GAUR8

Informazio zientifikoa eskainiko duen hondartze sarea kudeatzen ari da EHUko Plentziako Itsas Estazioak

UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioa (PiE) EAEko hondartze sarea ezartzen arduratzen da udatik, SAREUS proiektuaren barruan. Hondartzen diren animalien ikerketaz gain, laginak bildu eta informazio zientifikoa lortzeko duen balioa azpimarratu dute.

Irudian, ikerlariak UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioan lanean.
Irudian, ikerlariak UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioan lanean. (UPV/EHUko Itsas Estazioa)

Udatik, UPV/EHUko Plentziako Itsas Estazioa (PiE) EAEko hondartze sarea ezartzeaz arduratzen da. Lanketa hori SAREUS proiektuaren barruan dago, naturaren babesa eta jasangarritasunarekin lotuta eta, batez ere, hondartutako animalien ikerketan zentratzen da, horrek informazio zientifiko garrantzitsu bat ematen baitu.

Eginkizunak bi alderdi ditu: bizirik hondartu diren animaliei laguntzea, hainbat erakunderekin lankidetzan; eta hildako animalien laginak biltzea eta katalogatzea.

Manu Soto Itsas Estazioko zuzendariorde eta SAREUS proiektuaren arduradunak azaldu duenez, «funtsezkoa da arriskuan dauden espezien kontserbazio egoeraren berri izatea eta horiek babestea»: aipatutako xedeak, gainera, Europar Batasuneko Itsas Estrategiak dituen helburuekin bat egin duela nabarmendu dute.

Proiektuak hondartze sarea profesionalizatzen lagunduko duela erantsi dute. Batetik, «laguntza azkarra, eraginkorra eta koordinatua» ahalbidetzen duelako hondartzetara bizirik heldutako animaliak artatzeko, «ongizaterik handiena bermatuz eta giza osasunean eragin gurutzatuak saihestuz».

Egitasmoan parte hartzeak informazio zientifikoa eta lagin biologikoen bilaketarako duen garrantzia azpimarratu dute. Izan ere, ahal den guztietan hilik heltzen diren animalen nekropsiak egingo dituzte heriotzaren kausa zehazteko, eta horren ondoan, kalitatezko laginak eskuratzeko aukera emango du, «hondartu diren zetazeoetan dauden kutsatzaileen osasun egoera eta kontzentrazioa diagnostikatzen saiatzeko».

Laginak, mundu osoko ikertzaileen eskura

Lana ez da berria PiErentzat, azken zazpi urtetan zetazeoen, pinipedoen, marrazoen eta itsas dortoken laginak bildu, artxibatu eta aztertu baitituzte estazioko ikerlariek AMBAR GKEaren laguntza eta Lakuako Gobernuaren babesari esker.

SAREUS proiektuak aurreko jarduerak egonkortu eta PiEn dagoen Bizkaiko Golkoko Ingurumen Espezimenen Biobankuan laginak sartzea sistematizatuko duela azaldu dute. «Horri eser, ikertzaile guztien (bai naziokoak bai nazioartekoak) eskura jarriko dira eta hondartu diren espeziei buruzko atzera begirako azterlanak egiteko aukera izango da», azaldu dute.