Haifa Zangana
IRAK BERRIA

Asko kostata lortutako eskubideei uko egitera behartutako emakumeen herrialde arabiarra

 Irak: Asko kostata lortutako eskubideei uko egitera behartutako emakumeen herrialde arabiarra
Irak: Asko kostata lortutako eskubideei uko egitera behartutako emakumeen herrialde arabiarra

Orain hamaika urte, 2003ko apirilaren 5ean, AEBetako tropak Bagdad Irakeko hiriburura sartzeko prest zeuden. Martxoaren 19an hasitako inbasioa bukatzear zegoen, eta erasotzaileek aurreikusi baino okupazio gogor eta tragikoagoa hasi zen. George Walker Bushen Gobernuak beste bederatzi estaturen laguntza izan zuen erasoa egiteko: Britainia Handia, Estatu espainola, Italia, Australia, Polonia, Filipinak, El Salvador, Kazakhstan eta Dominikar Errepublika.

Horiei guztiei leporatu diezaiekegu herrialde arabiarrak hamarkada asko atzera egin izana. Emakumeen egoeraren bilakaera da esanguratsuena. Gauzak nola dauden ulertzeko, ezinbestekoa da Haifa Zangana idazle irakiarrak urtarrilean Bruselan, Europako Parlamentuan, emakumeen egungo egoerari buruz eskainitako hitzaldia, orrialdeotan laburtu duguna. Okupazioaren aurkako Nazioarteko Sareko kide da egun Zangana. 1970eko hamarkadan, bera Irakeko Alderdi Komunistako kide gazte bat besterik ez zela, Saddam Husseinen Gobernuak atxilotu egin zuen. Britainia Handira 1976an iritsi zen, baina ez du inoiz Irak ahaztu: idatzi dituen eleberri guztiak bere herrialdeari buruzkoak dira.

****

«Irakeko Berri Agentzia Nazionalak urtarrilaren 24an jakinarazi zuen bezperako bonbardaketak 4 hildako eta 32 zauritu eragin zituela, umeak eta emakumeak barne. Eta hilaren 23ko Fallujaren aurkako bonbardaketak 5 hildako eta 14 zauritu eragin zituela, gehienak umeak eta emakumeak. Fallujako erietxea ere bonbardatu zuten. Irakeko Gobernuak Al Anbar probintziaren aurkako erasoarekin jarraitzen du. Malikik agindutako zigor kolektiboari ‘Mohammed Martiriarengatik Mendekua’ deitu zioten», hasi zuen hitzaldia idazleak.

«Al Anbar probintziako Falluja eta Ramadi hirietatik 65.000 pertsonek egin zuten ihes aste hartan, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoak eskainitako datuen arabera. Irakeko Lekualdatze eta Migrazio Ministerioak jakinarazi du iaz hasitako borrokek 140.000 herritar etxerik gabe geratzea eragin dutela. Horiei erantsi behar zaizkie beren etxeetatik ihes egin eta Iraken jarraitzen duten beste 1.130.000 pertsonak. Orain Bagdaden bertan eta Diyala eta Ninive probintzietan bizi dira gehienak. Nazio Batuek esan dute pertsona horiek etsita daudela, itxaropenik gabe, eta janariak, laguntza sanitarioa eta beste gauza asko behar dituztela. Segurtasunik ez dagoenez, orain aste batzuk ihes egindako familia askok berriz ihes egin beharra izan dute», deskribatu zuen azken urteotako egoera.

«Zergatik ari naiz kontu horietaz hizketan, eta ez emakumeak jabetzeko neurrien edota genero berdintasuna lortzeko tailerren inguruan? Emakumeen arazoak beren osotasunean aztertzeko eta proposamen politiko baliagarriak egin ahal izateko emakumea ezin delako ulertu gizartetik kanpo dagoen zerbait bezala, gizarte horren zati bezala baizik, gizonarekin batera. Utz iezadazue txostena irakurtzen jarraitzen», esanez esplikatu zuen bere hitzaldiaren norabidea. «Ihes egindako pertsona askok ez dute dirurik janaria erosi ahal izateko, ezta euria hasten duenerako arropa egokirik ere, umeak ez dira eskolara joaten eta baldintza sanitarioak negargarriak dira, emakumeentzat batez ere. Iheslarien sufrimendua ez da bakarrik etxea galdu izanak eragindakoa: auzoa, komunitatea, eskolak, osasun zerbitzuak eta familiak ematen duten segurtasun sentsazioa ere galtzen dira egungo Iraken etxea uztean. Gainera, nortasun berria eraiki behar da. Galera horiek sekulako beldurra, depresioak, antsietatea eta trauma ondoko estresa eragiten dituzte. Bizirik ateratzeko ezinbesteko diren gauza oinarrizkoenak ere kaltetzen ditu emakumeen egoerak atzera horrenbeste egin izanak», esan zuen idazleak parlamentarien aurrean.

