GAUR8

'Euskal Herriko saguzarren gida’ plazaratu du Naturtzaindia elkarteak

Euskal Herrian bizi diren 27 saguzar espezieen ilustrazioak eta ezaugarriak biltzen dituen gida plazaratu du Naturtzaindia elkarteak. Aniztasuna ezagutzera eman eta kontserbazioa bultzatu nahi dute argitalpenarekin.

Naturtzaindia elkartearen argitalpenaren irudiak.
Naturtzaindia elkartearen argitalpenaren irudiak. (Naturtzaindia)

Naturtzaindia elkarteak ‘Euskal Herriko saguzarren gida’ paratu du, euskaraz eta Euskal Herrian egindako saguzarren inguruko lehenbiziko gida. «Gaueko harrapari zoragarri hauetara hurbiltzeko» aukera izateaz gain, Euskal Herrian bizi diren 27 espezieen ilustrazioak eta bakoitzaren ezaugarri esanguratsuenak aurkituko ditu.

Naturtzaindia elkartetik jakinarazi dutenez, gidarekin lortu nahi dutena da Euskal Herrian dauden saguzar espezieak ezagutzera ematea, fauna talde horrek duen aniztasuna erakustea eta kontserbazioan lagunduko duten herritarrak sentsibilizatzea.

Aurkezpena Arrasaten

Gidaliburuaren aurkezpena Arrasaten egingo da, ekainaren 7an, 18.30ean, Kulturateko areto nagusian, eta solasaldia izango da liburua egiten parte hartu duten Naturtzaindia elkarteko kideekin.

Liburua eskuratu nahi duenak Naturtzaindiaren web orrian aurkituko du formatu digitalean; formatu fisikoan eskuratzeko, aldiz, zenbait tokitan dago eskuragai, nahi izanez gero, borondatezko ekarpena eginez. Jasotzen diren ekarpen ekonomikoek proiektuko inprenta gastuei aurre egiteko eta ondare naturalaren kontserbaziora bideratutako beste ekimen batzuei laguntzeko erabiliko da.

Bada, Arrasaten (Besaide Mendizale Elkartean eta Ereindajanen), Bergaran (Laboratorium Museoan), Aramaion (liburutegian eta Arbel Kooperatiban), Oñatin (Natur Eskolan), Zarautzen (Arkamurka Elkartean), Aian (Pagoetako parketxean), Itsasondon (udaletxean), Zizurkilen, Lazkaon (Gerriko liburudendan eta Biziolan), Beasainen (Mirentxu liburudendan) eta Gasteizen (EHUko Farmazia Fakultateko eta Hezkuntza Fakultateko kafetegietan) eskura daiteke gida.

Proiektuak Arrasateko Udalaren laguntza izan du liburuko ilustrazio eta maketazio lanak egiteko, baita biologo adituaren aholkularitza izateko ere.