GAUR8

Itsasoko plastikoen tratamenduarekin lotutako jarduera ekonomiko eta lanpostu berriak aztertu dituzte

Itsasoko eta ibaiko plastikoen tratamenduaren inguruan egon daitezkeen negozio aukerei eta lanpostuei buruzko azterlana aurkeztu dute ostital honetan Bilbon. Mondragon Unibertsitateko MIK da ikerketaren egileetako bat eta 14 egitasmo identifikatu ditu «gorabidean doan sektore» batean. Lakuako Gobernuak «ekonomia urdinean» sakontzeko asmoa azaldu du.

Kalkulatzen da urtean itsasoan bukatzen duela 12 milioi tona plastikok. (Ecofish)
Kalkulatzen da urtean itsasoan bukatzen duela 12 milioi tona plastikok. (Ecofish)

Mondragon Unibertsitateko Enpresak Kudeatzeko Zentroak (MIK) itsasoko plastikoen tratamentua oinarri duten jarduera ekonomikoak eta enplegu berriak sortzeko egon daitezkeen aukerei buruzko azterlan bat aurkeztu du ostiral honetan.

Ikerketak 14 enpresa-proiektu identifikatu ditu «gorabidean dagoen sektore honetan».

Gogoratu dutenez, urtean material plastikoen ekoizpena munduan 248 milioi tonatik gorakoa da. Kalkulatzen da horietatik 12 milioi tona itsasora doazela. Euskal kostaldean, zehaztu dutenez, 50.000 tona baino gehiago dago.

Egoeraren aurrean, bi itsas elkartek, Getariako Itsasplanetek eta Pasaiako Itsasgelak, Ecofish proiektua sortu zuten 2013an, isurien inguruan sentsibilizatzeko eta itsasoak garbitzeko berreskuratze-estrategia berri bat garatzeko, «ekonomia urdina» kontzeptu berriari lotutako sektore sozioekonomiko berri bat aktibatuz.

Aipatutako elkarteez gain, Ecofish azterlanean Mondragon Unbertsitateko MIKek, Lakuako Gobernuak, URA euskal agentziak eta HAZI fundazioak hartzen dute parte.

Nabarmendu dutenez, datuek baieztatzen dute hazten ari den sektore bat dela. Aipatutakoaren arabera, NBEren azterlan batek ondorioztatu du ekonomia urdinak dagoeneko 3.000 milioi lanpostu baino gehiago sortu dituela, munduko BPGren %5 dena.

Testuinguru horretan, Lakuako Arrantza eta Ingurumen Sailek elkarrekin finantzatu dute MIKek 2020an egin zuen “Itsasoko eta ibaietako Plastikoko Negozio Aukeren Azterlana”. Lehen fasearen emaitzak gaur aurketu dira Bilbao Berrikuntza Faktoria campusean ospatutako ekitaldian.

EAEn «abangoardian» kokatzeko baldintzak

Ikerketaren arabera, EAEn ekonomia urdinaren «abangoardian« kokatzeko baldintzak daude, «lehengai ugari» dagoelako eta industrian eta teknologian duen «potentziala» kontuan hartuta.

MIKek aurreratu du Ecofish proiektua 30 enpresa eta ekintzailerekin harremanetan dagoela, negozio lerro berriak bultzatu eta oinarri teknologikoko enpresa eta lanpostu berriak sortzeko.

Ekitaldian, Amaia Barredo Lakuako Gobernuko Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak hartu du parte hainbat enpresa eta erakunderekin batera.

Nabarmendu duenez, garrantzitsua da «Ecofish bezalako proiektuetan parte hartzea, ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan aurrera eginez eta sakonduz», gizartea «itsasoko eta ibaiko kutsadura arintzeko soluzioen bilakaeran inplikatzeko».

Barredok gogoratu du Lakua hartzen ari den gainerako neurriekin lerrokatuta dagoela asmoa, «itsas ingurunean dauden hondakinak berreskuratzea eta berrerabiltzea jarduera erakargarria izan dadin negozio-eredu eta enplegu-eredu gisa».

Aurreratu du, bestalde, 2030erako Hondakinen Plan berrian Gobernua hainbat neurri eta ekintza planifikatzen ari dela, eta zehaztu du horien artean itsasoko eta ibaiertzeko kutsadura monitorizatzeko sistema bat ezartzea edo itsasotik eta kostaldetik berreskuratutako plastikoen birziklapena aztertzea daudela.