Jon GARMENDIA
Idazlea

Geroa helburu

Ipar Euskal Herrian bizi naizenetik data seinalatua izan da EHZ jaialdiarena, Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta, Lekorne eta Irisarrin bizi izan dut bere xarma eta eraginkortasuna. Aukeran kostatik urrunegi dela erranen nuke, hori duela akats bakarra, puntu positiboak anitz eta negatiboak urri. Jakitun naiz jaialdiaren ezaugarri eta lan ildoetako bat dela barnealdean dinamika piztu eta antolatzea, baina ezaguna zait bestalde kostako eremuan zein beharrezko den halako jaialdi batek dakarren haize ufada, euskaltasunaren indartzeko, lurraldea aldarrikatzeko eta konplizitateak sortuz harremanak naturaltasunez sendotzeko. Antolatzen pasatzen den denborak konfiantzaren sarea zabaltzen du, laguntzaileek euskara darabilte, eta hiru eguneko festa giroan geroz eta handiagoa da gure hizkuntzaren presentzia, hala nola Bidasoaz bestaldeko lau probintzietatik heldutakoena ere.

Kosta aldean, BAB eremuan, gero eta frantsesagoa da dena, dena zaio arrotz euskal nortasunari, eta bertako gazteen gehiengoa interesatuago dago globalizaziotik etorritako edozein kultura espresiori zein menpekotasuna gaixotasun gisa dakarten kontsumo desberdinei; ez behintzat EHZk lantzen eta bultzatzen dituenei. Ez dut xede halako jaialdi batek soluzioa ekarriko duela planteatzeko, baizik bidearen seinalatzeko harritxo bat litzatekeela adierazteko; herriak bizi behar badu haize berrien arnasa beharko baitu, herritar ezezagunekin egindako aliantza ezagunak, geroa helburu.