GAUR8

Erosketa ekologikoan, prezioak krisi ekonomikoko garaietan eragiten du

Krisi ekonomikoko garaietan eta ongizatekoetan erosketa ekologikoan eragiten duten faktoreak eta portaerak aztertu ditu UPV/EHUren ikerketa batek, eta erakutsi du testuinguru ekonomikoak eragiten duela.

Irudian, Maria Jesus Luengo doktorea.
Irudian, Maria Jesus Luengo doktorea. (EHU)

Erosketa ekologikoan eragiten duten faktoreak aztertu dituzte UPV/EHUko ikertzaileek, ongizate ekonomikoko garaietan eta krisi-garaietan erosleek dituzten jokabideak analizatuz.

UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Sailak eta Ekonomia Kudeaketa Sailak egin dute ikerketa, aktibismoa, motibazioa, jarrera edota hautemandako eraginkortasuna bezalako faktoreei erreparatuz.

Ikertzaileek azaldu dutenez, produktu ekologikoen kontsumitzaileen portaera fenomeno konplexua da: «Definitzeko zaila da, kontsumitzailearen barne-aldagaien oso mendekoa, askotarikoa da eta testuinguruaren araberakoa».

Denboran zeharreko ikerketa izan da, eta krisi ekonomikoko urteetan eta ongizate-garaietan erakutsitako jarrerak aztertu dituena. EHUko Enpresa Zuzendaritza, Berrikuntzaren eta Internazionalizazioaren Ikuspegitik masterreko ikasleei egindako inkesta erabili dute, 2008-2012 urteetan eta 2014-2019 urteetan egina, besteak beste kontsumo ekologikoko ohiturak, ezagutza ekologikoak eta garraio eta birziklatze ohiturak jasotzen dituena.

Maria Jesus Luengo UPV/EHUko irakaslearen esanetan, «emaitzek argi eta garbi erakusten dute testuinguru ekonomikoak baduela eragina, eta faktoreen eta portaera ekologikoaren arteko loturan moderatzaile gisa jarduten duela».

Ondorioztatu dute «gai ekologikoei, kontsumo ekologikoari eta produktu ekologikoei buruzko» ezagutza «printzipioz, uste genuena baino txikiagoa» dela, eta «gainera, ez du eraginik erosketa ekologikoa egiteko erabakia hartzerakoan», Luengok zehaztu duenez.

Ikerketaren emaitzei begira, azaldu du «motibazioek, jarrerek, kontsumitzaileak hautemandako eraginkortasunak eta aktibismo ekologikoak» eragina dutela erosketa ekologikoan, eta «eragin hori handiagoa da krisi ekonomikoko garaietan».

Faktore guztietatik «motibazioak eragiten du gehien aktibismo ekologikoan eta erosketa ekologikoan krisialdietan, eta, ondoren, kontsumitzaileak hautemandako eraginkortasunak». «Hau da, kontsumitzaileak erosketa ekologiko hori egiten duenean, benetan iruditzen zaio eraginkorra den zerbait egiten ari dela, ondorioren bat izango duela, eta ez dio horrenbeste erreparatzen ona edo txarra izateari», azaldu du Ekonomia eta Kudeaketa Saileko doktoreak. Hala ere, ongizate-garaian, antzekoak dira bi faktore nagusi horien ondorioak.

Ona den zerbait egitea sentitzea

Harritu dituen beste errealitate bat azaldu du: «Aktibista ekologikoa edo jasangarria izateak, hau da, adibidez zaborra bereizten edo garraio publikoa erabiltzen duen pertsona izateak, ez duela garrantzi handirik erosketa ekologikoa egin ala ez erabakitzeko orduan. Hori baino gehiago, guretzat eta munduarentzat zerbait ona egiten ari garela sentitzearen kontu bat da».

Marketinaren ikuspuntutik, zehaztu du, bestalde, aktibismo ekologikoan, krisi ekonomikoko garaietan produktuak eta prezioak eragin handiagoa duela krisi ekonomikoko garaietan, produktuaren sustapenak eta produktua non saltzen den baino. «Oparoaldi ekonomikoko garaietan, ordea, prezioak ez du ia garrantzirik, banaketak du garrantzi handiagoa (hau da, produktu horiek eskuratzea erosoago edo deserosoago izatea), adibidez», esplikatu du ikertzaileak.