GAUR8

“Euskal Herria Digitala, Ziberburujabetzara bidean” jardunaldiak Errenterian, urriaren 15ean

Azken hamarkadetako garapen teknologikoak demokrazian, lan munduan, hezkuntzan eta humanitatean izan dezakeen eraginari buruz hausnartzeko jardunaldiak antolatu dituzte IPES, OLATUKOOP, TEKS, IPAR-HEGOA, MANU ROBLES ARANGIZ eta IRATZAR fundazioek, urriaren 15ean Errenteriako Lekuona aretoan; “Euskal Herria Digitala, Ziberburujabetzara bidean”.

«Euskal Herria digitala» hausnarketarao manifestua (GAUR8)
«Euskal Herria digitala» hausnarketarao manifestua (GAUR8)

Joan den ekainaren 16an, IPES, OLATUKOOP, TEKS, IPAR-HEGOA, MANU ROBLES ARANGIZ eta IRATZAR Fundazioek teknologiaren garapen ikaragarriaren gaineko hausnarketa proposatu zuten manifestu batean. Manifestu hura abiapuntua baino ez zela iragarri zuten, eta bertan proposatutakoa garatzeko lehen urratsa iragarri dute datorren ostiralerako, Errenteriako Lekuona aretoan.

«Azken hamarkadetan bizkortu egin dira sistema kapitalistaren egiturazko zenbait fenomeno, finantza-globalizazioa, lanaren prekarizazioa, demokraziaren pribatizazioa, berotze globala... Testuinguru horretan gainera, jauzi kualitatibo bat gertatu da garapen teknologikoan» gogorarazi dute. Bilakaera hori elite finantzarioaren aldekoa baino izan ez dadin, jendartearen zerbitzura jartzeko, uste dute digitalizazioaren egungo estadioaren inguruko eztabaida publikoa hasteko unea dela.

Horiek horrela, garapen teknologiko horrek demokrazian, lan munduan, hezkuntzan eta humanitatean izan dezakeen eraginari buruz hausnartzeko, urriaren 15ean, ostirala, arratsaldeko 16:00etan, Errenteriako Lekuona aretoan “Euskal Herria Digitala, Ziberburujabetzara bidean” jardunaldiak antolatu dituzte.

Egitaraua

Hiru orduko egitaratua prestatu dute. 16:00etan hasiko dira “Euskal Herria digitala” manifestuaren aurkezpenarekin. Horretaz arduratuko dira Gorka Julio (Talaios Koop) eta Idoia Zengotitabengoa (Iratzar Fundazioa) sustatzaile guztien izenean.

16:30ean zenbait esku hartze izango dira: Ekaitz Cancela ikertzaile eta saiogileak “Salidas políticas al capitalismo digital” izango du gai. Cecilia Bayo Eskolen demokratizazio digitalerako Xnet-ekin bat egindako guraso taldekoak, berriz, “Privacidad de datos y digitalización democrática de los centros educativos: El plan piloto de Xnet como iniciativa de la sociedad civil organizada”. Azkenik, “Teks elkartearen aurkezpena: Teknologia libreak. Sortu, sustatu eta saretu” jorratuko du Jaione Martinez Skura kooperatibakoa eta Teks elkarteko kideak.

17:30ean lan taldeak bilduko dira digitalizazioa arestian aipatutako lau esparruetan izan dezakeen eragina aztertzeko.

Jardunaldiak amaitzeko, 18:30ean, lan taldeetako ondorioen berri emango dute.

Parte hartzeko izena eman nahi duenak helbide honetara jo dezake: https://euskalherriadigitala.eus/