GAUR8

Ipar Euskal Herriko egoeraren azterketa batek irabazi du Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika saria

«Ongi etorri. Euskaltzaletasuna sendotzeko ekosistema komunikatiboa» Igor Gorriren lanak irabazi du Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Saria. Ikerlanak Ipar Euskal Herriko testuinguru komunikatiboan «eskaintza atomizatua» gainditzeko «bide berri batzuk zabaltzeko» seinalatu dituen aukerak azpimarratu dituzte.

Eneko Gorri, Txillardegi-Hausnartu sarien irabazlea. (EHU).
Eneko Gorri, Txillardegi-Hausnartu sarien irabazlea. (EHU).

EHUko Euskara Errektoreorde Jon Zaratek eta Soziolinguistika Klusterreko lehendakari Mikel Irizarrek bideo batean iragarri dituzte Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien 2020ko edizioan garaile izan diren lanak. Lehenengo saria Igor Gorrik irabazi du, Ipar Euskal Herrirako ekosistema komunikatibo euskaltzalearen inguruko proposamenak biltzen dituen “Ongi etorri. Euskaltzaletasuna sendotzeko ekosistema komunikatiboa” lanari esker.

Epaimahaiaren esanetan, «sistematizazio lan aberatsa» egin du egileak, eta «ideia berriak eta ekarpen ugari jarri ditu mahai gainean». Gaineratu dutenez, lan sarituak, «hausnarketatik, eskaintza atomizatua gainditzeko eta Ipar Euskal Herrian bide berri batzuk zabaltzeko aukerak seinalatzen ditu».

Horrekin batera, etorkizunera begira planteatzen dituen galderak edota herritarren eskura hel daitezen euskaraz bizitzeko baliabideak hedatzeko egiten dituen proposamenak nabarmendu dituzte.

Jose Luis Zumetaren litografia eta 2.000 euroko saria jaso du Gorrik lehen sariarekin. Bigarren saria (1.300 euro) Garikoitz Goikoetxearen “Euskara Tolosaldean: kartografia bat” lanarentzat izan da.

Lan horretaz epaimahaiak goraipatu du «lan osoa» dela, «datuz eta erreferentziaz ondo hornitua», eta soziolinguistika kuantitatiboaren ikuspegi klasikoa erabili duela, «eskuragarri dauden datuen ustiaketa eta erabilera bikaina eginez».

Tolosaldea eta Yukatan

Ikerketaz azaldu dute Tolosaldeko 28 herrien testuinguruan «aldagai soziolinguistikoak eta bestelakoak» gurutzatu dituela, «joerak eta horien oinarriak zein diren jakiteko» eta aldaketa soziolinguistikoei buruzko iritziak eta ikuspegiak datuekin kontrastatu dituela.

Hirugarren saria (1.000 euro), Ainhoa Morón eta Beñat Garaiok aurkeztutako “Tokiko komunikabideak hizkuntza biziberritzeko eragile: Ipar Euskal Herriko eta Yukatan penintsulako hiru kasu-azterketa apreziatibo” izeneko lanarentzat izan da. Euskararen inguruko ikerketa soziolinguistikoan kanpoko erreferentziak baliatzea nabarmendu du epaimahaiak, «Txillardegiren izpirituaren bidetik».

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariak 2008an sortu zirenetik helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza izan da; baita euskal soziolinguistikaren ikerlarien lana bultzatu eta ikerlari berriak eremu honetara biltzea ere.

Lan irabazleen aurkezpenak Soziolinguistika Klusterraren webgunean izango dira ikusgai asteazken honetatik aurrera, www.soziolinguistika.eus/txillardegi-hausnartu estekean.