Unai Gorrotxategi
komunikazioa

Neutraltasunaren mugak

Bidasoa ibaian marraztu diguten mugak modu askotara eragiten digu. Teknologiaz edo komunikazioaz ari bagara, mugikorrean ikusten dugu eragin handiena. Alde batetik bestera zeharkatzeak roaming hitzaren esanahia ulertzera behartu gaitu. Roaming zerbitzuaren bitartez, telefono konpainiek beste estatuetatik konektatu edo deitzeko aukera ematen digute. Ordainean, ordea, bidesari zentzugabeak ordaintzen ditugu. Horrela, Bidasoa zeharkatzen dugunean, egiten ditugun deiak mugatzera eta Interneterako konexioa itzaltzera behartuta gaude. Bidesari horiekin bukatzeko, Europako Parlamentuko Industria Kontseiluak Connected Continent izeneko lege sortari bere babesa eskaini zion eta dagoeneko Europar Ganberak horietako proposamen batzuk bozkatu eta onartu ditu.

2015eko abenduaren 15a izango da neurri horiek aplikatzeko azken eguna. Berri pozgarria inondik inora, 2016tik aurrera Europar Batasuneko estatuetatik bidaiatzean egiten ditugun deien gastuetan sorpresarik eramango ez dugulako. Gainera, Euskal Herriaren kasuan, muga txiki bat gainetik kenduko dugu eta Iparraldetik Hegoaldera eta alderantziz mugitzen garenean, dei eta datu konexioek ez dute gastu gehigarririk izango.

Hurrengo lehia, Connected Continent lege proposamen guztien onarpena litzateke, proposamen horietako batzuek Interneteko neutraltasuna babestu nahi dutelako. Internet sarearen neutraltasunaz hitz egiten dugunean, azpiegitura fisikoek jarritako oztopoez gain, datuek mugitzeko duten askatasunaz ari gara. Hau da, bi ordenagailuren artean datuak inongo kontrol edo iragazkirik gabe mugitzeko eta bidaltzeko aukeraz. Neutraltasun hori hautsiko balitz telekomunikazio enpresek beren sareetatik atzi ditzakegun webgune eta zerbitzuak mugatu ahal izango dituzte.

Ezingo genituzke VoIP bezalako aplikazioak erabili, adibidez. VoIPak Internet bidez beste telefono eta ordenagailuekin audio bidez konektatzeko aukera ematen du. Fitxategien trukea ahalbidetzen duten P2P sareak erabiltzeko zailtasunak izan genitzake, gainera, enpresa horiek apropos abiadura mantsotu edo zuzenean datuen garraioa debeka baitezakete.

Imajina dezagun Ane. Bere konexio arrunta ordainduta, nabigatu eta posta elektronikoa erabiltzeko aukera du. Aldiz, nabigazio horretan ez da sartzen Google aplikazioak erabiltzeko aukera, horretarako gehiago ordaindu behar baita. Beñatek, aldiz, premium konexio bat du eta konexio horretan Aneri ukatzen zaizkion zerbitzu guzti horiek eskaintzen dira: Google bilaketak, Skype erabiltzea edota P2P bidez fitxategiak elkartrukatzeko aukera.

Gaur egun, telefonia konpainia askok mugatzen dituzte P2P eta VoIP konexioak. Konpainia batzuek konexio horiek egitea galarazten dute eta beste batzuek egiten den erabilpenaren arabera kobratzen digute. Internet sarearen neutraltasunak edozer motatako konexioak egitea ahalbidetuko luke, baina ez hori bakarrik. Besteak beste, neutraltasunak konexio guztien bideratze lehentasuna berdinduko luke. Konexio lehentasuna enpresa edo estatuek, beraien interesen arabera, hein batean molda dezakete. Lehentasuna interes ekonomiko edo politikoen arabera moldatuz, konexio bide onak eta txarrak dituzten erabiltzaileak edukiko genituzke. Estatu edo enpresa boteretsuenek konexio hobeak izango lituzkete, eta zerbitzu hobeak, informazioa azkarrago eskuratzeko aukera eta beste abantaila asko. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa dugu sare neutraltasuna bermatu eta defendatzea. •