Photoformas Naturari buruzko Argazki Lehiaketaren lanak ikusgai daude Arabako Zientzien Museoan
Ekainaren 30era arte Arabako Natura Zientzien Museoan ikusgai egongo dira Photoformas Naturari buruzko X. Argazki Lehiaketak bildutako lanak. 138 argazkilarik hartu dute parte lehiaketan eta 261 lan onartu ditu. Erakusketak azken edizioan aurkeztutako 27 argazki bildu ditu.

Photoformas Naturari buruzko X. Argazki Lehiaketaren erakusketa ikusgai dago dagoeneko Arabako Natura Zientzien Museoan, Gasteizen. Lehiaketaren argazki irabazlea, bi accesit eta aurkeztutako 261 argazkietatik 27 aukeratu dira erakusketa osatzeko, eta ekainaren 30era arte egongo dira guztiak ikusgai.
Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, Alavesia Natura Zientzien Museoaren Lagunen Elkarteak antolatzen du Photoformas Naturari buruzko Argazki Lehiaketa, museoaren beraren eta Arabako Argazkilaritza Elkartearen laguntzarekin. Sari banaketa ekitaldia BIBAT museoan egin zen pasa den abenduan.
Lehenengo saria Gotzon Ameztoi Arribasen gasteiztarrarentzat izan zen, ‘Hirukoa’ argazkiari esker, eta bi accesitak, Alejandro Carnicero Solanas ‘A contraluz’ eta Jose Luis Gigirey Gonzalez galiziarraren ‘Al acecho’ argazkientzat. Gainera, erakusketak beste 27 argazki bildu ditu, hala katalogorako nola erakusketarako.
Aurten 138 argazkilarik hartu dute parte lehiaketan eta, guztira, 261 lan onartu dira. Ana Garcia Hermoso Arabako Argazkigintza Elkartearen ordezkariak, Carlos Hermosilla naturalista eta argazkilariak eta Patxi Heras botaniko, landare argazkilari eta Alavesiaren Zuzendaritza Batzordeko kideak osatu dute epaimahaia.