GAUR8

Basoen Astea ospatuko dute Gipuzkoan, natura-ondarea zaintzearen garrantziaz kontzientziatzeko

Martxoaren 21ean ospatzen den Basoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, asteburutuik aurrera Basoen Astea egingo dute Gipuzkoan, larunbatean hasita eta datorren ostegunera arte. ‘Basoko bainua’ izeneko jarduerarekin abiatuko da egitaraua, «estresa murrizten laguntzeko».

Basoen garrantziaz kontzientziatzeko jarduerak eta basoen onurak erakusteko ekimenak bilzten ditu Basoen Astea izeneko programak.
Basoen garrantziaz kontzientziatzeko jarduerak eta basoen onurak erakusteko ekimenak bilzten ditu Basoen Astea izeneko programak. (Juanan RUIZ | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Basotik Fundazioak hainbat jarduera antolatu ditu hilaren 15etik 21era, basoak zaintzearen garrantziaz kontzientzatzeko. Basoen Astearen barruan egingo diren jarduerok, eta martxoaren 21ean ospatzen den Basoen Nazioarteko Egunarekin lotuta daude.

Lehenengo jarduera ‘basoko bainua’ izango da, hilaren 15ean eta 16an Donostian egingo dena. Saio terapeutiko horiek «naturarekin konektatzeko» aukera emango diete parte hartzaileei. «Estresa murrizten laguntzeaz» gain, «basoek pertsonen osasunari ekartzen dizkioten onuretan» zentratuko dira.

Forest Therapy Hub-eko hezitzaile Amaia Agotek gidatuko ditu saioak, eta gehienez 20 lagunek parte hartu ahal izango dute saio bakoitzean. Izena emateko, basotik.eus webgunean sartu eta eskuragarri dagoen formularioa bete behar da.

Martxoaren 18an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gunean ‘Somos bosque’ hitzaldia izango da, basogintzako adituen parte hartzearekin. Lehenengo hitzaldia Blanca del Novalek emango du. Del Noval gastronomia jasangarrian aditua da, Basque Culinary Centerreko ikertzailea eta ‘Silvestre’ liburuaren egileetako bat.

Ondoren, Alejandro Canterok (HAZI) eta Ana Arizek (BSTK Basotik Fundazioa) herrialdeko basoen kudeaketa iraunkorra nola gauzatzen den azalduko dute eta, azkenik, Manuela Renzik (Forest Therapy Hub, Milan) basoaren onura terapeutikoak aztertuko ditu. Bertaratzeko, izena eman behar da webgunean.

Gipuzkoako Desioen Basoa

Azkenik, martxoaren 21ean, jarduera berezi bat antolatu da Gipuzkoako hainbat gizarte-eragilerekin lankidetzan. ‘Gipuzkoako Desioen Basoa’ sortzea izango da ekimenetako bat. Azaldu dutenez, helburua «parte hartzaileen ametsak eta nahiak sinbolizatzea da, zuhaitzak landatuz, Gipuzkoako lurraldearen bihotza elkarrekin eraikiz».

BSTK Basotik Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarteari zuzendutako lan-ildo berri bat jarri dute abian, basoen ongizatea herritarrei hurbiltzeko ekintza sorta batekin. Ekintza horiek eragin terapeutikoak izan ditzaketen kolektiboetan zentratzen dira bereziki.

Programa horren barruan, sentsibilizazio-tailerrak jarri dira abian herrialdeko ikastetxeetan, LH5eko ikasleentzat.

Gainera, Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailarekin lankidetzan, ‘baso-terapia’, ‘basoko bainua’ eta ‘basoko tailerrak’ bezalako jarduerak eskaintzen ari dira egoitzetan eta herrialdeko elkarteetan dauden pertsonei. 

Halaber, zuhaitzen landaketak aurreikusten dituzte Legazpin eta Aretxabaletan, Basque Culinary Centerreko ikasleekin batera.