Josu Imanol Unanue

Diru barik ezer egiterik ba al da?

Aspaldion konfiantza barik gabiltza guztiok; geure bizitzak guk geuk antolatu beharrean, beti zain ea zer etorriko den handik edo hemendik. Besteen esku utzi ditugu gure betebeharrak, eta, hori gutxi balitz bezala, ez dugunean ezer lortzen etsipena nagusitzen zaigu.

Oraindik ez gara ohartu zer-nolako gizartean bizi garen. Izan ere, egia bada ere lehen ia dena erakundeetatik antolatzen zela, berme hori galtzen ari da. Esaten digute diru gutxi dagoela hau edo bestea egiteko. Egia edo gezurra den jakin ez arren, mezua zuzena da: orain arteko dinamika amaitzera doa, erakundeak ez dira aurrerantzean gure babesle izango. Jasotako zerbitzuengatik ordaindu beharra izango da kasu gehienetan, lehentasunak erakundeek markatuko dituztelarik.

Aisialdia ez da musu-truk aterako, are gutxiago oinarrizko zerbitzuak, kultura arloko eginkizunak edota osasun zerbitzuak. Egia esan, dirua esku gutxitan dago eta txarto erabili izan da. Eta oraindik dagoen gutxia, gutxi-gutxika desagertuko da; esan dezakegu, beraz, orain arte ohikoa izan den bezala ez dela gastatuko. Zerbitzu guztiak gutxitu dira, eta, hortaz ohartu ezean, gure bizitza antolatu ezinean aurkituko gara. “Ama-aita erakunde” sistema hura, badoa betiko pikutara. Umezurtz geratuko gara.

Orain gutxi, herriko gazteen artean inkesta bat egin zen, jakiteko, besteak beste, nola ikusten dituzten udal zerbitzuak, antolatzen diren ekintzak, zer aldatu behar den... Beraien iritziz, ezer gutxi antolatzen da erakundeetatik eta gutxiago gazteentzako; zerbitzu gabezia dago. Amaitzeko eta ondorio gisa, etorkizuna beraiena dela zioten gazteek.

Koitaduak! Nire ustez, oso erratuta daude, gazteek ez dute egon behar erakundeen menpe. Gutxiago erakundeetatik etor daitezkeen diru partiden zain. Gazteek eurek antolatu behar dituzte beraien esparruak, eurek aldarrikatu behar dituzte beraien lehentasunak. Barka nazatela, zoritxarrez, etorkizuna ez da eurena bakarrik izango, baizik eta biziko garen guztiona. Baina, halere, kezka bat sortzen zait: diru barik ezer egiterik ba al da? •