GAUR8

Fauna eta florari buruzko ezagutza indartzea, biodibertsitatearen galerari aurre egiteko gakoa

Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko ikerlariek 12-13 urteko nerabeen artean egindako azterlan batek bertako fauna eta florari buruz dagoen ezagutza urria ondorioztatu du. Ingurumen hezkuntza indartzea proposatu dute.

Ikasle talde bat eskolako atsedenaldian, artxiboko irudian.
Ikasle talde bat eskolako atsedenaldian, artxiboko irudian. (Gillaume FAUVEAU)

EHUk eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Hego Euskal Herriko 12-13 urteko gazteek fauna eta flora autoktonoaren inguruan duten ezagutza aztertu dute. Ikerlanean, interes altua dutela ikusi dute, baita bertako fauna eta, batez ere, landarediari buruz duten ezagutza urria ere.

Zientzialariek ohartarazi dutenez, ezagutza falta horrek ez du gehiegi laguntzen klima aldaketa eta biodibertsitatearen galeraren ondorioz sor daitezkeen eszenatokien aurreko erantzunean, egungo gazteak izango baitira erronka horiei aurre egin beharko dieten herritarrak, eta horretarako biodibertsitatearen inguruko alfabetizazio sendoa behar dela planteatu dute.

Landareen kasuan, gainera, ezagutza eta interes baxuago bat dutela ikusi dute, nazioarteko beste hainbat herrialdetan antzeman den ‘landareekiko itsutasuna’ izeneko joera bera jarraituz.

Horren erakusle da ezagutzen dituzten espezieen zerrendapena egitea eskatzen zaienean, esaterako, landareena animaliena baino askoz laburragoa izatea. Animaliekiko interes handiagoa erakusten dute.

Desberdintasunak ikusi dituzte, halere, herri txikietako eta hirietako gazteen artean. Herri txikietan, espezieak izendatzeko gaitasun handiago bat dutela ikusi da, «ziur asko, inguratzen dituen naturarekin duten eguneroko kontaktu handiagoa delako».

Biodibertsitate alfabetizazioaren beharra

Emaitzen harrira, ‘bertako espezieekiko kontzientzia eza’ kontzeptua proposatu dute ikerlariek, zientzia mailan erabiltzeko. Horren aurrean ingurumen hezkuntza indartzea planteatzen dute ikertzaileek.

«Ezinbestekoa da ingurumen hezkuntza indartzea eta naturaren ezagutzarako tresnak bideratzea, bai gizarte mailan, zein hezkuntza mailan, gaur egungo eta etorkizunean izango diren erronkei aurre egiteko, gizartearen biodibertsitate alfabetizazioa ezinbestean eman beharreko pausoa delako», azpimarratu dute lanaren egileek.

Irakasleak, ikasleak eta gurasoak formatzeko beharra ikusten dute, baita bertako espezieen gaineko irakaskuntza-ikaskuntza material gehiago sortzearen beharra ere, «ikerketako emaitzek erakutsi dituzten gabezietan edo hutsunetan arreta jarriz».

Nabarmentzen dutenez, hezkuntzak berebiziko garrantzia izango du ager daitezkeen eszenatoki berriei aurre egiteko tresna eta testuinguru berriak sortzeko, baita ikerketa zientifikorako eta natura ezagutzarako grina bultzatzeko testuinguruak sortzeko.

Mila ikasle ingururekin egindako ikerktea lau herrialdeetako 26 ikastetxetan egin da. Emaitzak “Environmental Education Research” aldizkarian argitaratu berri dira.