GAUR8

Elhuyar Zientzia Azoka Bilboko Areatzara itzuliko da ostiralean: 700 gazte eta 200 proiektu baino gehiago

Ostiraletik igandera gazteen bokazio zientifiko eta teknologikoak Bilboko Areatza hartuko du, ikasturtean zehar garatutako 200 proiektu baino gehiago erakutsiz. Elhuyar Zientzia Azokaren edizio berriak 700 gazte bilduko ditu, ikertzaileak eta beste eragile batzuekin batera.

Elhuyar Zientzia Azokaren aurkezpen ekitaldia, irudian.
Elhuyar Zientzia Azokaren aurkezpen ekitaldia, irudian. (Elhuyar Fundazioa)

Elhuyar Zientzia Azoka Bilboko Areatzara itzuliko da ekainaren 2an, ikasleen parte hartze handiarekin eta STEAM proiektu sorta zabal batekin. Emandako datuen arabera, 60 ikastetxetako 700 gaztek hartuko dute parte edizio honetan, eta ikasturtean zehar garatutako 200 proiektu baino gehiago ikusi ahal izango dra.

Hiru egun iraungo du azokak, ostiraletik igandera. Irekiera ofiziala ostiralean izango da, eta ekimena laguntzen duten euskal zientzia eta teknologia sareko eragileen ordezkariak izango dira bertan.

Ikerketa proiektuak eta proiektu teknologikoak dira protagonista nagusiak, hiru egunetan zehar ikasketa mailaren arabera aurkeztuko direnak. Horrela, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek ikasturtean zehar egindako 200 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte: ostiralean, Batxilergoko eta DBH 3 eta 4ko ikasleen 105 proiektu egongo dira ikusgai; larunbatean, DBH 3 eta 4ko 54 proiektu, eta, igandean, DBH 1 eta 2ko 48 egitasmo.

Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, beste herrialde batzuetako azoketako saridunak ere izango dira: Italiatik eta Kataluniatik etorritako talde bana eta Galiziatik etorritako bost talde.

Ikertzaileak ere izango dira Areatzan, gazteen proiektuak ebaluatzen, eta, datu guztiak jasota, sari banaketa ekitaldia igandean egingo da, 13.30ean. Hiru egunetan saritutakoak bilduko dira bertan.

Egonaldiak ikerketa enpresetan, ikasketa bekak eta Estatu espainoleko zein beste herrialde batzuetako azoketarako bidaiak daude sarien artean. Aurkezle lanetan Arnaitz Fernandez Elias eta Elene Barrutia Loroño gazteak arituko dira.

244 ikertzaileren inplikazioa

Elhuyar Zientzia Azokan, ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute, eta proiektu honekiko urtero erakusten duten konpromisoa azpimarratu dute antolatzaileek: ikasturte hasieran, unibertsitate eta zentro teknologikoetako 244 ikertzailek eman zuten izena ikasleekin lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile lanak egiteko (horien artean 138 emakumek).

Gazteen artean zientziarekiko zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea helburu duen ekimenean 1.450 gaztek parte hartu dute (%52 neskak, %45 mutilak eta %3 ez-bitarrak), eta 79 ikastetxek.

2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12 eta 18 urte bitarteko 7.400 gazte bildu ditu azokak. Ekimenak Lakuako Hezkuntza Sailaren, Euroeskualdearen, FECYTen (Fundacion Española para la Ciencia y la Tecnologia), Kutxa Fundazioaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza du.