GAUR8

27.000 lagun baino gehiagorengana iritsi da Leioako Umore Azoka

27.000 persona baino gehiago bildu ditu Leioako Umore Azokaren 22. edizioak asteburuan zehar eskainitako 90 antzezpenetan. Antolatzailek nabarmendu dutenez, azokak publikoarentzat eta konpainientzat duen garrantzia baieztatu da, eguraldia ere lagun izan duen edizio honetan.

Leioako Umore Azokaren 22. edizioaren aurkezpena, irudian.
Leioako Umore Azokaren 22. edizioaren aurkezpena, irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Pandemiak baldintzatutako azken bi edizioen ostean, kale ikuskizunen magia berreskuratzea izan da bukatu berri den Leioako Umore Azokaren helburu nagusietako bat, eta erronkak erantzun aparta izan du adin guztietako publikoaren artean. Udal Gobernuak emandako datuen arabera, 27.000 pertsona baino gehiago bildu dituzte ostegun eta igande bitarteko ikuskizun ezberdinek.

Azken edizioak 90 emanaldi eraman ditu kaleetara, eta horien ondoan azokak arloari buruzko hainbat hitzordu izan ditu. «Arrakasta izugarri handia da, eta horrek azken bi urteetako gorabeheren ondoren Umore Azokaz gozatzeko gogoa zegoela erakusten du», adierazi dute antolatzaileek.

Arte eszenikoen indarra erakutsi duen edizio honetan, publikoaren artean adinari dagokionez izandako aniztasuna ere nabarmendu dute. «Publikoak emanaldietako gune guztiak bete ditu, eta familiak, gazteen taldeak, adinekoak eta adin ertaineko ikusleak bertaratu» direla zehaztu dute.

40 konpainia

Aipatu dutenez, publikoaren harrera ezin hobea izan dute formatu eta genero guztietako ikuskizunek, eta eguraldia ere lagun izan du azokak. Azken edizio honen datuak errepasatuz, gogoratu dute 90 emanaldi eskaini direla 18 gune eszenikotan, eta 40 konpainien parte hartzea izan duela. Konpainien artean, 19 euskaldunak izan dira, beste 16 Estatukoak eta bost nazioartekoak.

Sarien atalean, bestalde, Orain Biren “Mute” antzezlanak euskal ikuskizunik onenaren saria jaso du; Turca Circus andaluziarren “Sopla” munduko ikuskizunik onenari emandakoa eta epai-mahaiak Aipamen Berezia egin dio Maitane Sarralderi “Desªnuda” lanagatik.