GAUR8

Animazio lan bat eta familian grabatutako bat, On Zientzia lehiaketako saridunen artean

On Zientzia bideo lehiaketak baditu irabazleak: argiztapenaren inguruko lan bat eta familian sortutako “Iruzurra”, animaziokoak biak, inoizko lan gehien jaso duen edizioan.

On Zientzia bideo lehiaketaren saridunak, irudian.
On Zientzia bideo lehiaketaren saridunak, irudian. (Elhuyar)

On Zientzia bideo lehiaketaren azken edizioak oparitutako lanen artean, animazio lan batek eta familian elkarlanean grabatutako beste batek eskuratu dituzte sari nagusiak. Azken edizio honen kronikari begira, lau ardatz izan dira: lan asko, genero asko, jatorri askokoak eta hiru hizkuntza (euskara, gaztelania eta ingelesa).

Aurten, inoiz baino lan gehiago izan ditu Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) urtero antolatzen duten ekimenak.

Bideoen artean, genero asko aurkitu dute antolatzaileek, eta ez Euskal Herrian eginak bakarrik, hainbat herrialdeetatik heldutako lanak jaso baitira; tartean, Kolonbiatik, Mexikotik edota Argentinatik.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak lehiaketaren webgunean daude ikusgai: www.onzientzia.tv.

Bideo onenaren saria “Argiztapen artifizial… naturala?” lanarentzat izan da. Alain Sorazu, Alfredo Rodriguez, Kimberlyn Fonseca Perez eta Morgane Goyens egileek osatzen duten Lanius Animatics ilustrazio zientifikoko taldeak irabazi du.

Epaimahaiak «teknika ezberdinak oso ongi integratzen dituen animazio lan bikaina» dela adierazi du.

Euskarazko bideo onenaren saria Joseba Zabalarentzat  eta Aitziber Zurutuzarentzat izan da familian grabatutako “Iruzurra” lanagatik. Epaimahaikideen arabera, «erabilitako animazio teknika oso ona da», eta «eskuz egindako lanaren eta edizio digitalen konbinazio bikaina» du bideoak.

Mutiloara joan da Gazte Saria

Gazte Saria Mutiloako Luis Amigo ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako ikasleek jaso dute “El no Nobel de Rosalind Franklin” bideoagatik. Lanari dagokionez, irudimen handia, umorea, talde lana eta baliabide propioen erabilera izan dira epaimahaiak nabarmendutako alderdiak.

Bi aipamen berezi izan dira, bestalde, Nuria Gordillo Garcia Fisikan doktoreak eta ikertzaileak “Particulas celtiberas” ikus-entzunezko «teknikoki bikaina»-gatik eta gidoia eta historia originalengatik; eta Tatiana Cazorla Cabezas eta Esteban Melchor Gomez-Gordo astrofisikarientzat, “¿De qué están hechas las estrellas?” «dibulgazio-lan indartsuagatik».

Publikoaren saria “La droga del siglo XXI” bideoak eskuratu du, Asturiasko Doña JImena ikastetxeko DBH 2ko ikasleek sortua.

Sari banaketa, saritutako lanak eta sortzaileen adierazpenak ekainaren 25ean ikusi ahal izango dira ETB1eko Teknopolis saioan, 13.30ean; eta ekainaren 26an, ETB2an, 12.10ean.