Unai Belaustegi

Euskaldunon Mekak

Sekula ez naiz unibertsitateko irakasle hartaz ahaztuko. Zientziaren historia ematen zigun, baina zientziarekin batera, errepaso filosofiko ederrak uzten zituen airean, etxera joan eta bakoitzak bere buruari egurra eman ziezaion. Irakasle hark, urria iristen zenean –eta urtean zehar ere bai, noizbehinka–, beti botatzen zigun: «Joango al zarete Durangoko Azokara?». Batzuek baietz eta besteek ezetz. «Durangora nahitaez joan behar dugu! Euskaldunon Meka da. Baina, ez bizitzan behin joateko, baizik eta urtean behin joan eta zerbait erosteko. Gure euskalduntasunaren froga da hori».

Arrazoi apur bat badu, Durango, zentzu askotan, Mekarekin konpara baitaiteke. Baina ez zebilen erabat zuzen, izan ere, euskaldunok, Durangoz gain, bigarren Meka bat ere badugu: Hernani. Zeinek ez du koadrilan autobusa antolatu, Hernaniko sagardotegi batean kanpoak eta barruak busti eta, alde zaharrean erdi galduta ibili ostean, etxerako bidea hartu? Ia nahitaezko bihurtu da Hernanira joatea txotx garaian. Guk, aurreko larunbatean egin genuen aspaldiko partez, eta tira, ongi pasatu genuen. Bakailaoa jan, txuleta ederrarekin auskan ibili, buruarekin pare bat intxaur apurtu eta sagardotan igeri egin... Aurtengo penitentzia egina! Hori bai, entzunda daukat hernaniarrek ez dituztela gainontzeko euskaldunon ohitura horiek oso gustuko. Eta ulergarria iruditzen zait, ez baita lasaigarria izango astea joan eta astea etorri kopetan intxaur marka duen mozkorra beren kaleetan gora eta behera ikustea. Nigatik lasai egon daitezela, datorren urtera arte ez bainaiz handik itzuliko! •