Irak AEBek eta aliatuek inbaditu zutenetik herrialde hartan nagusitu den indarkeriaren biktimetako bat emakumeen eskubideak izan dira: «Horrenbesteko indarkeriarekin, asko kostata lortutako eskubideei ere uko egin beharra izan dute irakiar emakumeek: lana, mugimendu askatasuna, poligamia deuseztatzea, hezkuntza eskubidea eta osasun zerbitzua. Eskubide horien alde aritu beharrean, beraientzat eta etxekoentzat babesa bilatzera behartu dituzte».

Irak inbaditu eta okupatu aurretik, bertako hezkuntza, osasun sistema, industria, azpiegiturak eta garapen teknologikoa beste herrialde arabiarretakoak baino askoz ere hobeak ziren. Orain, aldiz, Zanganak deskribatutako miseria eta beldurra baino ez daude herrialdean. Horixe lortu zuen AEBen eta aliatuen erasoak. «Atzerapauso ikaragarria» izan da okupazioa emakumearentzat, batez ere bi arlotan: segurtasuna eta nazioarteko printzipioak errespetatuko dituen justizia sistemari dagokiona, eta horrek eragiten du emakumeen zein gizonen eskubi- deak hain erraz bortxatzea; eta beste arloak eremu publikoko genero indarkeriarekin zerikusi handia du, eta hori oso garrantzitsua da batez ere gerra eta okupazio egoeretan, gatazka armatuetan, bortxaketarako, gehiegikeria sexualetarako eta gizon zein emakumeen salerosketarako testuinguru egokia eskaintzen duelako.

Intentsitate txikiko gerra

«Irakek intentsitate txikiko gerra jasaten jarraitzen du. 2013an 9.500 zibil hil zituzten. Bizitza eskubidea eta segurtasun fisikoa dira intentsitate txikiko gerra horren lehen biktimak. Gerra horrek emakumea kaltetzen du, zuzenean edo zeharka (etxeko gizona hiltzean familiaburu bihurtzen dira). Gerrak eta okupazioak milioi bat irakiar baino gehiago hil dituzte, eta beste horrenbeste alargun eta bost milioi inguru umezurtz eragin dituzte».

«Hilero, azken egunean, alargunak gizarte laguntzarako bulegoetan ilaran jarrita egoten dira, beren eskariak egiteko edo normalean berandu iristen diren laguntzak kobratzeko zain. Kalean leku batetik bestera ibiltzen dira artikulu merkeak salduz, edo meskita eta beste erakunde erlijiosoen sarreran jartzen dira, leku horietan banatzen diren mantak, arropa eta janaria lortzeko itxaropenarekin. Eskale bihurtu diren emakumeen fenomenoa asko hazi da Iraken. Gobernuaren erantzun bakarra izaten da emakumea atxilotzea eta kartzelara sartzea, sufrimendu hori saihestuko lukeen konponbidea aurkitu beharrean. Alargunari ematen zaion laguntza 85 dolarre- takoa da, batez besteko soldata 210 dolarretakoa denean.

«Lanari dagokionez, sektore pribatuko langileen %2 baino ez dira emakumeak. Etxe askotan, %10ean, emakume bat da familiaburu: alargun, dibortziatu edo banandutako emakume bat, edo gaixo dagoen senarra zaintzen duen emakumea. Gizartearen sektorerik ahulena osatzen dute, pobrezian bizi dira eta ez dute behar adina jaten. IKN erakundearen txosten baten arabera, emakumeen %14k egiten dute lan, edo lana bilatzen saiatzen ari dira. Gizonen artean, %73k. Lanean ari diren gehienak nekazariak dira eta tituluren bat duten emakumeei gehiago kostatzen zaie lana aurkitzea: batxilergo titulua duten emakumeen %68k ez dute lanik. Emakumeen egoera halakoa den bitartean, astero 800 milioi dolar legez kontra ateratzen dira herrialdetik, irakiar guztiak behar oinarrizkoenak ase ezinik geratzen direla».

«Heriotza-zigorra. Exekuzio gehien egiten diren herrialdeen artean dago gaur egun Irak. Uste da 1.300 irakiar daudela heriotzako korridoreetan, horietako batzuk emakumeak. Exekuzio batzuk ezkutuan egiten dira. Egungo legediaren arabera, 48 delitu zigortzen dira heriotzarekin. 2013an 169 pertsona exekutatu zituzten, AEBek herrialdea 2003an okupatu zutenetik kopururik handiena. Exekuzio gehien egiten dituzten herrialdeen sailkapenean, hirugarren lekuan dago Irak, Txina eta Iranen atzetik. Iraken azken bolada honetan exekutatutako pertsona guztiei terrorismo delituak leporatu zitzaizkien, 2005eko Lege Antiterrorista dakroniarraren arabera».

