oihana.llorente@gaur8.info
Elkarrizketa
ISABEL ALBA RICO
IRUDIAN ADITUA

«Nik beti txikira egiten dut apustu; mundua aldatu beharrean, mundua aldatuko duen belaunaldia hezi nahi izan dut»

Madrilen jaio arren, borondatezko erbesteratzeak ekarri zuen gure artera. Literatura du espresatzeko bide eta gidoigintzak eman zizkion lehen sosak. Kameraren atzeko lana eskolara eraman eta etorkizuneko belaunaldiak imajinan alfabetatuz eman zituen bi belaunaldi. Egun, literaturan murgilduta, “La verdadera historia de Matias Bran” eleberriaren bigarren alea prestatzen dabil.

ISABEL ALBA RICO
ISABEL ALBA RICO

Oso gaztetatik aritu zara gidoilari lanetan.

17 urterekin eta “Barrio Sesamo” saio mitikoan lortu nuen nire lehen lanpostu ofiziala. Aurretik, baina, 15 bat urterekin edo, lantxoak egiten nituen. Beste pertsonek nire lana sinatu eta sosa batzuk ematen zizkidaten. Irratirako aritu nintzen horrela.

Gidoilari izatearekin amesten al zenuen umetan?

Egia esan, ez. Are gehiago, ez dut inoiz gidoilari gisa aritzea erabaki. Umetan idazten eta margotzen igarotzen nuen eguna. Idazlea izan nahi nuen.

Zerk eraman zintuen orduan gidoilari izatera?

Beti izan naiz oso pertsona independentea. Barkatu, pertsona baino, emakume independentea esan beharko nuke! Nire diru sarrerak edukitzea gustuko izan dut beti, eta, ez dut inoiz inoren beharrik eduki. Hemezortzi urterekin etxetik kanpo bizi nintzen ordurako. Eta beti bakarrik aurkitu dut bizitza aurrera ateratzeko modua. Virginia Woolfek zioen independentzia ekonomikoa boterea dela. Ni erabat nator horrekin. Inoren menpe egon behar ez izateak libreagoa izaten laguntzen du, eta zure buruari traizioa ez egiteko aukerak murrizten ditu.

Ikasketaz filosofoa zara.

Hala da, Filosofia ikasketak egin nituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Behar pertsonal batek bultzatu ninduen ikasketetara, ez nuen bizitza aurrera ateratzeko aukeratu. Galdera asko nituen eta ikasketek asko argitu zizkidaten. Gaitasun asko ere eskuratu nituen: analisi eta antolakuntza gaitasuna, pentsamendu sakontasuna....

Zer-nolakoa da gidoilarien ofizioa?

Sortze lan bat da, baina, oso-oso prekarioa. Ez duzu segurtasunik, ez garantiarik, ez deus... Oso pertsona gutxi bizi da gidoigintzaz, eta emakumeak, are gutxiago. Tamalez, ikus-entzunezkoa gizonen mundua da baita ere. Lan mota honek, alabaina, defentsa asko ematen dizkizu, egokitzeko gaitasun handia. Badakizu nola edo hala aurrera aterako zarela, zer edo zer aurkituko duzula eta horrek konfiantza ematen dizu. Pertsona oso antolatua izatera behartzen zaitu, baina, era berean, denbora nahi moduan antolatzeko aukera eskaintzen dizu.

Egin dituzun lan gehienak umeei zuzendutakoak dira.

Bai, Espineterekin hasi eta “La bola de cristal” saioan aritu nintzen ondoren. Marrazki bizidun askotan ere ibili naiz, tartean, “Willy Fog” edo “Zipi eta Zape”.

Pantaila handian aritu zara?

Zinemarako gidoi batzuk egin ditudan arren, ez dira inoiz pelikula izatera iritsi. Hala ere, orain gutxi dokumental bat zuzendu dut. “Será feminista o no será”, feminismoak Nafarroan izan duen historia jaso dugu eta lehen aldiz egin ditut zuzendari lanak.

