2014/03/22

Erreportajea
Zabortegiak Italian
Italiako Campaniako eremu batzuetako nekazaritza produktuak saltzea, debekatuta

Campaniako eremu batzuetako nekazaritza produktuak saltzea debekatu egin du Italiako Gobernuak, kutsaduraren eraginez. Suen Lurra deitzen dioten lekuan Camorrak hamarkada askotan egin ditu legez kontrako isurketak, eta herritarrek ordaindu behar izan dute faktura, minbizi eta malformazio kasuek gora egin baitute.

Jose Angel Oria
P004
taliako Campaniako eremu batzuetako nekazaritza produktuak saltzea, debekatuta

Debekua une honetan bertan hasten da. Berehalako neurria da. Produktu horiek merkatura iritsiko dira, baldin eta beharrezkoak diren proba guztiak egiten badituzte, ez bestela. Arazoaren muinera iristeko gogoa erakusten dugu era horretan, eta arazo horren eraginez sekulako estutasuna jasaten ari diren herritarrei ziurtasun apur bat ematen diegu». Beatrice Lorenzi Osasuneko ministroaren hitzak dira, Campaniako legez kontrako zabortegiek eta suteek eragin duten arazo larriari aurre egiteko hartutako neurriaren berri emateko ekitaldian esandakoak. Edonola ere, oraindik hiru hilabete inguru beharko dituzte zer eremutako produktuak debekatu erabakitzeko. Izan ere, fruta eta barazki ekoizpena hain garrantzitsua den Campanian egin berri den ikerketa baten arabera, 51 udalerrik premiazko neurriak hartu behar dituzte jasaten duten kutsadurari aurre egiteko. Eskualdeko 1.076 kilometro koadro aztertu dituzte eta horietako %2k eragin dituzte susmoak.

Gobernuak onartutako dekretuaren arabera, hemendik aurrera nekazaritza produktuen arriskugarritasuna 1etik 5era doan eskala batekin neurtuko dute. 3tik gorako arriskugarritasuna duten fruta eta barazkiak saltzea debekatuta egongo da, herritarren osasunerako kaltegarriak direlakoan.

«Eremu horretan bizi diren herritarren mesedetan, Suen Lurra lehenbailehen berreskuratzea da Gobernu honen misioa», adierazi zuen ekitaldi berean Gian Luca Galletti Ingurumeneko ministroak, Maurizio Martina Nekazaritzako ministroa, Stefano Caldoro Campaniako presidentea eta Beatrice Lorenzin ondoan zituela.

Gaur egun agintariek ere erabiltzen duten Suen Lurra terminoa Legambiente erakunde ekologistak sortu zuen orain hamaika urte, 2003an, “Ekomafiari buruzko txostena” izenburuko lana aurkeztu zuenean.

Egun herritar guztiek dakite Tirreniar Itsasoaren ertzean dagoen eremu bati buruz ari garela termino hori erabiltzean. Bertan turismoak garrantzi handia izan arren (Napoli, Vesuvio, Capri, Ponpeia, Herkulano eta Paestum, esaterako, turistak erakartzeko propio diseinatuta daudela dirudi), leku hori oso kutsatuta dago herrialde osoko industriak eragindako hondakin toxikoak legez kontra bertan isuri izan direlako, gutxienez hiru hamarkadatan.

Ekologistek askotan salatu dute Camorra Napoliko erakunde mafiosoa dela isurketa horien arduraduna.

Datu ofizialen arabera, Italia osoan 100 milioi tona hondakin sortzen dira urtean, eta kopuru ikaragarri horren heren bat litzateke Camorrak «ezkutatutakoa». Italiako iparraldeko industriak sortutako hondakin toxikoak Campaniako zabortegietara eramateagatik dirua kobratzen zuten talde mafiosoek. Batez ere Giugliano herriko Resitera eramaten zituzten.

Hondakinen kudeaketa ia arautu gabe zegoenez, irabaziak lortzeko eta diru beltza zuritzeko aukera paregabea eskaintzen zuen jarduera horrek.

Eta ekologistek egoera hori bere onera ekartzearen beharra askotan nabarmendu badute ere, agintariek ez diete jaramonik egin nahi izan. «Ez dute ezer entzun nahi», zioen orain hilabete pare bat Antonio Pergolizzi Legambienteko kideak.

Hondakin solidoei buruzko Italiako legedia 2001ean onartu zuten, baina hondakinak era egokian kudeatu ote ziren baieztatzeko araurik gabe. 2006an aldatu zuten legea, ingurumenaren aurkako beste 152 delitu sartzeko; esaterako, zaborrak legez kontra ezabatzea.

