Surflari ERNEGATUA

Ikusleen parte hartzea

M unduko surf txapelketetan sarri gertatzen da txapelketa eremua gertuko ingurunetik guztiz isolatzen dela. Ondorioz, eremu bera munduko edozein lekutan koka daiteke. Adibidez, detaile txikiengatik ez balitz, Indonesian egiten ari diren txapelketa bat Kalifornian egiten ari direla esango baligute, sinetsi egingo genuke, besteak beste, irudietan ez baita indonesiarrik ikusten eta esatariek ingelesez hitz egiten baitute. Soilik itsasoaren koloreek eta olatuek ematen dizkigute surflarien kokapenaren inguruko zenbait pista. Brasilen ordea, ez da zalantzarik: Internet bidez munduko surf txapelketa ikusten ari denak une oro jasotzen ditu seinaleak, txapelketa non egiten ari den erakusten duten aztarna garbiak. Itsasoratzeko prestatzen hasten direnetik bertatik, ikusleen txalo eta animoak jasotzen dituzte surflari brasildarrek; likra janztean, hondartza zeharkatzean, itsasoratzean... jarraitzailez inguratuta egoten dira une oro eta Brasilgo bandera ere edozein zokotan ikusten da, naiz eta banderarik gabe ere ikusleak zalantzarik izango ez duen txapelketa Brasilen jokatzen ari denik.

Lehiakide brasildar batek olatu bat hartzen duen unetik amaitzen duen arte sekulako oihartzuna izaten da hondartzan eta, surflariak aireko bat edo ariketa indartsu bat egiten badu, ikusleen txalo, oihu eta saltoekin hondartza lehertuko dela dirudi. Kamerak ikusleen aldera begiratzen duenean, sekulako zarata ateratzen duten ikusleak festa betean daudela ikus daiteke; ez dira garrasika ari futbol zale amorratuak bezala, irriz ari dira, poza irudikatzen da haien bisaietan.

Euskal Herrian 80ko eta 90eko hamarkadan munduko txapelketak egiten zirenean ez zen Internetik. Geroago Mundakan munduko txapelketak egin zirenean Internet sarea bazegoen, baina ez zen lehiaketa zuzenean ikusteko aukerarik. Sasoi hartan gurean egiten ziren txapelketek bazuten Euskal Herriaren kutsua, herri kirol eta dantza erakustaldiak egiten ziren eta mundu osotik etorritako surflariek ikuskizunekin gozatzen zuten.

Tom Carroll Perurenaren harria mugitzen saiatu zen Zarautzen eta argazki andana atera zituen Leitzakoarekin. Andy Ironsek aizkoran egin zuen Mundakan eta irudi gogoangarria atera zuen egunkari honetako argazkilari batek. Gure herria eta gure kostaldea nolakoa den erakusteko baliatzen ziren txapelketak eta, nire ustez, ikusleek ere bat egiten zuten ahalegin horrekin, beren erara. Galdera da, gaur egun ere berdin egingo genuke?