Zuk egindako zein gidoi duzu gustukoen?

Egia esaten badut, inoiz ez dut egin gustatuko litzaidakeen gidoi hori.

Eta beste alor artistikoetan, zein da zure obra preziatuena?

Hau entzutean zuzendari guztiek akatuko nautela jakin arren, nire ustez ikus-entzunezko munduan ez dago jabetzarik. Niretzako lan guztiak kolektiboak dira. Ez badugu denok elkarrekin lan egiten, ezerk ez du funtzionatzen. Edozein proiektutan nik nire aletxoa jartzen dut, nirea den zerbait bezala sentitzen dut eta horrela murgiltzen naiz, baina denona da. Horixe da prozesuen alderdi polit eta aberatsena.

Zerk ekarri zintuen Euskal Herrira?

Aita Bilbokoa nuen eta amona –amaren ama– nafarra. Haurtzaroko oporraldi asko Euskal Herrian eman nituen eta oso gustukoa nuen. Benetan etorrarazi ninduena, baina, borondatezko erbesteratze bat izan zen. Nire amak, Lolo Ricok, “Televisión fabricada en mentiras” liburua idatzi eta gogor salatu zuen telebistaren manipulazioa. PSOE zegoen orduan Gobernu espainolean eta errepresalia gogorrak hartu zituzten nire amaren eta bere ondorengoen aurka. Ikus-entzunezko munduan betatuta egotera iritsi ginen. Banandu berri nengoen, gainera, eta nire ahizpa Euskal Herrirantz zetorrela ikusita, harekin etortzea erabaki nuen. Nire alabak hiru urte besterik ez zituen Donostiara iritsi nintzenean. 1994. urtea zen hura.

Euskal Herrian bira ederra eman zuen zure bizitzak, ezta?

Hasiera batean Donostian egonda ere, Interneti esker, Madril eta Bartzelonako ekoiztetxeetarako gidoiak egiten jarraitu nuen. ETBrako ere lan egin nuen, 64 telesailean, adibidez. Baina, bai, Donostiara etorri berritan hezkuntzan murgildu nintzen. Nire benetako bokazioa deskubritu nuen bertan.

Nolatan eman zenuen jauzia?

Urritasun garaia zen hezkuntzaren alde egin nuenean. Apustu arriskutsua egin nuen eta irakasle moduan trebatu behar izan nuen. Aspalditik egiten nituen gidoiak, baina ez nekien gidoiak nola idazten ziren. Nik neuk ikasi behar izan nuen lehenengo.

Adin guztietako ume eta nerabeekin aritzen zinen, ezta?

Bai, 5 eta 18 urte arteko ikasle mordoa trebatu ditut; etorkizuna, azken finean! Larrotxene kultura etxean hasi nintzen eskolan ematen; bertan, ikus-entzunezko modulua sortzeko aukera izan nuen eta esperientzia zoragarria izan zen. Nik ez nuen erakusten, nik jendeari eginarazi egiten nion. Aholkularitza egiteaz gain, bitartekoak doan uzten genituen, bai eta harreman sareak sustatu ere. Ikasleen produkzioa ikaragarrizkoa zen. Gure lana erreferentzial bilakatu zen.

Gustura aritzen al zinen?

Nik nekiena besteei erakustea gogoko nuen, baina intentzio politiko batekin egiten nuen. Gidoia erakusten nuen bai, baina jende kritikoa sortzeko helburuz. Ikus-entzunezko mundua, arma eta babes ezkutu bezala erabiltzea nahi nuen. Irudiak aztertzeko eta sortzeko gaitasuna izatea nahi nuen, ikus-entzunezko alorrean ere jabetzea, finean. Jende aktiboa sortu nahi nuen, borrokatzeko gai dena. Helburu hori gabe, hezkuntza ez litzateke funtsezkoa izango niretzat.

