GAUR8

Suebaki eremua egingo dute Izkiko parkean, berotze globalak Mendialdean duen inpaktuari erantzunez

Arabako Foru Aldundiak suebaki eremu bat egingo du Izkiko parke naturalean suteak prebenitzeko, beste lan batzuren artean. Egoera horrek Arabako Mendialdean eragingo duen eraldaketa, bereziki Izkiko inguruan, nabarmendu dute esku hartzearen arrazoien artean.

Izkiko parkean izango den esku hartzea klima aldaketari aurre egiteko neurrien barruan dago, eskualdeko ezaugarriak kontuan hartuta.
Izkiko parkean izango den esku hartzea klima aldaketari aurre egiteko neurrien barruan dago, eskualdeko ezaugarriak kontuan hartuta. (Arabako Foru Aldundia)

Datozen asteetan, Arabako Foru Aldundiak baso suteak prebenitzeko lanak hasiko ditu Izkiko parke naturalean, eta gauzatuko dituen jarduketen artean suebaki eremu bat sortuko duela iragarri du.

Foru erakundearen arabera, baso suteak naturgunearen mehatxuetako bat dira, Natura Baliabideak Antolatzeko Planean eta KBE/HBBE izendatzeko dekretuan jasotzen den bezala.

Gainera, klima aldaketaren eta berotze globalaren ondorioz, Arabako Mendialdea da egoera horrek gehien eraldatuko duen herrialdeko eremuetako bat, eta, beraz, Izkiko parke naturala bera, bere ezaugarri geologikoengatik eta amezti basoagatik.

Horregatik, biodibertsitatea babesteko ekintzen barruan, zenbait jarduera egingo dira, Izkiko parke naturaleko mendi-bide nagusietan oinarritutako suebaki zerrenda osagarriak jartzeko; zehazki, ‘Y’ eta ‘El Plenote’ izeneko pistetan, naturgune babestuaren erdigunea zeharkatzen baitute.

Esku hartzea mendi-bide horietako 17 kilometro baino gehiagotan egingo da, honako lan hauen bidez: mehazketak, kimu onenak uztea, inausketak, sastrakak kentzea, egurra pilatzea, hondarrak bildu eta kentzea edo birrintzea, bidearen alde bakoitzean hamar metroko zerrenda osagarri batean.

Bestalde, lanek irauten duten bitartean, okil ertainaren ugaltze aldia errespetatuko da, Izkiko hegazti enblematikoa baita.

Proiektua Arabako Parke Naturalei buruzko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren barruan dago, eta Lakuako Gobernuko Turismo Sailaren finantzaketa dauka, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.