GAUR8

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmena berritu du desgaitasunen bat duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordeak (CERMIN) hitzarmena berritu dute desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak inolako diskriminaziorik gabe baliatzeko ekintzak sustatu, bultzatu eta garatzeko.

Unibertsitateko eta CERMINeko ordezkariak hitzarmenaren aurkezpenean.
Unibertsitateko eta CERMINeko ordezkariak hitzarmenaren aurkezpenean. (NUP)

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordeak (CERMIN) hitzarmena berritu dute desgaitasunen bat dutenen bizi-baldintzak hobetzeko eta inolako diskriminaziorik gabe beren eskubideak baliatzeko ekintzak sustatu, bultzatu eta garatzeko.

Harreman estua dute aurrez ere bi erakundeek, eta hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean azken urtean. Prestakuntzaren esparruan, esaterako, "Desgaitasuna eta denontzat balio duen diseinua" irakasgaia antolatu da, eta zeharkako gaitasun gisa eskaintzen zaie ikasle guztiei.

Ikerketan, bi azterlan egin dira: lehenbizikoa, Nafarroako Parlamentuarekin batera, Nafarroako araudietan erabateko inklusioaren ikuspegia txertatzeko egin da; bigarrena, berriz, Covid-19aren ondoriozko neurriek desgaitasunen bat duten nafarren artean nolako eragina izan duen jakiteko.

Bestalde, Unibertsitatearen eremuan, sari bat ematen zaio urtero desgaitasunei buruzko ikasketa amaierako lan onenari. «desgaitasunen bat dutenen bizi-kalitatearen hobekuntza askotariko diziplinetako ikerketa-xede gisa ikusarazteko» helburuarekin.

Kirolen arloan, desgaitasunen bat dutenentzako akuaterapia ikastaro bat antolatu da Urpekaritza Eskolarekin lankidetzan, eta NUPek hitzarmen bat sinatu du Gurpildun Aulkiko Basketeko Nafarroako Klubarekin desgaitasunen bat dutenek egiteko moduko kirola sustatzeko.

CERMIN entitatearekin sinatutako hitzarmen berriak lau urteko indarraldia du. Alde batetik, unibertsitateko ingurunea irekia izan dadila bultzatu nahi da, oztoporik gabea, jende guztia ibiltzeko modukoa, eta desgaitasunen bat dutenen aukera berdintasuna ziurtatuko duena unibertsitatean sartzeko, ikasketak egiten segitzeko eta aurrera egiteko. Bestalde, desgaitasunaren sektoreko prestakuntza eman nahi zaie profesionalei eta boluntarioei, eta ikerketa aplikatua bultzatu «desgaitasunen bat dutenen beharrei eta eskaerei erantzuteko jakintza eta teknologiak sortzearren».