehiatzen lehen mailan Samuel Pupo eta finalera iristea sekulako emaitza izan zen beretzat. Azkenaldian emaitza esanguratsuak eskuratu dituen bere anaia Miguel Pupo baino hobeto aritu zen eta ikusleen babes handia jaso zuen. Finalerdietan Italo Ferreira kanporatzea lortu zuen eta garaipen esanguratsua izan zen, txanda bat lehenago Ferreira bera izan baitzen Samuelen anaia, Miguel, kanporatu zuena.

Zinez ikusgarria izan zen Miguel Pupo eta Italo Ferreiraren arteko final laurdenetako txanda. Azken unean Ferreirak olatu bat hartu eta bi lehiakideek berdinduta amaitu zuten 13,34 punturekin. Pupok 7,76 eta 5,67 puntuko bi olatu zituen eta Ferreirak 8,17 eta 5,17 puntuko bi; horri esker lortu zuen ozta-ozta hurrengo finalerdietarako pasea Ferreirak.

Filipe Toledok sekulako indarra erakutsi zuen txapelketa osoan eta finalean ere bere arerioaren gainetik zegoela ikusi zen. Pupo lehiakidea bakarrik ez, laguna ere badu Toledok, eta momentu batzuetan elkarrekin hitz egiten aritu ziren; oso arraroa da lehen mailako final batean, baina Saquareman hori ere gertatu zen. Horrela, finala amaitu zenean bi lagunek besarkada estua eman zioten elkarri eta elkarrekin ospatu zuten eginiko azken urratsa.

Nesken kategorian lehiakide brasildar bakarra zegoen, Tatiana Weston Webb; bera zen faboritoa, baina finalerdietan ezin izan zuen Carissa Moore garaitu eta kalean geratu zen. Hala ere, Brasilen eskuratutako emaitzari esker hiru postu gora egin ditu Tatianak eta egun seigarren postuan da WCT rankingean. Horri esker denboraldia lehen bost postuetako batean amaitzeko geroz eta gertuago dago.

Carissa Moore hawaiiarra eta Joahne Defay tahitiarra izan ziren finalean buruz buru. Defay indartsu aritu zen, baina Moorek 9,5 puntuko olatu bat egin zuen eta hortik aurrera ia ezinezko bilakatu zen hawaiiarra mendean hartzea. Orain, Brasilen lehen eta bigarren postuan geratu ziren bi lehiakideak dira buru WCT rankingean, Moore lehena eta Defay bigarrena.

RANKINGEAN NAGUSI

Likra horia zuten bi lehiakideak gailendu ziren ekainaren 28an amaitu zen “Oi Rio Pro” txapelketan, alegia, nesken zein mutilen rankingeko buru ziren lehiakideak izan ziren txapeldunak. Carissa Moore hawaiiarrak aurtengo lehendabiziko garaipena eskuratu zuen Brasilen eta Filipe Toledok, ostera, aurtengo CT itzuliko bigarren txapela irabazi zuen, Bells Beachen ere berak irabazi baitzuen. Gainera, Toledok laugarren aldiz irabazi zuen Brasilen egiten den munduko lehiaketa; ez dago zalantzarik etxean lehiatzeak mesede egiten diola surflari brasildarrari.

Hamar txapelketek osatzen duten lehen mailako itzulian lehiakideek eskuratutako sei emaitza hoberenak hartzen dira kontuan. Horregatik, irabazitako txapelketa kopurutik harago, ahalik eta emaitza hoberenak pilatzea ere garrantzitsua da. Carissa Moorek, adibidez, orain artean txapelketa bakarra irabazi du, baina beste hiru txapelketetan bigarren postuan geratu da (Pipelinen, Bells Beachen eta G-Landen).

Mutilen kategorian badira bi lehiakide aurten bi txapelketa irabazi dituztenak, Filipe Toledo eta Jack Robinson. Aldiz, bada bien artean ezberdintasun esanguratsu bat: bi garaipen lortzeaz gain, Toledok hiru bigarren postu ere lortu ditu. Hau da, Toledo aurtengo bost finaletan izan da. Aitzitik, australiarrak, bi garaipenez aparte ez du emaitza esanguratsurik lortu.

Gauzak horrela, CT rankingean Filipe Toledoren atzetik Jack Robinson dago, Italo Ferreira hirugarren postura igo da eta Griffin Colapinto estatubatuarra laugarren postura jaitsi. Bosgarren postuan Ethan Ewing australiarra aurkitzen da uneotan. WCT rankingean, berriz, Carissa Moore da lehena, Johane Defay bigarrena, Lakey Peterson australiarra hirugarren postura igo da eta Stephanie Gilmore laugarrenera jaitsi. Bosgarren postuan, azkenik, Brissa Hennesy Costa Ricako surflari gaztea aurkitzen da.