GAUR8

«Harrotasuna zientzian», lau hitzaldi labur LGTB+ kolektiboak bizi dituen egoerei heltzeko

«Harrotasuna zientzian» izenburupean, «Bidebarrieta zientifikoa» hitzaldi zikloa LGTB+ kolektiboa eta zientziaren arteko harremanetara hurbilduko da hilaren 29an, LGTB+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren biharamunean.

Harro plataformako mobilizazioa Bilbon, artxiboko irudian.
Harro plataformako mobilizazioa Bilbon, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

‘Bidebarrieta zientifikoa’ hitzaldi zikloa zientzian eta, orokorrean, gizartean, LGTB+ kolektiboak bizi dituen diskriminazio egoeretara begira jarriko da hilaren 29an. Lau hitzaldi laburrek osatuko dute LGTB+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren biharamunerako planteatzen duten begirada hori.

Antolatzaileek azaldu dutenez, zientzia ezinbesteko tresna da gure gizartean, pertsonen ongizatearen aldeko ikerketa hainbat ikuspegitik bultzatu ahal duena, «baina zientzia esparruan ere, zenbait kolektibok, LGTBIQA+ kasu, diskriminazioa eta egoera bortitzak jasaten dituzte eguneroko jardunean, eta horien ondorioz, talde horietan, ikasketak behin-betiko uzten dituztenen ehunekoa beste talde batzuetan baina handiagoa izan ohi da».

Kultura Zientifikoko Katedrak, Ortzadar LGTBI elkarteak eta EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzak antolatutako ekitaldiak sexu eta genero aniztasuna zientziaren ikuspegitik aztertzeko aukera ere emango du.

Hamabost minutuko lau hitzaldi jarraian

Saioa 19.00etan hasiko da, eta lehen hitzaldia Daniel Ruiz neurozientzialariaren esku joango da, «pertsonek zientzia esparruan bizi duten egoerari buruzko ikuspegi orokorra zirriborratzeko».

Gracia Trujillo soziologoak hitz egingo du jarraian, ‘Pensando más allá de los binarismos sexo-genéricos en el ámbito educativo’ izenburuko hitzaldian.

«Argi utziko du ‘queer’ mugimenduaren eta feminismoaren epistemiologiek edo ezagutzaren oinarri eta metodoek pentsatzeko modu berri bat ireki dutela hezkuntzan, izan ere, arauz eta erregulazioz beterako esparru honetan ere gizarte-aldaketaren aldeko ekimenak sortu ohi dira», zehaztu dute hizpide izango duen gaiaz.

Daniel Garcia medikuak trans pertsonentzako osasun arreta jorratuko du: «zehatz-mehatz azalduko du nola, haren iritziz, transexualitatearen diagnostikoa sortu zenetik diskurtso biomedikoa ‘obsesio paternalistetara» makurtu den, trans pertsonei ‘laguntza’, ‘asistentzia’, edo ‘tratamendua’ eskaintzeko asmoz».

Aitzol Garcia-Etxarri fisika-zientzietan doktorea eta LGTB+ kolektiboko kideak itxiko du saioa ‘Zientzia dibertsifikatzearen erronka’-z hitz egiteko, duen esperientzia pertsonaletik.