GAUR8

Gazteen lau ekimen saritu ditu Getxok ‘Wanted 2022’ deialdian

Gazteek sortutako lau proiektu hautatu ditu Getxoko Udalak ekintzailetza bultzatzea helburu duen ‘Wanted 2020’ azken deialdiaren barruan. Tematika oso ezberdinetako lau lanen artean 28.377 euroko laguntzak banatuko dituzte.

Udaleko Ekonomia Sustapen eta Gazteria zerbitzuek antolatzen dute gazteei zuzendutako programa.
Udaleko Ekonomia Sustapen eta Gazteria zerbitzuek antolatzen dute gazteei zuzendutako programa. (Getxoko Udala)

Bizkaiko paisaia eta iragan industriala, jaioterrira itzultzen den gazte baten istorioa, hiri elementu zaharrei balioa ematea eta dantzazaleentzako proposamen bat dira Getxoko ‘Wanted 2022’ deialdian hautatutako lau proiektuek jorratzen dituzten gaiak.

Gazteek sortutako ekimenak laguntzeko jaioa, Udaleko Ekonomia Sustapen eta Gazteria zerbitzuek sustatzen dute deialdia eta 28.377 euroko laguntzak banatu dituzte lau proiektuen artean.

Ekintzailetza proiektuak izan ez arren, «horien garapenean eskuratzen diren trebetasunak oso baliagarriak izan daitezke enpresa bat sortzea erabakitzen badute», adierazi dute udal gobernuko arduradunek hautatuak izan diren egitasmoen inguruan. Herriko Gazteria Sailaren arabera, «jarduera eta ekoizpen sortzailea sustatzea» da gakoa, egitasmoak zabaltzearekin batera.

‘Flish’

«Bizkaiko paisaia eta iragan industriala aztertzen dituen erakusketa proiektua» da Martin del Busto Ruiz de Velascok bultzatutako ‘Flish’ izeneko egitasmoa, eta 10.000 euroko laguntza jasoko du programaren azken edizio honetan.

Alejandra Orbegozo Gomezaren ‘Extraviados’ film laburra da hautatua izan den bigarren lana. «Bere jaioterrira oporrak hartzera itzultzen den Marina gaztearen istorioa kontatzen du. Lanak 6.996 euro jasoko ditu eta herrian estreinatuko da, zehaztu dutenez.

‘Kalarte’ sustapen artistiko proiektua da hirugarren hautatua. Miren Eva Careaga Cortacansek eta Leizuri Hernandez Alavarezek sortua, erabiltzen ez diren hiri elementuei bigarren bizitza bat ematea planteatzen du. Egitasmoa 5.945 eurorekin lagundu du Udalak.

Laugarren proposamen hautatua Iraia Gomez Arzak aurkeztutakoa da: ‘Motion Urban Dance-MUD’. Udaletik azaldutakoaren arabera, dantzazaleentzat egindako proiektua da: «pandemian, lehiaketa bat egin zuten online eta 1.700 bistaratze baino gehiago izan zituen» eta hurrengo lehia presentziala izango da, apirilaren 16an Muxikebarrin. 5.436 euroko laguntza du proiektuak.