GAUR8

«Gau irekia» egingo dute hilaren 17an, Bilboko auzo garaietako «kultura aberastasuna ospatzeko»

Bilboko auzo garaietako kultura aberastasunak kaleak hartuko ditu abenduaren 17an, «Gau irekia» jaialdiaren edizio berri batekin. Tokiko sistema indartzen eta elikatzen dituzten mugimenduak zein kultura eta arte adierazpenak parte hartzera deituta daude.

Bilboko auzo garaietako kaleak, irudian.
Bilboko auzo garaietako kaleak, irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Abenduaren 17an, ‘Gau irekia’ jaialdiaren 11. edizioa ospatuko dute San Frantziskon, Bilbo Zaharrean eta Zabalan, Bilboko «auzo garaietako kultura aberastasuna ospatzeko».

Egun osoko programazioa da eta 47 espaziotan izango diren 60 proposamen bilduko ditu. Aipatutako xedeari erantzunez, hainbat eragile sozial eta kulturalen parte hartzea izango du, parte hartzea jaiaren ardatz nagusietako bat izango baita.

«Gau irekia auzotarrei, artistei, elkarteei eta erakundeei nahi ditugun auzoak elkarrekin eraikitzeko gonbidapena da», zehaztu du antolakuntza gidatzen duen Sarean Kultur Elkarteak.

Goizetik gauera kaleak artez eta kulturaz bete nahi dituzte, energia zabaldu eta «tokiko sistema indartzen eta elikatzen dituzten mugimenduak ospatu».

Hortaz, pieza eszenikoak, kontzertuak, ekintza performatibo ibiltariak, ezohiko formatuko musika emanaldien esplorazioa eta jotzeko tresna arraroen liburutegia ere eskainiko ditu jaialdiak. Baina aurreratu dutenearen arabera, ‘Gau irekia’-k beste proposamen asko ekarriko ditu. Horien artean antzinako gauzen denda batean izango den dantza-esku-hartzea aipatu dute edota «basoetan sartzera garamatzaten instalazio murgitzaileak», adibidez.

Jaialdiak hausnartzeko espazioak ere izango ditu, eta plano horretan, besteak beste, feminismoei, arrazismoaren aurkakotasunari eta panafrikanismoari buruzko mahai inguru bat iragarri dute.

Sormen proiektu askoren erakusleiho izango den jaialdia, gainera, aukera on bat izango da «tokiko proiektuak eta espazioak ezagutzeko zein normalean ibiltzen ez garen txokoetan sartzeko», nabarmendu dute Sarean Kultur Elkartetik.