GAUR8

Hegazti Migratzaileen Egunak hainbat jarduera ekarriko ditu Urdaibaira

Hegazti Migratzaileen Egunaren harira hainbat jarduera izango dira astean zehar Urdaibai Bird Centerren. Behaketak, hegaztien kantuei buruzko saioak eta eraztunketak antolatu dituzte, eta aurten argi-kutsaduraren eraginen gaineko kontzientziazioa landuko dute. 

Urdaibaiko paduretara heldu den arrano arrantzale berri bat behaketen «izarretako bat» izango da.
Urdaibaiko paduretara heldu den arrano arrantzale berri bat behaketen «izarretako bat» izango da. (Urdaibai Bird Center)

Urdaibai Bird Centerrek hainbat jarduera antolatu du egunotan, maiatzaren 10ean mundu mailan ospatzen den Hegazti Migratzaileen Egunaren harira. Protagonista nagusiak hegaztiak dira, baina migrazioak eta pertsonekin dituzten loturak aurtengo ospakizunen ardatz nagusietako bi izango dira, eta testuinguru horretan, argi-kutsadurak hegazti migratzaileengan duen eragina jorratuko da.

Ostegunean bertan, nazioarteko egunarekin bat eginez, zuzeneko emanaldi bat antolatu dute hegaztien behatokiak. Saioa goiz goizean hasiko da, 6.00etan, hain zuzen ere, eta aurreratu dutenez, «kantuz betetako egunsentiaz gozatzeko» parada bikaina izango da. Helburua da «hegaztien soinu eta kantuak zuzenean entzuten ikastea».

Ostiralean, inguruko herrietako ikasleen parte hartzea izango duen jarduera burutuko dute. Muxikako Urretxindorra eta Gautegiz-Arteagako herri eskoletako ikasleek ikasturtean zehar mokozabalaren inguruan egin landutakoa erakutsiko dute.

Igandean, bestalde, eraztunketa zientifikoari dedikatutako eguna izango da. Goizean zehar, 10.30ean eta 11.30ean, zentroko adituek prozesua egiten erakutsiko dute. Saio hauek edukiera mugatukoak izango dira, beraz aurretik izena ematea da gomendioa, Urdabai Bird Centerreko telefonora deituz.

Parte hartzaileek hegaztien behaketa egin ahal izango dute zentroan bertan eta Gautegiz-Arteagako paduran egokitutako zenbait puntuetan. Ospakizuna udaberriko migrazioarekin bat egiten duenez, Europako iparraldeko hazkuntza-eremuetara migratzen ari diren hegazti ugari ikusteko aukera izango dela zehaztu dute.

Behaketa horietan, gainera, duela egun batzuk Urdaibaira heldutako arrano arrantzalea izango da «eguneko izarra». Horrez gain, aurten ospakizunean jorratu nahi den gai nagusia argi-kutsadura denez, horren eraginen inguruko kontzientziazioan sakonduko dute zentroko ikertzaileek.

Argi-kutsaduraren eraginak

Argi-kutsadurak hegaztiengan dituen ondorioen inguruan, portaeran izan ditzakeen eraginez ohartarazi du dibulgazio zentroak, migrazioan, elikagai-bilketan eta kantuzko komunikazioan sortzen dituen arazoak nabarmentzeko. Azaldu dutenez, «neurri handi batean hegaztien jarduera-mailari eragiten dio, harrapatuak izateko eta talka hilgarria izateko arriskuan» jartzen baititu.

Zentroak gogoratu du, era berean, «hegazti migratzaileak baliabide bat direla gure gazteek inguratzen dituen naturaren eskutik beren etorkizuna eraiki ahal dezaten».