GAUR8

Covid garaiko hirigintzarako ildoak jasotzen dituen gida osatu dute Nafarroan

Pandemiarekin espazio publikoak eta etxebizitzak ikusteko begirada aldatu da, eta erronka eta beharrizan berriei erantzuten dien hirigintza eredu berri bat planteatzen ari da. Tafallan eta Artaxoan gaiari buruz egin ziren jardunaldietan oinarrituta, gida bat argitaratu du Nafarroako Gobernuak.

Mendillorriko ingurunea, irudian. (Idoia ZBALETA/FOKU)
Mendillorriko ingurunea, irudian. (Idoia ZBALETA/FOKU)

Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak Covid-19aren garaiko hirigintzak jarraitu beharko lituzkeen ildoei buruzko gida praktikoa osatu du.

Lana pasa den ekainean gaiari buruz Tafallan eta Artaxoan ospatu ziren jardunaldietan bildutako ondorioen emaitza da. Finean, aipatu dutenez, herri, hiri eta lurralde «jasangarriagoak eta zaintzaileak» sortzea da helburua, eta bide horretan, azterketa kolektibo hartan izan ziren ekarpenak eta ikuspegiak bildu dira, erronka eta beharrizan berriei erantzuten dien hirigintza eredu bat lantzeko.

Hausnarketaren bultzatzaileek azaldu dute 2020. urteak «norabide aldaketa garrantzitsua» ekarri duela «bizi garen inguruneen lehentasunei» dagokienez eta «diseinua ulertzeko moduari dagokionez», eta horien arabera hainbat eztabaida sortu direla hirigintzaren orainaren eta etorkizunaren gainean.

Nafarroako gida berriak udalek, erakunde publikoek, kolektiboek eta profesionalek jardunaldietan aurkeztu zituzten ekarpenak bildu dituela zehaztu dute, espazio publiko jasangarriagoak lortu eta pertsonak zentroan jartzen dituen hiri diseinu baten barruan.

Balio nagusiak

Hirigintzak eta lurralde antolamenduak aurrean dituen erronkak Hiri Agenda 2030aren barruan jasota daude eta lan berrian aurki daitezkeela gaineratu dute. Horien artean, erabilera eta beharrizan ezberdinei erantzuteko gai diren espazioen sorrera aipatzen da, baita berdintasuna, gizarte-kohesioa, irisgarritasuna eta eraikitako elementuetan naturaren integrazioa kontuan hartzen dituzten proiektuak ere.

Erronka horien inguruan eman zen hausnarketa kolektiboak zehaztutako ildotik, ingurune jasangarriagoak, erresilenteagoak, integratzaileagoak eta kohesionatuagoak sortzeko planteatu ziren ideiak berreskuratzen ditu lanak, eta era nabarmenean aipatzen du bertan bizi direnentzako espazio atseginagoak eta zaintzailegoak lortzearen beharra.