GAUR8

Europako 482.000 euro jaso ditu Urdaibai Bird Centerrek, Gautegiz Arteagako paduraren kontserbaziorako

Next Generation funts europarretako ea milioi erdi euro jasoko ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen Urdaibai Bird Centerrek, Gautegiz Arteagako paduraren leheneratze ekologikorako. Klima aldaketaren inpaktua arintzea eta biodibertsitatea handitzea dira proiektuaren helburu nagusiak.

Hegaztien behatokia izateaz gain, ikerketa eta dibulgazio gunea da Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen zentroa.
Hegaztien behatokia izateaz gain, ikerketa eta dibulgazio gunea da Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen zentroa. (IREKIA)

Urdaibai Bird Centerrek 482.000 euroko diru-laguntza jasoko du Next Generation funts europarretik, Gautegiz Arteagako paduretan kontserbazio eta leheneratze ekologikoko hainbat jarduera gauzatzeko. Helburuen artean, klima-aldaketaren inpaktua arintzeko biodibertsitate-tasak handitzea dago.

Lakuako Gobernu Kontseiluan hartutako akordioaren arabera, Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatuko du esku-hartzea, Urdaibai Bird Center (UBC) ikerketa eta dibulgazio zentroaren bidez.

Biodibertsitatea-tasak handitzea da proiektuaren xede nagusia, eta horretarako, padurako habitatak hobetzea eta horiei lotutako espezieen berreskurapena bultzatzea da lehen asmoa.

Burutu beharreko jarduketak 2021-2023 aldirako Estatu mailako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean daude jasota. Plan horretan, lurreko eta itsasoko biodibertsitatea kontserbatzeko, ekosistemak eta azpiegitura berdea lehengoratzeko eta baso-kudeaketa jasangarria egiteko inbertsioak zehazten dira.

Azken hamarkadan, Gautegiz Arteagako padurako eta inguruko hegaztien jarraipena egin eta ingurunearen gaineko ezagutza zientifiko-tekniko handi bat pilatu duen zentroak zehaztuta ditu kudeaketa ekologikorako egin beharreko urratsak, azaldu dutenez.

Hautemandako arazo guztien artean, teknikoki zein ekonomikoki bideragarriak diren jarduketen bidez arindu edo ezabatu daitezkeenak hautatu dira, kokagune horretako biodibertsitatearen kontserbazio-egoeran eragin positiboa izan dezaten.

Bost arlotan banatzen diren jardueren lehena padurako urmaelen kontserbazio-egoera lehengoratzeko lanetan zentratuta dago eta hainbat pauso aurreikusten ditu: marearteko ur-fluxuko bi uhate konpontzea, arrainak eta ornogabeak sartzen direla bermatzeko (funtsezkoak dira hegaztien elikagaiaren zati gisa); marearteko aintzirako habitatak leheneratzea, landaretza exotiko inbaditzaileko espezieak desagerraraziz eta uhartetxo artifizialak sortuz (hegaztiei atseden hartzeko, elikatzeko eta ugaltzeko guneak eskaintzeko).

Hegazti eta ugaztunen habitatak lehengoratzea

Bigarren jarduketa-eremuan, Gautegiz Arteagako Anbekoko polderra zaharberritzeko asmoa dago, hegaztien migraziorako eta negualdirako garrantzi handiko eremu bat sortzeko. Helburua hegaztien ugalketarako habitat naturalak lehengoratzea da, hala nola ‘espatula arrunta’, eta beste hegazti batzuentzat hazkuntza-kolonia artifizialak egokituz.

Hirugarren atal bat intereseko espezieen populazioen habitatak hobetzera dedikatuta dago. Espezie horien artean arrano arrantzalea bezalako hegaztiak daude, baita bisoi europarra bezalako ugaztun mehatxatuak eta galapago europarra ere.

Laugarren lan eremua lursailak eskuratzea edo alokatzearekin lotuta dago, biodibertsitaterako sentikorrak diren eremuak zaintzeko.

Hondakinak garbitzea, eragiten duten inpaktua ezabatzeko, esku-hartzearen azken atala izango da.