Ane URKIRI ANSOLA
ARRAUNA

Donostiarra, etxean garaile eta lider; Oriok garaiz erantzun du

Kaiarribak irabazi du XIV. Fabrika Bandera, Donostiarrak berak antolatua, eta Eusko Label ligako lidergoan jarri da txapelketako lehen asteburua bukatu berri. Euskotren ligan, Orio nagusitu da eta lehia estua aurreikusten da oriotarren eta Arraun Lagunaken artean. Hurrengo hitzordua, Coruñan.

Kaiarriba ontziko arraunlariak garaipena eta lidergoa ospatzen, etxeko estropadan.
Kaiarriba ontziko arraunlariak garaipena eta lidergoa ospatzen, etxeko estropadan. (Andoni CANELLADA FOKU)

Donostiarrak, gizonezkoetan, eta Oriok, emakumezkoetan, garaipena lortu zuten atzo Kontxako badian, bezperan, Bilbon, bigarren postuan geratu ostean. Biek ala biek zapore gazi-gozoarekin bukatu zuten estreinako estropada eta, bigarrengoan gailenduta, konfiantzaz beterik bukatu dute denboraldiko lehenengo astea. Gainera, Donostiarrak berak antolatutako XIV. Fabrika Bandera irabazteaz gain, Eusko Label ligako lider izango da astebetez Kaiarriba. Orioko Txiki trainerua, bestalde, Arraun Lagunaken pare jarri da eta sasoia hasi orduko erakutsi dute aurtengoan ere nor baino nor ariko direla.

Eusko Label ligan ere izan dira lehia zinez interesgarriak. Atzo, esaterako, txanda guztiek izan zuten emoziorako tartea. Eguraldiaren baldintza aldaketak ere tentuz jarraitu beharra izan zen; ipar-ekialdeko haizea handituz joan zen eta horrek itsasoa bihurritu zuen. Hala, bigarren txanda irabazi zuen Urdaibaik estropada irabaz zezakeela pentsatzea ez zen astakeria handia.

Ohorezko txandan, baina, Donostiarrak eta Hondarribiak indartsu daudela berretsi zuten -Kaiarriba Bilbon irabaztetik gertu egon zen-. Azken luzeraino ez zen argitu irabazlea. Azkenean, etxekoak gailendu ziren olatu artean hobeto moldatuta; Ama Guadalupekoari sei segundoko aldea atera zioten eta, Bou Bizkaiari, hamabi segundokoa. Gorengo mailan estreinakoz ari den Getariak sekula maila eman zuen berriro eta kontuak apur bat zaildu zizkien bermeotarrei. Aldiz, Gorka Aranberri patroi zuen ontziak bigarren luzean olatua hartu eta motorra izango balu bezala egin zuen aurrera; zazpi segundoko tartea ireki zuen lehenik, eta, ondoren, areagotu ere egin zuen.

Zierbenak huts egin zuen ohorezko txandan eta azken-aurreko helmugaratu zen. Hirugarren txandan aritu ziren Kaiku eta Lekittarra, aldiz, sailkapenaren erdian kokatu ziren; azken horrek, batez ere, arnas apur bat hartuta. Getaria, onerako, ezustekoa ematen hasi bada, Ondarroaren kaskarraldia ere nabarmena izan da lehen bi egunetan.

NOR BAINO NOR

Lehia kitzikagarria eskaini zuten, bestalde, Oriok eta Arraun Lagunakek, oraingoan oriotarren alde jausi zena. Parez pare joan ziren lehen luzean, biak ala biak erritmo bera markatuz (36 palada minutuko). Ziabogatik hobeto irten zen Nadeth Agirre patroi zuen ontzia, estrategia argi batekin gainera: bosgarren kalera joan eta olatuak baliatzea. Ondo atera zitzaien taktika eta azkenerako ontzi bat baino gehiagoko aldearekin nagusitu ziren. Biak daude sailkapenaren goialdean, bai puntutan bai bandera kopuruan berdinduta.

Donostiarra eta Tolosaldea koska bat beherago daudela nabarmen geratu zen itsas zabalean ere. Minutu erdi galduta iritsi ziren. Bien arteko lehiak ere arreta piztu zuen, une batez tolosarrek aurrea hartu baitzuten. Azkenean, etxekoentzat izan zen hirugarren postu borrokatua.