«Navi Pillay Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi komisarioak Irakeko justizia sistema hiltegian abereei emandako tratuarekin alderatu zuen. Erantsi zuen sistemak akats gehiegi dituela heriotza-zigorra berme guztiekin ezartzeko, eta egoera larriagotzen da aldi berean dozenaka exekuzio ezartzen direnean. Bere ustez, heriotza-zigorrak indarkeria murrizteko lana kaltetzen du. Gizon zein emakumeek torturak, gehiegikeria sexualak, bortxaketa mehatxuak eta benetako bortxaketak jasan izaten dituzte».

«Exekuzioen ondorioak, eta gizon asko beraien aurkako kargurik gabe eta epaiketarik egin gabe denbora askoan edukitzea, kasu askotan etxetik oso urruti dauden espetxeetan, katastrofikoa da emakumeentzat, familia aurrera ateratzeko zama guztia beraien gainean geratzen baita».

«Hezkuntzari dagokionez, Oxfamek 2007an argitara eman zuen txostenaren arabera, Irakeko umeen %92k arazoak dituzte ikasteko garaian. Eskola gehienak baldintza penagarrietan daude ustelkeriaren eraginez. Komun egokirik ez dute, eta hori oso kaltegarria izaten da, batez ere neskentzat. Gurasoei kosta egiten zaie umeak eskolara bidaltzea, eraso militarren eta segurtasun ezaren eraginez. Pobrezia, eskola urruti egotea, garraiorik ez izatea eta umeek etxean lan egiteko dagoen beharra erantsi behar dira».

«Goi mailako hezkuntzari dagokionez, 400 irakasle bahitu eta erail izanak eragin du milaka irakaslek herrialdea utzi izana. Kualifikaziorik ez duten irakasleek hartzen dituzte lanpostu horiek, titulu faltsuak aurkeztuta. Sektaren eta Gobernuarekiko leialtasunaren araberako mesedeak izaten dira lanpostu horiek. Ondorioz, hezkuntza oso kalitate eskasekoa izaten da, eta ikasleek emaitza txarrak lortzen dituzte».

«Emakumeak eta politika. Irakeko Konstituzioaren 47. artikuluak bermatzen du Parlamentuko diputatuen %25 emakumeak izatea. Feministek zein nazio- arteko komunitateak txalotu izan dute kuota hori, ‘Irak Berriaren lorpen handia’ delakoan. Egia esan, kuota horrek ez du eraginik emakumeen benetako egoeran. Askotan erabiltzen da kuota okupaziopean emakumeen aurka egindako krimenak ezkutatzeko. Gainera, Gobernuak berak ez du betetzen kuota hori: 2010ean osatutako Exekutiboak 44 ministerio ditu, eta bakarra dago emakume baten zuzendaritzapean: Emakumeen Gaietarako Ministerioa. Gainera, Ibtihal al-Zaidino ministroa ez da gizonaren eta emakumearen arteko berdintasunaren aldekoa».

«Emakume parlamentario gehienek ez dute agertu emakumeen eskubideak defenditzeko borondaterik; alderdiak esandakoa errepikatzera mugatzen dira. Beraz, mahaiaren gainean jarri beharko genuke zertarako balio ote duen emakumeak Parlamentuan izateak. Esaterako, Jenen Al-Ubaedey parlamentariak beste edozein diputatuk baino gehiago justifikatu izan ditu genero indarkeria eta poligamia».

«Manifestazio eskubidea ere galdu dugu Iraken. 2011ko ekainean, Gobernuaren sostengua zuten gizon armatuek manifestari baketsuei eraso egin zieten Bagdad hiriburuko Tahrir plazan, segurtasun indarrek beste aldera begiratzen zuten bitartean. Gobernuak honela erantzun zuen: legedia gogortuz eta suni eremuetan atxiloketa asko eginez. Ekintzaile eta politikari ezagunenak izaten ziren atxilotuak. Kazetariei eta hedabideei ere eraso egin izan diete Gobernuaren aldekoek».

