GAUR8

Kuantikako ikastegi propioa sortu du EHUk, fisikaren adar horren ezagutza bultzatzeko

EHUko Kuantikako ikastegia aurkeztu dute gaur Bizkaia Aretoan. Azaldu dutenez, lehenengo iraultzak egungo laserrak, GPSa, transistorea edota mugikor eta ordenagailuen atzean dagoen teknologia ekarri zuen, orain Bigarren Iraultza Kuantikora begira jarrita dago ikastegi berria, hainbat aplikazio dituen ikerkuntzan zentratuta.

EHU Quantum Center Kuantikako ikastegi berriaren aurkezpena, irudian.
EHU Quantum Center Kuantikako ikastegi berriaren aurkezpena, irudian. (EHU)

Kuantikarekin lotutako aplikazio berrien gaineko oinarrizko ikerketa eta ikertzaileen prestakuntza eta ezagutza bultzatzea da EHUko Kuantikako Ikastegi berriaren helburua. EHU Quantum Center du izena eta unibertsitateko sei ikastegi, hiru campus eta zortzi sailetako 83 ikertzailerekin jaio da. Ikastegi berriaren langileen %65 iraunkorrak izango dira, eta %75 doktoreak.

Natura eskala mikroskopikoan, sistema atomikoak, subatomikoak eta erradiazio elektromagnetikoarekin eta beste indar batzuekin dituzten elkarreraginak aztertzen dituen Fisikaren adarra da Kuantika, eta gaur egun erabiltzen ditugun hainbat aplikazioren atzean dagoela azpimarratu dute, mugikorrak edo ordenagailuak kasu, baina baita aplikazio medikoetan ere.

Kuantikako berezko ikastegi bat sortu duen Estatuko lehen unibertsitatea da EHU, eta ez da ezagutza eremu berria. Bizkaia Aretoan ospatu den jarduanldian izan da ikastegi berriaren aurkezpena, eta Zientzia eta Teknologia Kuantikoen ikerketan EAEko unibertsitateak izan duen «ibilbide luzea eta bizia» gogoratu dute.

Orain, asmoa da bide horretan sakontzea, «ikertzaileen eta gaitasunen metaketa» ahalbidetzea eta «ikerketako, prestakuntzako eta transferentziako elkarrekintzak» garatzea. «Finantziazio egokia izanez gero, bere ingurune sozioekonomiko hurbilean eragin dezake eta ingurune hori presta dezake Bigarren Iraultza Kuantikoak planteatzen dituen erronka handietarako», azaldu dutenez. Agertoki horren aurrean, «fenomeno eta sistema kuantikoak aurkitzea eta aztertzea» da ikastegi berriaren helburu nagusietako bat.

Funtsezko erreferente bat bihurtu

«Zentro horren sorrerarekin gure unibertsitatea funtsezko erreferente bihurtu da Euskadiko zientzia eta teknologia kuantikoaren garapenean eta aurrerapenean», adierazi du Eva Ferreira errektoreak. Nabarmendu du, halaber, eskaeraren arabera indartzeko izango duen ahalmena, eta aipatu du arreta jendartearen intereseko alderdietan jarriko duela, «hala nola teknologia berrien energia kontsumoan eta horien jasangarritasunean».

«Zientziaren, ekonomiaren, gizartearen eta politikaren arloetan itxaropen handiak daude sistema kuantikoen kontrolean aurrera egitearekin, eta lorpen horiek izan ditzaketen balizko aplikazioekin», esan du Gonzalo Muga ikastegiaren zuzendariak.

Jokin Bildarratz Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak ahaleginen eta helburuen koordinazioak duen garrantzia azpimarratu du. «Ikerbasqueko, EHUko eta Euskadiko gainerako eragileetako ikertzaileek elkarlanean jarraitu behar dute, nazioarteko komunitate zientifikoak polo indartsu eta fidagarri gisa ikus gaitzan. EHUk helburu horretan emandako pausoa txalogarria da», adierazi du.