GAUR8

Pisua kalkulatzeko zinta metriko bat, larrialdietan bizitzak salbatzen laguntzeko

Pisua jakitea beharrezkoa da sendagien dosiak kalkulatzeko, baina hainbat larrialdi egoeratan, batez ere adingabeen kasuan, zaila da informazio hori izatea, eta «garrantzitsua da, bizirik jarraitzea edo hiltzea baldintzatu baitezake». Egoera horiei begira, pisua kalkulatzeko zinta metriko bat garatu dute EHUko ikertzaileek.

Irudian, Sendoa Ballesteros, proiektuaren koordinatzailea.
Irudian, Sendoa Ballesteros, proiektuaren koordinatzailea. (Fernando Gomez | EHU)

EHUko Erizaintza Kliniko eta Osasun Komunitarioa ikertaldeak pazienteen pisua kalkulatzen duen zinta metriko bat garatu dute. Horren erabilera zenbait larrialdi egoeratan sendagaien dosiak kalkulatzeko sor daitezkeen zailtasunekin lotuta dago, batez ere adingabeen kasuan, istripu bat izan eta gurasoak ondoan ez daudenean edota baskula erabiltzeko aukerarik ez dagoenean.

«Orain arte, adingabe bat anbulantzian iristen zenean, taldeak erreferentziarik ez bazuen gutxi gorabehera kalkulatu behar zuen haren pisua eta horrek arazo asko eragin zitzakeen zer sendagai dosi eman behar zitzaion edo zer neurritako tresnak erabili behar ziren erabakitzekotan», azaldu dute ikertzaileek.

Erantsi dutenez, osasungintzako profesionalek estimazio bisualarekin egin behar izaten dituzte kalkuluak, baina «akatsak egiteko arriskua oso handia da».

‘Bilbao 2019 Zinta’ izena duen tresna berriarekin, «erabakiak subjektiboki hartu beharrean, modu estandarizatuan» izateko aukera dute profesionalek, gutxi gorabeherako parametroetan kalkulatuko pisuaren arabera.

Zinta koloreen arabera antolatuta dago eta kolore bakoitza «larrialdietako poltsetako materialak sailkatzeko kode batekin lotuta daude. Horrela, pazientearen pisurako egokiak diren sendagaiak edo tresnak eskuratu daitezke, eta hori larrialdi egoeratan erabakigarria izan daiteke», azaldu dute proiektua garatu duten ikerlariek.

Testuingurura egokituta

Esan dutenez, munduko beste leku batzuetan zinta sistema horiek erabiltzen dituzte, «baina zenbait faktorek –adibidez, elikadura, kultura mota edo etnia– munduko gorpuzkera motak eremu geografikoaren arabera bereizten dituzte». Estatu espainoleko populazioa aztertu ondoren, ikertaldeak ikusi zuen horietako «bakar batek» ere ez zuela funtzionatzen, ez zeudelako testuingurura egokituta.

Iraia Isasi, Elixabete Aramendi, Gorka Vallejo, Irrintzi Fernandez eta Sendoa Ballesterosek hartu dute parte proiektuan, Erizaintza eta Ingeniaritza Biomedikoko disziplina arteko taldean.

Tresna berriaren inguruan, Ballesterosek adierazi du zinta aplikagarria dela Mediterraneo eremuko gainerako herrialdeetan, «gurearen antzeko testuinguru antropometriko eta soziokulturala dutelako», baina beste parametro batzuetara egokitzeko aukera eskaintzen duela.