GAUR8

150 jarduera Gipuzkoako 40 udalerritan, Ondareari buruzko Europako Jardunaldietan

«Kontaiguzu Ondarea» izenburua du jardunaldien edizio berriak eta trasmisioaren garrantzia nabarmentzeaz gain bi ardatz nagusi izango ditu: ondarea eta hezkuntza. Egitaraua martxan dago eta 150 jarduera inguru aurreikusten ditu Gipuzkoako 40 udalerritan. Ordizian, esaterako, eskola ondareari begiratuko diote erakusketa baten bidez.

Ondareari buruzko Europako V. Jardunaldien aurkezpena. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Ondareari buruzko Europako V. Jardunaldien aurkezpena. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

“Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta hezkuntza” Europa mailako ekimenak 150 jarduera inguru eskainiko ditu Gipuzkoako 40 udalerritan. Edizio berri honetan aurreko urtean baino % 30 erakunde gehiagok parte hartu dute.

Mari Jose Telleria Foru Aldundiko Kultura zuzendariak aurkeztu du aurtengo egitaraua Leire Arandia D'Elikatuzeko zuzendariarekin, Rosa Errazkin Laboratorium Museoko arduradunarekin eta Luis Mokoroa Euskal Gastronomia Elkarteko bazkidearekin batera.

Programa formatu ezberdinetako ekitaldiek osatzen dute  eta Gipuzkoa Kulturaren webgunean dago eskuragarri. Irailean jarri da martxan eta azarora arte luzatuko da.

Telleriaren esanetan, aurten «gure ondarea ikustarazteko konpromisoa, ilusioa eta gogoa» handiagoak izan dira eta «erronka handi bat» parte hartzen duten eragile guztientzat, covid19aren pandemiak «eragindako murrizketak eta ziurgabetasunak direla eta».

Telleriak nabarmendu du jardueren edizio berriak arreta berezia jarri nahi duela trasmisioan, «ondarea kontatzea eta herritarrei azaltzea» ondarea kontserbatzeko eta gozatzeko. Era berean, «hezkuntza-erakundeek utzi diguten ondare material zein immaterialari balioa» ematearen garrantzia nabarmendu du.

Proposamen batzuek hezkuntza erakundeen ondarea aztertzen dutela aurreratu dute ekimenaren bultzatzaileek eta Ordiziako kasua aipatu dute. Bertako Udalak antolatuta, urriaren 1etik aurrera “Ordiziako irakaskuntzari begirada bat” izeneko erakusketa izango da D'Elikatuz zentroan. «Erakusketa honekin Ordizian XIX. mendearen amaieratik gaur egun arte egon diren ikastetxeak gogoratu nahi ditugu», azaldu du Arandiak.

Foru aldundiko ordezkariak nabarmendu du krisialdiaren erdian egon arren, aurten jardunaldien eskaintza «2019koa baino askoz handiagoa» dela eta «%30 erakunde gehiago» animatu direla antolatzaile gisa parte hartzera. Parte hartzaile berrien artean Euskal Gastronomia Kofradia dago.