Handik lau urtera jakin zen Europar Batasunaren legedia urratzen zutela Napoli garbitzeko hartutako neurriek. Bruselak ikuskaritza talde bat bidali zuen Campaniara 2010ean bertan eta, 2012an, Italiaren aurkako salaketa epaitegietara eramateko aukera aipatu zuen.

Arautu gabeko edo gaizki araututako sektorea izanik, negozio egiteko aukerak handiagoak izaten dira. Napolin bertan Greenaccord gobernuz kanpoko erakundeak kazetarientzat antolatutako nazioarteko topaketetan Pergolizzik salatu zuenez, «ekomafia harrobietan, lurrean eta uretan gai toxikoak isurtzen ari da, ingurumenari eta akuiferoei eragindako kalteei erreparatu gabe eta komunitateari ondorio larriak eraginez».

Roberto Saviano kazetariak egoera hori deskribatu zuen 2006an “Gomorra” liburuan. Honela zioen Joxean Agirrek 2008an GAUR8-n: «Camorrari buruzko liburu bat argitaratu zuen orain bi urte “Gomorra” izenburuarekin eta geroztik ez du bakerik izan. Napoliko mafiaren ezkutalekuak argitu zituen liburu horretan eta bere legez kanpoko jarduerak agerian utzi. Baina izen-abizen gehiegi agertzen ziren nonbait orrialde horietan eta Camorrak mehatxatu egin zuen. Geroztik bizkartzainekin ibili behar izan du».

Gaur egun ere Camorraren mehatxupean bizitzen jarraitzen du, Italiatik kanpo, New Yorken, hain zuzen ere .

Savianok eta Pergolizzik salatutako egoera horri esker, konpainia askok negozio egin dute Italian urte askotan. Franco Roberti Mafiaren aurkako abokatuak esplikatu izan duenez, enpresei merkeago ateratzen zitzaien talde mafiosoei hondakinak «ezabatzeagatik» ordaintzea, hondakin horiek behar den moduan tratatzea baino. Kasu batzuetan, atzerrira legez kontra bidaltzea ere merkeago ateratzen zen. Eta negozio egiteko aukera ikusten denean, zalantza etikoak desagertu egiten dira kasu askotan, salaketa publikorik ez badago behintzat.

Robertik marraztutako koadroaren arabera, gaur egun talde mafiosoek hondakinekin zerikusirik ez duten sektoreetan ere diru asko sartzen dute. «Dirua garbitzeko asmoarekin, finantziazioa behar duten konpainiak bilatzen dituzte. Italiako ekonomia garbia gero eta zikinago dago», dio. Energia garbien ekoizpena garatzeko proiektu batzuk ere Mafiak ordaindutakoak direla dio abokatuak.

Pergolizzi ekintzaileak eransten du eraikuntzan ere sartu dutela dirua. Errepideak egiteko garaian, esaterako, hartxintxarrarekin nahasten dituzte hondakin toxikoak, eta hori herrialdearen iparraldeko bideetan zein hegoaldekoetan gertatzen ari omen da.

Legambientek egin dituen kalkuluen arabera, nekazaritza eremuetan eta beste leku ezegoki batzuetan legez kontra hondakin toxikoak isurita sekulako dirutza irabazten du Camorrak: 26.000 milioi dolar urtean.

Egoera horren alde ilunaren faktura herritarrek ordaintzen dute, ordea. BBC kate britainiarrak egindako txosten baten arabera, Campaniako gai toxikoen isurketak badu loturarik minbiziarekin eta sortzetiko malformazioekin: hogei urteko epean, eskualdeko gizonek dituzten tumore kopuruak %47ko hazkundea izan du, eta %40koa emakumeen kasuan.

Campaniako milaka herritar kalera protesta egitera irten izan dira urteotan. Minbiziaren eraginez hildako umeen erretratuak eramaten dituzte manifestari batzuek, eskualdea garbitzea beharrezkoa, premiazkoa, dela nabarmentzeko.

Antonio Giordano Minbizia Ikertzeko Sbarro Institutuko zuzendariak IPS agentziari orain aste batzuk esan zionez, egoera horren erantzukizuna agintariei dagokie: «Agintean dauden pertsonena da errua, zer gertatzen ari zen jakin arren, 30 edo 40 urtetan ezer egin ez zutelako».

Sabina Ladada arkitektoak GARA egunkariari 2008an esan zionez, ez da baztertu behar hondakin nuklearrak ere isuri izana Campanian.