GAUR8

San Jose Azoka egingo dute igandean Gueñesen, tokiko produktuen eta billano txakurraren inguruko monografikoaren plaza

Tokiko produktuak, artisau-lanak eta abeltzaintza-ustiategiko abereak Gueñesko San Jose Azokaren osagai nagusiak dira, baina hitzorduak beste atal bat izango du Enkarterriko billano arrazako txakurren inguruan. Igandean izango da, 10.00etatik aurrera, eta azoka girotuko duten jarduerak egongo dira.

Enkarterriko arraza den billano txakur bat, artxiboko irudian.
Enkarterriko arraza den billano txakur bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ)

Gueñesen XXIX. San Jose Azoka egingo dute igandean, hilak 16an. Inguruko ekoizleen produktuak izango dira saltokietan, baserritarren lanari balioa emateko hainbat jarduera, baina azokak beste protagonista nagusi bat du, Enkarterriko billano txakurra. Tokiko arraza horren inguruko monografiko bat izango du hitzorduak.

Gueñesko Kontzejutik jakinarazi dutenez, nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruko topaketak ohiko hitzorduak izango ditu aurtengo edizioan, eta horien barruan, Enkarterriko Billano txakurraren XXIX. Monografikoa egingo da 10.00etatik aurrera, Enkarterri kalean.

Ordu horretatik aurrera, Galdotza Arana plazan kokatuko dira, aurrekoetan bezala, eskualdeko ekoizleak. Besteak beste, ogia, gozogintza, gazta, txarkuteria, likoreak eta barazkiak erosteko aukera egongo da.

Gune horretan bertan, 13.00ak aldera, Gugaz Boluntaren eskutik, txakolina dastatzeko aukera egongo da. Bildutako dirua ‘Hahatay Gandiol’ Gugaz 2025 Proiektu Solidariora bideratuko da. Ordu erdi lehenago, Andra Mari dantza taldeko kideak protagonista dituen dantza alardea izango da plazan.

Bestetik, Euskadi Plaza kaleko aparkalekuan kokatuko dira herriko abeltzaintza-ustiategietako abereak, eta behi-azienda, ardi-azienda, pottokak, Enkarterriko asto-zaldia eta ahuntz-azienda bilduko dituen tokiko abereen erakusketa egongo da.

Aurten, eskualdeko eta eskualde batzuetako ekoizleen lore eta landare postuen erakusketa egongo da, eta artisau-produktuen erakusketa Galdotxa Aranan eta udaletxearen inguruan bilduko da.

Azokaren inguruan hainbat jarduera izango da. Behiak jezteko erakusketa batekin. Erakusketa hamaiketatik aurrera hasiko da, «baserrietan egiten den eguneroko lanari balioa emateko eta kasu batzuetan ezagutzen ez diren jarduerak ezagutarazteko», azaldu dute antolatzaileek.

Gainera, 11.00ak eta 13.00ak bitartean, idiek eramandako gurdietan paseoak egingo dira azokan zehar eta Indautxuko Abesbatzak eguna girotuko du eguerditik aurrera.