GAUR8

Gudarien kuartela izan zen eskola, kartzela zen txaleta… Galdakaok memoria-guneak seinalatu ditu

Hirigunetik irten gabe, Galdakaon badago 1936ko Gerran gudarien kuartela izan zen eskola, kartzela izan zen txaletaren istorioa… Puntu esanguratsu horiek informazio panelak izango dituzte, baina memoria berreskuratzeko ekimen gehiago dago martxan, esaterako Tximiolarren zegoen babeslekua egokitzen ari da Udala.

Gudari eta miliziano presoak, Inuntziagako txaletan frankistek egokitu zuten kartzelan. (Galdakaoko Udala)
Gudari eta miliziano presoak, Inuntziagako txaletan frankistek egokitu zuten kartzelan. (Galdakaoko Udala)

«Memoria historikoaren hiri ibilbidea» proiektuaren barruan, Galdakaoko Udalak 1936ko Gerran oso esanguratsuak izan ziren herriko bost gunetan plaka bana jarriko du, han gertatu zena gogoratu eta «herritarrek bere herriko historiaren berri izan dezaten».

Ohar batean azaldu duenez, Galdakaok zuen kokapenagatik (Bilbo ondoko udalerria da) eta zuen industriagatik, «gune estrategikoa» izan zen gerran. «Izan ere, Burdin Hesia gisara ezagutzen den Bilboko defentsa sistemaren parte» zela zehaztu dute, kolpisten tropen aurrean eraiki zen barrera hura gogora ekarriz.

Horregatik, hiriburuan seinaleztutako puntuetako bat Kurtzean zegoen «EAE-ANVren aginte postua» da. Puntu horren inguruan gogoratu dute «Euskal armada dibisioetan berrantolatu zenean» ezarri zela Galdakaon, eta «historialarien esanetan, Leon Asuaren eta Ellakuriaren etxeetan» egon zela, segur aski, egoitza nagusi hori.

Garaiko kroniken arabera, Joaquin Vidal Munarriz koronel nafarraren agindupean zegoen puntu hura. George L. Steer gerra korrespontsal britaniarrak kontatu zuenez, Vidal bere Galdakaoko txaleta bisitatu zuen eta, era berean, bertan Estatu Nagusiko burua zen Montaud eta Agirre lehendakaria bera ere izan ziren.

Zehaztutako beste puntu bat Gandasegiko eskolan egon zen kuartela da. Azkatasuna izena zuen EAE-ANVren 4. batailoia ezarri zen han, Euzko Gudarosteko ingeniarien 8. Batailoi gisa ere ezagutu zena. Gotortze lanak egitea zuen funtzio nagusia.

Fusilatuak eta bonbardaketa

Handik ez oso urrun Inuntziaga txaleteko kartzela zegoen. Tropa frankistek Galdakao hartu ondoren, Iturriondo plaza eta Juan Baustista Uriarte kaleen artean kokatuta zegon etxean egokitu zuten behin behineko kartzela eta aginte postua jartzeko.

Gerrako hainbat gertakari berreskuratuko dituzten panel horien artean, Plazakoetxeko tragedia gogoratuko duena ere badago.

«Aire bonbardaketarik odoltsuena» 1937ko maiatzaren 19koa izan zen. Plazakoetxen kokazten zen babeslekuaren aho batean jo zuen bonba batek, eta 16 pertsona hil zituen, guztiak emakumeak eta umeak», azaldu dutenez. Galdakaok 28 aire bonbardaketa jasan zituen, Xabier Irujo adituaren arabera.

Ekimenaren barruan Tximiolarreko babeslekua izan zeneko sarrera konpondu eta berreskuratzeko lanetan ari da Galdakoko Udala. Ez da herriak izan zuen bakarra, orduko Udalak hainbat babesleku eraiki baitzituen bonba bidezko erasoengandik gordetzeko. Panelak azaltzen du Tximiolarren zein Kurtzean 1.500 lagunentzako lekua zuten babesleku haiek nolakoak ziren.

Bost gune horiek biltzen dituen mapa interaktiboa jarri dute martxan Udalaren webgunean, horretarako espresuki sortutako banerrean klikatuta. Horren barruan Burdin Hesian zehar dauden ibilbideen berri ere ematen da, eta laster Altamira inguruko bidea seinaleztatzeaz gain Bekea eta Bekelarrekoa ere markatuko dela aurreratu dute.

Omenaldi ekitaldia 19an

Udal Gobernuaren asmoen artean badago gudari zein milizianoen gorpuzkiak desobiratzeko urratsak egiten jarraiztea. Aurten, gainera, maiatzaren 19an Galdakao bonbardatu zeneko urteurrenean omenaldia egingo zaie hildakoen senideei. Egun horretarako Tximiolarreko babeslekuko lanak bukatuta egongo dira eta lehen ikustaldia senideekin egingo dela aurreratu dute.

Memoria berrekuratzeko asmoen inguruan, Gogora institutuarekin izandako elkarlana nabarmendu du Udalak. «Orain arteko urte guztietan egindako lana eskertu» dio Iñigo Hernando alkateak.