GAUR8

Getxotik Arroxelaraino, 190 milia eta 900 kilometro, Europari ELAren ikerketa bultza dezala eskatzeko

Bizkaiko Zubitik abiatuko da ostiral honetan ELA gaixotasunaren ikerketaren aldeko konpromisoen esakera daraman belaontzia. Jaime Lafita dago erronkaren buruan. 190 milia egin behar ditu Arroxelariano, eta handik beste 900 kilometro inguru bizikletaz, mezua Europako instituzioetako ordezkariei helarazteko.

Lafita
Jaime Lafita, irudian erdian, desafioa aurkezteko prentsaurrekoan.

Jaime Lafita bizkaitarrak 190 milia egingo ditu belaontziz, eta beste 900 kilometro tandem-bizikleta batean, ELA gaixotasunarentzako babes handiagoren eskaera Bruselaraino eramateko.

ELAko gaixoa da Lafita eta erronka honen aurretik, 2020an Teidera igo zen. Astearte honetan, erronka aurkezteko agerraldian azaldu duenez, «ELA neurona motorra kaltetzen duen gaixotasuna da, baina horren gainetik argi utzi nahi dugu neurona motorraren kalteak ez duela eragozten gozatzea eta erronka berriak lortzen jarraitzea».

“BrusELA Erronka” deitu diote ostiral honetan abian jarriko duten erronkari. Lafitak DalecandELA, Dar Dar eta Saca la lengua a la ELA elkarteak ditu ondoan, eta mendirik garaienen igoerak biltzen dituen “ELAren aurkako borrokaren 5 garrasiak” deritzon ekimenari lotuta dago.
Bruselako hau laugarrena da, baina aurretik ELAntartika, TeidELA eta UrrELA izan dira.

Motorrik gabe

Erronkak bi etapa nagusi ditu: lehena 190 miliako zeharkaldia da, bi egunetan Getxoko portua Estatu frantseseko Arroxela hiriko portuarekin lotzeko. Handik, 900 kilometro inguruko ibilbidea egin behar izango du tandem-bizikleta batean Bruselara heltzeko.

Helmugan beste zeregin nagusi bat du Lafitak. Europako Parlamentuaren plazan, ELAren aurkako Borrokaren nazioarteko Eguna ospatzen den egunean bertan, hilaren 21ean, gaixotasunaren inguruko ikerketaren aldeko konpromiso handiago bat eskatzen duen manifestua irakurriko du.

Azaldu duenez, helburua ez da bakarrik mezua helaraztea, «egiteko modua ere nabarmendu nahi dugu, motorraren laguntzarik ez duten lokomozio-bitartekoak erabiliz, itsasoan zein lehorrean».

Espedizioaren antolatzaileek eta Lafitaren ondoan egongo direnek ez dute motordun ibilgailurik erabiliko beste mezu bat plazaratu nahi dutelako: «frogatuko dute motorra kaltetua egon arren, bizi eta goza daitekeela eta balentria handiak lor daitezkeela».

Haisera, Bizkaiko Zubian

Erronkaren hasiera ostiralean, arratsaldeko 15.00etan finkatu dute Jaime Lafitaren etxean bertan. Handik bizikletaz hurbilduko da Getxon kokatuta dagoen Abrako Itsas Klubera.

Bertan espedizioa agurtzeko ekitaldi txiki bat egongo dela aurreratu dute, eta ondoren bederatzi belaontziz osatutako espedizioa Bizkaiko Zubiraino abiatuko dira. Erronkaren hasiera ofiziala, beraz, Bizkaiko Zubian, Portugaleten, izango da, 18.00etan.