Beti mundua aldatu nahian?

Ez pentsa. Nik beti txikira egiten dut apustu; mundua aldatu beharrean, mundua aldatuko duen belaunaldia hezi nahi izan dut. Sistema kapitalista aldatuko duen belaunaldia, hain zuzen ere. Telebista eredua aldatzeko nahitaezkoa da sistema kapitalistarekin bukatzea.

Eta beti gazteekin.

Dena dago lotuta. Perspektibarekin ikusita, loturaz ohartzen naiz orain: umeei zuzendutako saioetan lan egin ez banu, ez nintzateke gero gazteen hezkuntzan arituko.

Zer da imajinan alfabetatzea?

Irudiak irakurtzen jakin eta horien aurrean kritikoa izatea da gakoa. Ideologikoki esan nahi dutenaz ohartzea, ondo errealizatuak dauden edo ez baloratzeko gaitasuna izatea... Azken finean, irudien aurrean erabateko pasibotasuna ez izatea da kontua. Hori, gainera, umetatik egin behar da, telebista zurrupatzen dutelako.

Ez zara askotan telebista aurrean jartzen diren horietakoa izango...

Ba, orain inoiz baino gehiago. Eskizofrenia garaia gainditzen duzunean, gaizki eginda dagoen eta erabat matxista den pelikula erromantiko baten aurrean, pelikula osoa negarrez igaro dezakezu. Emozionalki disfrutatzea eta gaitasun kritikoa edukitzea ez daude lehian!

Zergatik utzi zenuen Larrotxene eskola?

Hamabost urte generamatzan lanean, modulua ezin hobeto zihoan, baina modu oso prekarioan aritzen ginen. Gure borondateaz baliatzen ari ziren. Kontratua bukatzear zegoenean, baldintza egokiagoak exijitu nizkion Donostiako Udalari, garai horretan PSOEri. Ez zuten uste alde egiteko determinaziorik izango nuenik, baina izan nuen. Inorekin ezkontzen ez naizen horietakoa naiz, galtzeko ezer ez dut eta nire buruarekin kontsekuente izateari garrantzitsu deritzot. Behar publiko bat egoitza publiko batean asetzen nuen. Hori zen nire lema, eta, gaur egun aldarrikapen hori gogo biziz errepikatu beharko litzateke.

Ez zinen, baina, bakarrik joan.

Ez, irakasle taldea eta ikasleak nirekin etorri ziren. Larrotxene hiru hilabetez itxita eduki behar izan zuten. Guk, aldiz, eskolekin jarraitu genuen, Easo Politeknikoan utzi zizkiguten geletan.

Formazioa albo batera utzi eta literaturara egin zenuen salto ondoren.

Bai, irakasten jartzen nuen energia idazten jarri nuen. Hala ere, eleberriekin buru-belarri jarri aurretik, 2011. urtean, “Kameraren atzetik: Irudien bidez narrazioak egitea” liburua idatzi eta argitaratu nuen. Nire barruan dudan hezitzailearen ondarea da, legatu moduko bat. Nik dakidan hori edozeinen eskura jarri nahi nuen liburu honekin.

Eta ordutik literatura duzu lehentasun?

Nire espresatzeko modua literatura izan da beti. Gidoilari moduan atera nuen bizitza aurrera, eta, nire bokazioa hezkuntzan aurkitu banuen ere, umetan idazle izatearekin egiten nuen amets. 2003an argitaratu nuen nire lehen nobela, “Baby Spot”, eta, 2011. urtean “La verdadera historia de Matias Bran” eleberriaren lehen aleak ikusi zuen argia. Orain frantsesez aterako da. Euskaraz lehenago ateratzea gustatuko litzaidake baina oraingoz, ezin.

Zertan zabiltza une honetan?

