GAUR8

Zabalik dago Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiko epaimahaia hautatzeko epea

Urrian Bilbon ospatuko den Zinema Ikusezinaren Nazioarteko 15. jaialdiko epaimahaia osatzeko hautagaiak aurkeztera gonbidatu dituzte antolatzaileak. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 15ean itxiko da.

Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko jaialdiaren aurreko edizio bat, irudian.
Bilboko ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko jaialdiaren aurreko edizio bat, irudian. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Urriaren 19tik 26ra Bilbon ospatuko den ‘Film Sozialak’ Zinema Ikusezinaren Nazioarteko 15. jaialdiko epaimahaia osatzeko hautagaiak aurkeztera gonbidatu dute.

Diziplina anitzeko talde bat osatuko da, garapen gizatiarra, interkulturala, bidezkoa eta iraunkorra lortzea helburu duten GKE-ekin, mugimendu sozialekin, komunikazioarekin eta erakunde publiko edo pribatuekin lotutako pertsonekin.

Guztira 21 epaimahaikide izango dira, %68 emakumeak eta %34 gizonak, eta hiru laguneko taldeetan banatuko dira jaialdiaren kategoria bakoitzeko: Iraunkortasuna, Giza Eskubideak, Emakume batek burututako lan onena, Kulturartekotasuna, Genero ekitatea, Euskaraz egindako lanik onena eta Invisible Express.

Erakundeek edo norbanakoek zein kategorian parte hartu nahi duten zehaztu behar dute. Eskatutako atal hori okupatuta egotekotan beste kategoria bat proposatuko litzaiekeela azaldu dute.

Urriaren 21ean, deliberamenduak

Hautagai gisa aurkeztu nahi diren pertsona edo erakundeek administracion@kcd-ongd.org helbide elektronikora helarazi behar dituzte datuak, izen-abizenak eta jaialdiaren katalogoan agitaratzeko argazki bat eta bost lerroko curriculuma erantsiz. Hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 15ean itxiko da.

Iraileko lehen hamabostaldian beren kategoriari dagozkion lanak ikusi ahal izateko Interneteko sarbide gakoak erraztuko zaizkie epaimahaikideei.

Deliberamenduak urriaren 21ean (larunbata) izango dira, goizean, eta ondoren bazkari bat izango da, «iritzi gehiago trukatu ahal izateko». Derrigorrezkoa da deliberamendu saioan parte hartzea, azpimarratu dutenez.