Arantxa Urbe – @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

«Berdina» eta «parekoa»: ñabardurak

Gutako bakoitza bakarra eta errepikaezina da. Bakarra eta errepikaezina zara zu, eta bakarra eta errepikaezina naiz ni ere. Pertsona orok dugun originaltasun hori harri-bitxi preziatu moduan zaindu beharko genuke; baita eskolan ere.

Salbuespenik gabe denok dugun esklusibitate horren aurrean, ordea, eguneroko jardunean beste ideia eta praktika bat gailentzen da. Denoi berdin egiteko eta tratatzeko obsesioa. Berdintasun hori ia printzipio demokratiko gisa hertsiki hartuta, uniformizazioranzko bide arriskutsuan abiatu gara: berdintasunaren pedagogia aplikatu nahian gabiltza, denentzat hezkuntza irteera profil berdinak ezarri nahian, ebaluazio berdinak… Baina horrek guztiak zenbat egingo digu kalte eta zenbat egingo digu alde?

«Parekoa» termino interesgarriagoa, justuagoa eta begirunetsuagoa da, zalantzarik gabe: zu eta ni parekoak izan gaitezkeelako berdinak izan gabe. Berdinak, sekula izan ezingo garelako, gainera.

Eta «parekoa» kontzeptutik zehar begiratzen badugu, ikusiko dugu bakoitzarekin –ikasle bakoitzarekin, gure kasuan– desberdin egin beharko dugula, aukera eta bitarteko desberdinak eskaini beharko dizkiogula inoiz parekotasuna lortuko badute. Beste era batera esanda, parekotasuna lortzeko, alegia, desberdintasunetik lan egin beharko dugula eskolan. Horixe da –edo horixe beharko luke, behintzat– hainbeste aipatzen dugun «aniztasun» hitzaren esanahia. Nahi duzun adiera guztietan: kulturala, ekonomikoa, erlijiosoa, hizkuntzarena, gaitasunena, funtzionala eta abar.

Milaka kolore dauzkagu, zorionez, gure eskoletan, geletan, taldeetan. Gutako bakoitzak jartzen diogu koloreari ñabardura gure izate bakar eta errepikaezinarekin. Nola erantzungo diogu, baina, aniztasun horri guztiari?

Ez dirudi ikasle guztiei, neska-mutil guztiei eta bakoitzari berdina emanez eta berdina eskatuz lortuko dugunik. Bakoitzaren arrakasta ziurtatuz, eta arrakasta horretarako bidean bakoitzaren desberdintasuna aintzat hartuz lortuko dugu, lortzekotan.

Francesco Tonucci pedagogo italiarrak argi dio: «Eskolak ez luke helburu gisa izan behar denak berdinak izatea: aitzitik, desberdinak izatea, diferenteak izatea beharko luke. Aniztasunei balioa emanez».

Autore berak gaineratu zuenez, «aniztasuna balio gisa onartu behar dugu, eta ez arazo gisa. Horretarako, ikasle guztiak desberdinak direla onartu beharko genuke. ‘Aniztasunaren’ definizioan ikasle gehienak berdinak direla eta beste batzuk desberdinak direla (ezintasunen bat dutenak, atzerritarrak edo gaitasun handiak dituztenak, esaterako) kontsideratzeko tranpa egon daiteke». Erne ibili behar dugu dugun aniztasunaren definizioa tranpa horretan eror ez dadin.

Izan ere, «berdina» eta «parekoa» sinonimoak dira baina ez beti: Hezkuntza arloan, mimoz begiratu beharko genieke bi hitzen arteko ñabardurei.

Utz ditzagun, behingoz, helburu berdinzale ezinezko horiek bazterrera. Ez diote onik egiten ikasleei, baina ez digute onik egiten ez familiei ez guri geroni ere. •