GAUR8

Buru osasunarentzat baliabideak eta errespetua eskatu ditu Fedeafesek

Maria Angeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidenteak Sareen Saria jaso du «buru osasunaren alde erakutsitako konpromisoagatik». Inbertsioa eta errespetua eskatzearekin batera, gogoratu du baliabiderik ez zegoenean «familiak Administrazioaren aurretik» joan direla laguntza eskainiz.

Maria Angeles Arbaizagoitia Iñigo Urkullu lehenadariaren ondoan, Sareen Saria jasotzeko ekitaldian. (Fedeafes)
Maria Angeles Arbaizagoitia Iñigo Urkullu lehenadariaren ondoan, Sareen Saria jasotzeko ekitaldian. (Fedeafes)

Aurtengo Sareen Saria Maria Angeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidentearentzat izan da, «urte luzez buru osasunaren alde erakutsitako konpromisoa» aitortzeko.

Buru osasuneko arazoak dituzten pertsona eta senideen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteen federazioa da Fedeafes, eta Arbaizagoitiak 30 urte baino gehiago daramatza bertan boluntario gisa lanean.

Saria jasotzean buru osasunerako baliabide eta inbertsio gehiago eskatu du, «giza eskubideen errespetua eta pertsonen bizitza autonomoaren sustapena kontuan hartuta».

Ekitaldia asteazken honetan izan da, hilaren 12an, Hirugarren Sektoreko Sozialeko Egunaren ospakizunarekin bat eginez.

Bertan nabarmendu dituzte ibilbide «luze eta oparoa» daukan Arbaizaigoitiak buruko osasunaren esparruan eraiki dituen «erantzun kolektiboak».

Saria eskertuta, Arbaizagoitiak «buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzako baliabideetan gehiago inbertitzeko» eskaera egin du, eta «giza eskubideen errespetua eta pertsonen bizitza autonomoaren sustapena» kontuan hartzeko beharra plazaratu du.

Inbertsioa eta errespetua eskatzearekin batera, gogoratu du baliabiderik ez zegoenean «familiak Administrazioaren aurretik» joan direla laguntza eskainiz. «Familiak Administrazioaren aurretik joan gara, baliabiderik ez zegoenean laguntza eskainiz, eta beti boluntariotzatik. Erakunde publikoek eskaintzen ez zituzten baliabideak sortu genituen eta erantzukizun publikoko zerbitzuak dira egun», gogoratu du Agifes (Gipuzkoa), Asafes (Araba), Asasam (Aiaraldea) eta Avifes (Bizkaia) elkarteak bateratzen dituen federazioko arduradunak.

Semea gaixotzearekin batera

Bere ibilbideari buruz gogoratu du Txomin semea gaixotzearekin batera hasi zela buru osasunaren inguruko elkarteen mugimenduan. Duela 30 urte kolpe gogor bat jasan behar izan zuen, semeak buruaz beste egin zuenean, baina horrek lanean buru-belarri jarraitzeko erabakia hartzera eraman zuela kontatu du.

«Bidegabekeria izugarria sentitu nuen buru osasuneko arazoa zuten pertsonak alboratzen zirela ikustean. Bakardadera bultzatzen ziren, bizi-proiektu duinik izateko itxaropen guztiak ezabatuta», gogoratu du.

«Egoera horri eta baliabide faltari aurre egiteko, semearen heriotzaren ostean ere pertsona hauen alde lanean jarraitzeko erabakia hartu nuen, buru nahasmendua dutenentzako arreta egokia aldarrikatzeko», azaldu du.