«Genero indarkeria oso larria da eremu publikoan. Kalean segurtasunik ez izateak, errepideko kontrolek, suntsitutako osasun sistemak eta kutsatutako urak, beldur, antsietate eta etsipen sentimenduekin nahastuta, amak beste inor baino gehiago kaltetzen dituzte. Era seguruan umea erditzea pribilegio bihurtu da, giza eskubidea izan beharrean. Haurdunen % 38k anemia daukate. Gainera, finantziazio arazoak direla-eta, 2010ean NBEak Irakeko kanpaina humanitarioa murriztea erabaki zuen; ondorioz, ezin du janaria banatzen jarraitu. Egoera horrek batez ere 800.000 haurdun eta jaioberriak dituzten emakume kaltetuko ditu. Baita eskolara joateko adinean dauden beste milioi bat ume ere. Amen hilkortasun tasa inguruko herrialdeetako handiena da. Heriotza horien %80 saihesteko modukoak dira. Emakumeen %47k diote arazoak izan dituztela sistema publikoko osasun zerbitzua jasotzerakoan, ezin ordaindu zeudelako».

«Sortzetiko malformazioak ere nabarmentzeko modukoak dira. Irakeko mendebaldean dagoen Falluja hirian (Al Anbar probintzian) ezkontzen diren emakume gazteek ez dute haurdun geratu nahi, jaioko diren umeek malformazioak izango dituzten beldurrez. 2004ko azaroan, AEBetako Armadak fosforo zuria erabili zuen Fallujaren aurkako erasoetan. Chris Busby doktoreak, Fallujako egoera sanitarioa aztertu zuen ikertzaileak, esan du hiriko biztanleek Hiroshima eta Nagasiko bonbardaketa nuklearretatik bizirik atera zirenek baino minbizi, leuzemia, ume hilkortasun eta mutazio sexual gehiago izaten dituztela. Mosul, Najaf, Basora, Hawiya, Ninive eta Bagdaden ere sortzetiko malformazio asko izaten da, Mozhgan Savabieasfahani Michigango Unibertsitateko toxikologoak jakinarazi duenez».

«Legearen aurka pertsonak trafikagai hartzea ohiko bihurtu da Iraken, nahiz eta fenomeno horren aurkako NBEren agiriak sinatu dituen Gobernuak. Organo trafikoa, prostituzioa eta eskaletasuna izaten dira helburuak. 16 urte bete gabe dituzten neskengatik 30.000 dolar ordaintzen dira; adin horretatik gora, 2.000 dolar. 10 urte besterik ez zituzten neskak eraman izan dira Jordania, Libano eta Saudi Arabiara, esaterako, sexualki esplotatzeko».

«Torturak, gehiegikeria sexualak eta okupatzaileek Abu Ghraiben eta tankerako lekuetan egindako bortxaketak ez dira amaitu, nahiz eta Barne eta Defentsa Ministerioak diren egun segurtasun indarren arduradunak. Indar horiek estatubatuarrek eta britainiarrek gaitu zituzten».

Emakumea familiaburu bihurtzeak suposatzen duena eta Al Anbar probintzia zergatik zigortzen ari diren esplikatu ondoren, egileak honakoa erantsi zuen: «Irakeko emakumeei arazo nagusia zein den galdetzean, segurtasuna erantzuten dute. Ondoren ageri dira osasuna, hezkuntza eta lana. Esku hartze politikorako eta demokrazia garatzeko tailerrak antolatzea oso ondo dago, baina gatazka garaietan, edo gerra baldin badago, hori azken lehentasuna izaten da».

 
HAIFA ZANGANA: 9 URTEKO NESKEN DIBORTZIOA ETA ETXEKO BORTXAKETA

Haifa Zanganak bere hitzaldian margotu zuen egoera larritu dezake aurki Jaafari Legeak, umeen ezkontza eta ezkontza bortxaketa legeztatuko dituelako, aurkariek nabarmendu dutenez. Gaia mahaiaren gainean apirilaren 30ean egingo diren hauteskundeen aurretik jarri denez, begirale batzuek adierazi dute Nuri al Maliki lehen ministro xiitaren maniobra bat besterik ez dela Ministroen Kontseiluak otsailaren 25ean onartutakoa, hauteskundeen ondoren Fadhila indar xiitarekin koalizioa egin ahal izateko. Edonola ere, legea indarrean sartuz gero, ikaragarrizko atzerapausoa izango litzateke emakumeen eskubideei dagokienez, eta erlijioen araberako tentsioak gora egingo luke. Legearen artikuluetako batek baimentzen du bederatzi urtetik gorako neskak dibortziatzea. Beraz, adin horretatik beherako neskei ezkontzeko aukera ematen die. Beste artikulu batek emakumea behartzen du senarrarekin harreman sexualak izatera, gizonak eskatzean. Ezkontza bortxaketa legeztatzen duela diote legearen aurkakoek. Aldekoek esaten dute egungo Iraken ohikoa dena legeztatzea besterik ez dela beraien helburua. «Legearen nahia da erlijio bakoitzak arautzea eta antolatzea gauzak bere fedearen arabera», adierazi zuen Ammar Toma Fadhila alderdiko diputatuak.