Aizpuru, Ioritz
asteari zeharka begira

Gurea komedia ote?

Modako pelikulari esker, euskaldunok uste baino barregarriagoak garela irakurri eta entzun dut azken egunotan. Esaterako, euskal umorea andaluziarrena baino graziosoagoa dela idatzi berri du Espainiako egunkari salduenetakoaren kritiko batek. Hara hor irauli historikoa! Eta arrakastaren gako nagusia zera omen da: hamarkada luzetako gure gatazka honetaz ere barre egiteko gai garela orain, eta honek berebiziko grazia egiten omen du Espainia aldean, baita hemen ere.

Bide beretik, ETAren desakralizazioa gertatzen ari dela ondorioztatu du analistaren batek. Hala izango al da? Ez dakit bada... Duela hiru aste eskas, Berriozarko inauterietako karroza bateko lau gazteren kontra egin du Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren aurrean salaketa jarriz, ETAkide gisa jantzita omen zihoazelako. «Terrorismoa goratzea» egotzi nahi diete (hau bai umore berezia, umore beltza).

Iaz Altsasun gertatutakoa ere ekar genezake gogora: Ospa Eguna zela-eta, Borboi erregeaz, militarrez, guardia zibilez, falangistez eta foruzainez bete zen herria, giro jatorrean, baina aste batzuen bueltan, alkatesari Madrilen deklararazi zioten. Bitxikeria zera da: nola ez diren festa zapuztaile hauen aurka altxatzen euskal umore berriaren zaletu horiek guztiak!

Jenero berri honen emaitza ikusita –pagotxa!–, pelikularen hasiera baino ez omen dugu ikusi. Aurreratu dutenez, Jesus Eguigurenek Genevan eta Oslon ETAko hainbat kiderekin izandako negoziazioak komedia gisa errodatzen hasi dira. Itxuraz, horren gidoilariari barregarri egin zitzaizkion Eguigurenen gorabeherak, segurtasun kontuak zirela-eta kreditu txartela ezin erabili eta bokatak eta kebabak jaten aritu behar izan zuelako. Nola ez, Josu Urrutikoetxea eta Xabier Lopez Peña ere irrigarri geratuko omen dira (damurik ez, ikusten denez, umoreak dena ahalbidetzen du-eta!)

Dudarik ez dut, zine-aretoak erraz beteko ditu filmak. Dagoeneko ikusi eta ikasi dugu, han eta hemen, askok eta askok ETAren armak betiko indargabetzen ikustea baino erakargarriago dutela pasarte honen ‘‘Euskadi Movie’’ren parodia. Zer egingo diogu? honela egina (edo desegina) dago gizakia. Onar dezagun, egun komedia egiteak ez du meritu handirik. Edo bai. Meritu ikaragarria izango luke, esaterako, Botswanako elefante-ehizaren inguruko komedia batek, ezta? Gidoia ez litzateke arazo, baina sosak...

Osasungarria da, oso, barre egitea. Osasungarri-agoa, gainera, beste inorez baino norberaren buruaz barre egitea. Baina are osasungarriagoa da errealitatea ezagutaraztea.

Aukeran, guztiontzat aberasgarriagoa litzateke Oslon eta Genevan gertatu zena pantailaratzea, baten bat gertaera hori bihurrituz eta desitxuratuz aberastea baino. Baina bi eskuetako hatzak aski dira euskal gatazkaren berri ematen duten film aberasgarriak aurkitzeko. Ahalegin hori zein garesti ateratzen den jakin badakite ‘‘Barrura begiratzeko leihoak’’ edota ‘‘Asier ETA biok’’en egileek, bere garaian ‘‘La pelota vasca’’renak bezala. Ikusteko dago Lasa eta Zabalaren tragediaren filmak zer harrera izango duen.

Irlandarrei inbidia diet. Zinemak bere gatazka ezagutarazten lagundu du eta, ondorioz, konpontzen: gerra zikina (“Ezkutuko agenda’’), presoen borroka (‘‘Semearen izenean’’, ‘‘Gosea’’), polizia eta epaileen gehiegikeriak (‘‘Aitaren izenean’’, ‘‘Igande odoltsua’’), IRAren sorrera (‘‘Michael Collins’’, ‘‘Garagarra astintzen duen haizea’’), borroka armatuaren kontraesanak (‘‘The boxer’’, ‘‘Omagh’’) eta abar. Hemen ez da antzeko istoriorik falta. Aste honetan bertan, oraindik ere hunkitu egin gaitu Pasaiako sarraskiaren 30. urteurrenak. Pelikula ikaragarria gordetzen duela inork ez luke ukatuko, baina martxa honetan baten batek komedia ez bilakatzearekin konformatu beharko? •