Gaur8

Gipuzkoako hamar hondartza monitorizatzeko hitzarmena sinatu dute Aldundiak eta Aztik

Kosta System izeneko sistemaren bitartez, hondartzen bilakaeraren behaketa sakonduko da, adierazleen eta datuen denborazko serieen bitartez, zeintzuek klima aldaketak lurraldean duen inpaktua ebaluatzea ahalbidetuko baituten.

Sorosleak Donostiako Kontxa hondartzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Sorosleak Donostiako Kontxa hondartzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Azti teknologia zentroko zuzendari nagusi Rogelio Pozok bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu dute, astelehen honetan, hondartzen kudeaketa tresna espezifikoak aplikatzeko, Kosta System sistemaren kostaldeko bideometria aplikazioak abiapuntutzat hartuta. Horrela, foru erakundeak kudeatzen dituen hamar hondartzak monitorizatuko dira: Saturraran eta Ondarbeltz, Mutrikun; Deba; Itzurun eta Santiago, Zumaian; Gaztetape eta Malkorbe, Getarian; Zarautz; Antilla, Orion, eta Hondarribia.

Tresna horiei esker, hondartzen bilakaeraren behaketa sakonduko da, adierazleen eta datuen denborazko serieen bitartez; horiek klima aldaketak lurraldean duen inpaktua ebaluatzea ahalbidetuko dute. Asensiok gogorarazi duenez, «Gipuzkoako hondartzak lehen mailako ondare naturala dira. Kosta Sistema bezalako tresnak, haien babesa eta segurtasuna hobetzeko aukera emateaz gain, klima aldaketak gure kostaldean dituen eraginak ekiditeko neurriak hartzeko balio digu».

Hareatzen bilakaera behatu eta aztertzeak bat egiten du Gipuzkoako Klima Aldaketaren Aurkako Borroka Estrategiarekin (Gipuzkoa Klima 2050), planteamendu honetan: klima aldaketa hareatzen kudeaketan integratzea, eta itsas mailaren igoerak kostaldeko eremuetan duen eragina ebaluatzea.

Kosta System

Gipuzkoako Ingurumeneko Departamentua 2017. urtetik ari da garatzen Aztirekin batera Kosta System deritzon bideometria sare bat, kostaldean. Lehen kamera instalatu zen pilotaje modura, Zarautzen, 2017an; 2018an, zerbitzua hedatu zen Debako eta Hondarribiko hondartzetara, eta 2019an estazio bana instalatu zen sei hondartza hauetan: Saturraran, Mutrikun; Itzurun eta Santiago, Zumaian; Gaztetape eta Malkorbe, Getarian; eta Antilla, Orion. Halatan, Gipuzkoako itsasertz guztia dago monitorizatuta, eta horrek ahalbidetzen du datu zehatzak lortzea klima aldaketak gure kostan duen bilakaeraz eta eraginaz.

Bideomonitorizazioak aukera emango du erabiltzaileen dentsitateari buruzko informazioa lortzeko eta hondartzetako eguneroko asistentzia datuak kalkulatzeko. Era berean, korronte eta uhinen mapen azterketa optimizatuko da, bainatzaileentzat arrisku handiagoa duten bainu eremuak zehazteko. Hori erabilgarria da sorosleen zerbitzuak laguntzeko eta, horrela, bainatzaileen segurtasuna bermatzeko.

Halaber, bideomonitorizazio sistemari esker, erabiltzaile dentsitateari buruzko informazioa neurtzen jarraituko da, eta egunero hondartzetara joaten den jende kopuruari buruzko datuak zenbatetsiko dira. Era berean, korronte eta olatuen mapei buruzko azterketa optimizatuko da, zehazteko zein zonatan dagoen arrisku handiagoa bainularientzat.