Jose Angel Oria
irakurrita

Egiptoko militarrek hiesa sendatu dutela esan dute eta sare sozialak txistez bete dira

Herritarrak eta politikariak baztertu eta agintea erabat bereganatu duen Egiptoko armadak zientzialariak eta medikuak ere baztertu nahi dituela dirudi, hiesa eta hepatitisa sendatzeko gai den tresna bat garatu duela adierazi baitu. Horiek bai militar azkarrak! «Egiptoko armadak iseka egin die hiesdunei, ‘gaixotasuna sendatzen duen’ gailu bat aurkeztuta», idatzi dute ragap.es LGTB komunitateari zuzendutako atarian. «Gustu txarreko txistea dirudi, baina ez du inolako graziarik. Ulergaitza egiten zaigu herrialde bateko agintari gorenek tankerako ekimen bati sostengua ematea, Egiptoko telebista publikoaren bitartez GIB giza immunoeskasiaren birusa ezabatuko duen gailu iraultzaile baten ustezko sorkuntza munduari aurkezteko», dio Ragapek.

Erantsi dutenez, Ibrahim Abdel-Att armadako jeneralak adierazi zuen CCD Complete Cure Device (euskaraz, erabat sendatzeko gailua) izenekoa «Indar Armatuen garaipen bat dela». «Aurkezpen ekitaldian, Adli Mansur Egiptoko egungo presidentea eta Abdelfatah al Sissi indar armatuetako agintari gorena bera ere izan ziren. Jakina, bertaratu zirenen artean, ez zegoen aipatutako gailuaren benetako eraginkortasuna bere presentziarekin berretsiko zuen ez zientzialari ezagunik ez ikerlaririk. Ezinegona eragiten du herrialdeko Osasun Ministerioak aparatuari argi berdea eman izanak».

Oso bestelako balorazio egin dute Errusiako Ahotsaren ruvr.ru webgunean. «Errusiako Ahotsaren korrespontsala izan zen orain arte ezkutuan eduki duten proiektuaren arduradun nagusiekin hitz egiteko aukera izan zuen lehen kazetari atzerritarra. Indar armatuen Ingeniaritza Sailean izandako elkarrizketan, teknologia berriaren sortzaileak egon ziren: Ibrahim Abdel-Att jenerala, zerbitzu medikukoa, eta zerbitzu bereko Ahmed Amin koronela. Azken horrek esplikatu zizkigun teknologia berriaren ezaugarriak», zioen egileak, harrotasun puntu batekin.

Erantsi duen esplikazioaren arabera, Ingeniaritza Sailak bi gailu garatu ditu: batak birusa antzematen du, eta besteak hil egiten du. Tratamenduan erabiltzen dituzten prestakinak ere beraiek garatu dituzte eta, militarrek kazetariari esandakoaren arabera, medikamentu eta gailu berriak bai abereekin bai gizakiekin probatu dituzte. Hogei urteko lanaren fruitua omen da hiesa eta C hepatitisa sendatzeko gauza den metodoa. «Aizu, eta Abdel-Att jeneralak esan zuen medikamentuen azterketa kimikoen % 70 inguru Errusiako Dubna hiriko laborategietan egin zirela».

Errusiako hedabideak idatzitakoaren arabera, tratamenduak sei hilabete irauten du eta merkea da, «Mendebaldean izango lukeen salneurria baino askoz ere txikiagoa izango du». Beraz, «langile soil batek ez luke arazorik izango tratamendua bere poltsikotik ordaintzeko». «Berehala jarriko dugu abian. Aurrena, erietxe militarretan hasiko gara lanean, eta ondoren, erietxe zibiletan. Ofizialki, uztailaren 1ean hasiko gara gaixoak tratatzen».

CNN telebista katearen webguneak beste datu interesgarri bat eskaini du: «Alaren laguntzari esker lortu du Abdel-Attek hiesa eta hepatitisa sendatzea. Bere gailuak gaixoaren odola ateratzen du eta, tratatu ondoren, odol garbia itzultzen dio». “Abc” egunkari kontserbadore espainolak idatzi du zientzialariek zalantzan ipini dutela «ustezko asmakizuna». Madrileko egunkariak “Al Watan” Egiptoko egunkariak argitaratutako artikulu bat ere ekartzen du gogora. Bertan, Essam Heggy presidentearen aholkulari zientifikoak dio jeneralaren adierazpenek «Egiptoko zientzialarien eta zientziaren irudia kaltetzen dutela».

Egiptoko hedabideetan, Ibrahim Abdel-Att jenerala askotan agertu da azken asteotan, gailu berria goraipatzen. Elsolonline.com webgunean irakurri dugunez, militarrak esan du konpainia multinazional batek 2.000 milioi dolar eskaini zizkiola patenteagatik. CCDren aurkako «konspirazioak» ere salatu ditu Abdel-Attek. Ez da harritzekoa Egiptoko sare sozialetan gaiari buruzko txiste ugari zabaltzea. Militar horiek Mubarak diktadorea kanporatu zuen herrialdeko agintean egoteak beldurra eragiten du. Graziarik gabeko txistea da!