Gaur8

Elkartuk ezgaitasun fisikoari buruzko aldaketa sozialak bildu ditu liburu batean

Gipuzkoan, 70eko hamarkadaz geroztik, ezgaitasun fisikoa duten pertsona asko «etxe eta baserrietan ezkutatuta» bizi ziren. Gaur egun, «herritar berdintzat» hartzen direla ondorioztatu du Elkartu Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzaileak, eta honaino iristeko egin duen lan guztia biltzen duen liburua aurkeztu du ostegunean Foru Aldundian.

Maite Peña, Mikel Malcorra eta Alfonso López de Etxezarreta, liburuaren aurkezpenean. (Elkartu)
Maite Peña, Mikel Malcorra eta Alfonso López de Etxezarreta, liburuaren aurkezpenean. (Elkartu)

‘Elkartu 40 urte, elkarte mugimenduaren bidez gizarte eraldaketa istorioa’ da liburuaren izenburua, eta Maite Peña Aldundiko Politiketako foru diputatuak eta Mikel Malcorra eta Alfonso López de Etxezarreta Elkartuko ordezkariek aurkeztu dute. «40 urte hauetan egindako lana bilduma batean jasotzearen garrantzia» nabarmendu dute.

Bost ataletan banatzen da Elkarturen lana, eta atal bakoitzak etapa baten kontakizuna egiten du. «Guztira 600dik gora orrialde dituen bilduma osatu dugu. Batetik, Federazioa sortzeko emandako urratsak jasotzen dira, eta bide batez, lau hamarkada hauetan bideratu ditugun mugarri nagusien errepasoa egiten da. Baina liburuaren helburu nagusia Gipuzkoa eraldaketa sozialaren bidean jartzeko elkartuk izan duen garrantzia egiaztatzen du. Lan horri esker desgaitasuna duten pertsonek eskubideak bereganatu dituzte, eta aurrerapausoak eman dira gizartea irisgarriagoa eta inklusiboagoa izan dadin», azaldu dute.

Gizartea eta Miren

Desgaitasuna duten pertsonen elkarte mugimenduak gizarte eraldaketan izan duen eragina jasotzen duen kronika bat da liburua. 1970. hamarkada du abiapuntu, eta etorkizunari begira amaitzen da. Tartean, desgaitasun fisikoa zuten pertsonen errealitatearen berri ematen da; Elkartu sortu aurretik eman ziren urratsak jasotzen dira; elkartea eratzeak izan zuen garrantzia nabarmentzen da; mugarri nagusien garrantziaz hitz egiten da; eta Gipuzkoako eraldaketa sozialean eragiten jarraitzeko etorkizuneko erronkak identifikatzen amaitzen da bilduma.

Liburuaren kontakizuna Miren pertsonaiaren bidez egiten da. Miren gurpildun aulkian mugitzen den pertsona da, Elkarturekin batera hazi dena, eta elkartearen bilakaera ezagutzen du. «Mirenek gidatzen gaitu 40 urteko kronika honetan, eta ez da kasualitatea. Elkarte mugimenduaren atzean pertsona asko daude, gure eskubideen defentsan izugarrizko lana egin dutenak, eta gizarte eraldaketan izugarrizko eragina izan dutenak lau hamarkada hauetan. Mirenek pertsona guzti horiek ordezkatzen ditu», azaldu dute Malcorrak eta López de Etxezarretak.