GAUR8

Berlin-Brandenburgoko Zientzien Akademiako kide izendatu dute Angel Rubio UPV/EHUko ikertzailea

Angel Rubio UPV/EHUko katedraduna Berlin-Brandenburgoko Zientzien eta Giza Zientzien Akademiako kide izendatu dute. Euskal ikerlariak materialen fisika konputazionalaren ikerketan duen ezagutza zientifikoa nabarmendu du 300 urteko ibilbidea duen elkarteak.

Angel Rubio UPV/EHUko Materialen Fisikako kadetradunak fisika konputazionalean duen lidergo zientifikoa nabarmendu dute.
Angel Rubio UPV/EHUko Materialen Fisikako kadetradunak fisika konputazionalean duen lidergo zientifikoa nabarmendu dute. (UPV/EHU)

Angel Rubio UPV/EHUko Materialen Fisikako katedraduna Nano-bio Spectroscopy Group ikertaldeko arduraduna da eta Hanburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter-eko Teoria Saileko zuzendaria.

Orain, Berlin-Barndenburgischen Akademie der Wissenschaftenen (BBWA) akademiko izendatu dute, materialen atalean, «egoera solidoaren fisika konputazionalean duen lidergoagatik».

Egun, ikerketa zientifikoko punta-puntako adarretako bat den materialen fisikan, Rubioren ikerketa lana goraipatu dute, «material berrien propietateak eskala nanometrikoan iragartzeagatik eta, oraintsuago, materialen orekarik ezaren fase berriengatik».

«Materialen fisika konputazionalean munduko zientzialaririk garrantzitsuenetako, sortzaileenetako eta zientifikoki eraginkorrenetako bat da, eta ‘espektroskopia teoriko’ modernoaren sortzaileenetako bat», azpimarratu du zientzia elkarteak.

80 Nobel saridun

Diziplina ezberdinetako mundu osoko zientzialariak biltzen dituen elkartearen ibilbidea gogoratu du UPV/EHUk ohar batean, 300 urteko tradizioko zientzia elkarte bat dela eta bere historian 80 Nobel saridun egon direla oroituz.

«Pribilegio eta poz bat da», adierazi du Rubiok izendapenaren inguruan. Erantsi duenez, «ohore handia da nire izena zientzien garapenean (bertsio guztietan, baina, zehazki, fisika kuantikoan eta materialen fisikan) historia markatu duten akademia honetako kide historikoen zerrendan ikustea».

Azken urteetan hainbat sari eta aitorpen jaso ditu Rubioren ikerketa lanak. Egun, gainera, nazioarteko hainbat zientzia elkartetako kidea da euskal zientzialaria. Besteak beste, Zientziaren Aurrerapenerako Estatu Batuetako Elkarteko (AAAS) osoko kidea da, Estatu Batuetako Zientzia Akademiako (NAS) atzerriko kidea da edota Europako Fisikako Elkarteko (EPS) kidea.