GAUR8

Elia itzultzaileak bi milioi bisita baino gehiago eta %40 erabiltzaile gehiago izan ditu azken urtean

Elia Elhuyarren itzultzaile automatiko eleaniztunaren erabilera nabarmen igo da azken urtean. Bi milioi bisita baino gehiago izan ditu, eta 600.000 erabiltzaile, %40 gehiago. Gaztelaniatik euskarara itzulpenak izan dira gehien erabili direnak.

Mugikorrentzako aplikazioan Elia itzultzailearen erabilera erakusten duen irudia. (Elhuyar)
Mugikorrentzako aplikazioan Elia itzultzailearen erabilera erakusten duen irudia. (Elhuyar)

Elia Elhuyarren itzultzaile automatiko neuronalak azken urtean jasotako datuak partekatu ditu, tresnaren erabilerak izan duen gorakada nabarmenduz, erabiltzaile kopurua %40 igo baita.

Bi urte bete dituen itzultzaile automatiko eleaniztunak nabarmen hobetu ditu 2020eko datuak. Bi milioi bisita baino gehiago izan du 2021ean eta 600.0000 erabiltzailek baliatu dute iazko azarotik.

Zabaldutako datuen arabera, 600 milioi hitz baino gehiago itzuli ditu sistemak, eta azken urtean izandako bi milioi bisita horiek %30eko igoera suposatzen dute.

Elhuyar Fundazioak gogoratu du adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako punta-puntako teknologian oinarrituta dagoen tresnak sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egite dituela: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa.

Eskatutako itzulpenei begiratuta, gaztelaniatik euskarara izan da gehien erabili dena.

Erabiltzaile gisa erregistratu beharrik gabe

Elia itzultzaileak, gainera, testu formatu ezberdinak onartzen ditu. Atal honetan, nabarmendu dute testu laburrak ‘kutxan’ bertan kopiatuta egiten duela itzulpena, doan, erabiltzaile gisa erregistratu beharrik gabe.

Hala ere, erregistratutako erabiltzaileek aukera gehiago dituzte, zehaztu dutenez. «Batetik, hitz gehiago itzul daiteke aldiko testu-kutxa erabiliz (erregistratu gabe, 100 hitz aldiko; erregistratuta, 500 hitz aldiko)» eta, gainera, «dokumentu formatudunak osorik itzul ditzake, formatua errespetatuz».

Mugikorreko aplikazioa da itzultzaileak eskaintzen duen beste aukera bat, testua aplikazioan bertan idatzi beharrik gabe. «Edozer irakurtzen ari garela, testua aukeratu, kopiatzeko botoia sakatu eta Elia agertuko zaigu aukeren artean; haren gainean klik eginda, zuzenean eramango gaitu berak aplikaziora, eta dagokion testu kutxan idatzita agertuko da kopiatu dugun testua», argitu dute.

Smartphonetarako aplikazioak, gainera, argazkietako testua itzultzeko aukera ere ematen duela gogoratu dute. Kasu horretan, nahikoa a aplikazioa ireki eta mugikorra irudiaren parea jartzea, irudiko testua detektatu eta itzuliko duelako.

Itzultzailea elia.eus webgunean erabil daiteke.