GAUR8

Lezoko Udalak hiru laguntza-lerro zabaldu ditu Covid-19ak kolpatu dituenak laguntzeko

Nekazaritza, abeltzaintza, merkataritza, ostalaritza eta pertsonentzako zerbitzuen sektoreetan euren kontura lan egiten duten pertsona, autonomo edota mikro-enpresentzat dirulaguntzak, tokiko kontsumoa bultzatzeko “Lezo Bonua” eta ekonomia suspertzeko dirulaguntzak dira.

Laguntzen kartela
Laguntzen kartela

Koronabirusak sortutako konfinamendua eta alarma kolpe latza izan dira ekonomiarentzat. Negozio askok ateak itxi behar izan dituzte bi hilabetez eta datozen hilabeteetan ziurgabetasuna nagusi izango dela aurreikus daiteke. Egoera horren aurrean, Lezoko Udalak hiru laguntza-lerro zabaldu ditu, egoerak kolpatu dituen herritarren egoera samurtze aldera.

Lehen laguntza nekazaritza, abeltzaintza, merkataritza, ostalaritza eta pertsonentzako zerbitzuen sektoreetan euren kontura lan egiten duten pertsona, autonomo edota mikro-enpresei zuzenduta dago. Jarduerak eten behar izan duten edota beren fakturazioa apirilean %75 baino gehiago murriztu direnen kasua da. Jarduera mantendu dutenen kasuan, laguntza hau eskatu ahal izango dute 2019ko urritik 2020ko martxorako seihilekoan hileko batezbestekoarekin alderatuz, beren fakturazioa apirilean %50 eta %75 bitartean murriztu zaienek. Laguntza horiek 750 euro eta 1.500 euro bitartekoak izan daitezke.

Herrian erosteko laguntzak

Bigarren laguntza “Lezo bonua” deiturikoa da eta herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorean erosketa sustatzea du helburu, bertako langileei eta horien negozioei bultzada emateko. Hartara, Lezoko Udalak kanpainari atxikitako merkataritza-establezimenduetan erosketak egiteko diru-laguntzak emango ditu.

Azkenik, hirugarren laguntza-lerroa tokiko ekonomia suspertzera bideratuta dago, eta, horren baitan, diruz lagunduko dira merkataritza eta ostalaritza arloan COVID-19ak sortutako egoera eta errealitate berri horri aurre egiteko beharrezko inbertsioak, inbertsio horiek egiteko azterlanak edota ekipamenduen erosketa.

Eskabideak eta haien agiriak Udalari aurkeztu beharko zaizkio, erregistro elektronikoaren bidez edo aurrez aurre, enpresaren baimen sinatuarekin. Era berean, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira (www.covid19oarsoaldea.com). Epea ostiral honetan amaituko da, uztailaren 17an.