“La verdadera historia de Matias Bran” eleberriaren bigarren zatian murgilduta nago, trilogia bat da-eta. Tartean beste nobela bat idatzi dut, gizon eta emakumeen arteko harremanen inguruan, baina errekamaran utzi dut. Ez diot editoreari ere bidali.

Berezia da eleberria.

Bai. Historikoa da, baina, aldi berean gaur egunaz ari da. Guden arteko iraultza egoeran dago kokatua, baina gaur egungo elementuei keinuak eginez. Pertsonai gehienak, indarra duten horiek bereziki, emakumeak dira. Historian beti isilduak izan diren emakumeak. Konprometitua da politikoki.

Hamaika modutan, baina, beti konprometitua?

Artistikoki adierazten zaren unetik, posizionatzen zara. Kontrakoa dioenak gezurra dio. Bertolt Brechtek zioen neutralek beti egiten dutela botere nagusiaren alde. Hala da, artean ez dago neutraltasunik. Literatura politikoa eta konprometitua idazten dudala esaten didate niri. Nik, aldiz, literatura idazten dudala erantzuten diet. Nire obran, gainontzekoenetan bezala, idazlearen begirada dago, posizio ideologikoa. Banandu ezin den begirada da hori. Begirada guztiak politikoak dira eta nik, noski, intentzionalite politiko bat dut nire liburuetan ere. Gainontzekoen begiradak ere esnatu behar direlakoan nago, ohartu eta botereari men egiteari utz diezaioten.

Itxura ere berezia du eleberriak.

Genero narratibo desberdinak erabiltzen ditut espresatzeko: gidoia, poesia, antzerkia, literatura... baita marrazkiak eta irudiak ere. Denak uztartzeko beharra sentitu nuen. Sortzailea denak, nire ustez, modu desberdinak behar ditu agertzeko. Bilaketa modu desberdinak dira, azken finean. Nire ibilbide guztia lotuta dago, batak bestean eragiten du eta argazkilaritzak ere nire obran eragina izan du.

Argazkilaritzan ere aritu zara, orduan?

Margotzea izan dut gustuko umetatik. Argazkiarekin esan nahi duzunak baino, kalitate teknikoak hartzen du garrantzia. Teknikak esanahia eklipsatu egiten du. Hala uste dut nik, behintzat. Egun batean, baina, telefono mugikorrarekin ia nahigabe nenbilela argazki bat atera eta argazkilaritza deskubritu nuen. Argazkiekin margotzea erabaki nuen, kalitatea &softReturn;degradatu eta esanahiari lehentasuna emanez esperimentuak eginez. 2011n hainbat erakusketa egin nituen.

Euskaraz eta umeei zuzendutako saio batean ikusi dugu zure sinadura.

Bai, Txantxariak saioan. Euskara ardatz eta euskal abesti eta jolasak transmititzea helburu duen telebistarako saioan. Urtxintxa eskolarekin batera aritu nintzen.

Zuk, baina, ez dakizu euskaraz.

Ez. Nik hemen bota ditut sustraiak, baina euskararekin beti izan dut zorra. Hala ere, oso modu desberdinetan saiatu naiz zor hori kitatzen. Lehenik eta behin, nire alaba euskaraz eta Euskal Herrian heziz. Bigarrenik, “Kameraren atzetik” liburua euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean argitaratuz. Eta azkenik, Txantxariak egitasmoan parte hartuz.

Txantxariak egitasmoarekin Isabel Albaren beste alderdi bat ezagutu dugu.

Bai, hezitzaile alderdia aholkularitzara zuzendu nuen. Nik gidatu besterik ez ditut egin.

Lehen aldia zenuen aholkulari lanetan, baina ez da azkena, ezta?

Ez. Dokumental batekin ari naiz orain. Emakume baserritarren inguruko erreportajea da eta euskaraz eta gaztelaniaz izango da. Ez dut ezer gehiago aurreratuko. Oso pozik nago lan honetan ere.