GAUR8

Ikasleentzako 44 jarduera zientifiko-teologiko proposatzen ditu STEAM Sarek

Ikasleentzako 44 jarduera zientifiko-teknologiko biltzen dituen programa berri bat proposatu du STEAM Sarek datorren ikasturterako. Lakuako Hezkuntza Sailak bultzatuta, eta Innonbasque bezalako erakundeen laguntzarekin, bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea du helburu.

Ekimenak hainbat ikastetxe, unibertsitate, enpresa eta zentro teknologikoren partaidetza du.
Ekimenak hainbat ikastetxe, unibertsitate, enpresa eta zentro teknologikoren partaidetza du. (Raul BOGAJO | FOKU)

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak sustatutako eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatutako ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen ‘STEAM Sare’ katalogoak ikasleentzako 44 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2023-2024ko ikasturtean.

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, jarduera sorta zabala eskainiko du programak datorren ikasturtean ere, ehun bat ikastetxe, Lanbide Heziketako zentro, enpresa, unibertsitate eta teknologia eta ikerketa zentroen elkarlanari esker.

Horrela, EAEko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek STEM espezialitateetako lanbide profilen erakargarritasuna eta askotariko aukerak erakutsi ahal izango dizkiete ikasleei, 44 ekimenen bidez.

Iraupen ezberdineko jarduerak

Katalogoak barne hartzen ditu iraupen laburreko jarduerak (ikastetxeek planteatutako premietatik sortuak) eta programa luzeagoak (zenbait astetako edo hilabetetako iraupena dutenak), erakunde laguntzaileek sustatutakoak. Horiekin batera, jardunbide egokien tailerrak egingo dira.

Horrela, iraupen laburreko jardueretan, ikasleak lanbide orientaziorako saioetara joan ahal izango dira, eta, besteak beste korronte alternoko sorgailu bat edo gitarra elektriko bat muntatzen ikasteko, pentsamendu konputazionala garatzeko edo eraikin adimendunen sekretuak ezagutzeko aukera izango dute.

Programa luzeagoetan, aldiz, ikasleei aukera emango zaie, esate baterako, Elhuyar Zientzia Azoka edo Firts Lego League Euskadi ekimenetan parte hartzeko, edo teknika forentseen bidez polizia zientifikoak planteatutako fikziozko krimenak ebazteko erronka egiteko. Bestalde, tailerretan, ikastetxeek STEAM jardunbide egokien kasuak erakutsiko dizkiete irakasleei.

STEAM Sare katalogoko ekimenetan parte hartzeko interesa duten EAEko DBHko eta Batxilergoko ikastetxeek maiatzaren 31a baino lehen bete behar dute aurretiko izena emateko eskaera, ikasturte berrirako jardueren katalogo osoa eta aurretiko izena emateko inprimakia betez.