Amalur Artola
Elkarrizketa
IDOIA LABAIEN
BIOLOGIAN DOKTOREA

«Obesitatearen eraginez, gure umeen bizi itxaropena gurea baino laburragoa da jada»

Helena proiektu europarraren barnean nerabeen obesitatea ikertu du Idoia Labaien doktoreak. Gizentasunaz gehiegi hitz egin eta gutxiegi egiten dela dio. Biologian doktorea eta EHUko Farmazia fakultateko Nutrizio eta Bromatologia irakaslea da. Europako nerabeen dieta eta osasun kardiobaskularra ikergai dituen Helena proiektuan hartu du parte. Berriki, «Clinical Nutrition» aldizkarian argitaratu ditu bere ikerketaren emaitzak. Helbide elektronikoa: idoia.labayen@ehu.es.

IDOIA LABAIEN
IDOIA LABAIEN

Biologian doktorea eta EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizio eta Bromatologia irakaslea da Idoia Labaien (Iruñea, 1968). Europako nerabeen osasun kardiobaskularra ikertzea helburu duen Helena (Healthy Lifestyle in Europe by Nutrition in Adolescence) proiektuan parte hartu du eta, zehazki, lipidoek nerabeen dietan duten eragina aztertu du. Nerabeen dietako gantz-portzentajea sabelaldeko gizentasunarekin –potentzialki arriskutsuena– estuki lotuta dagoela frogatu du, baita jarduera fisikoak ez duela lotura horretan eragiten ere.


Europako Helena proiektuan parte hartu duzu. Zertan datza zure ikerketak?

Europako Batzordeak finantzatutako proiektua da Helena eta, bertan, bederatzi herrialdek hartu zuten parte. Helburua nerabeen elikadura eta ariketa fisikorako ohiturak zeintzuk ziren ikustea zen eta, bide batez, horiekin lotzen ziren arrisku karbiobaskularrak, obesitatearen prebalentzia eta abar aztertzea. Ikerketa sakonagoak ere egin ziren, genetikako determinazioak adibidez. Eta, noski, horretan guztian gizarteak eta bereziki gurasoek duten eragina ere ikertu zen, maila sozioekonomikoaren aldaketak elikadura ohituretan eragiten ote duen edo ez... Halako kontuak.


Ikerketa zabala oso.

Hala da, bai. Guztira 13 eta 18 urte bitarteko 3.500 nerabek baino gehiagok hartu zuten parte. Hori bai, denak hiritarrak, ikerketa batez ere eskoletan egin zelako.


Atentzioa eman digun datuetako bat da Europako nerabeen %16k duela obesitatea.

Zehazki, gainpisua %30ek du eta obesitatea %15-16k. Iparraldeko eta hegoaldeko nerabeen artean, gainera, ezberdintasun handiak daude: Espainian, Grezian eta Italian kopuru horiek altuagoak dira. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) urteak daramatza epidemiaz hitz egiten eta arrisku gehien dutenak Europa hegoaldean daudela esaten, eta gure lana hipotesi hori baieztatzea izan da: teknika eta metodologia berberak erabiliz egin dira neurketak eta datuek baieztatu egin dute hipotesia.


Iparraldeko datuak hegoaldekoak baino hobeak direla esan duzu. Zer gertatzen da Mediterraneoko dieta famatuarekin?

Egia da dieta mediterraneoak eragin onuragarriak dauzkala osasunean. Mediterraneo inguruan dauden herrialdeetako helduen kasuan, eta batez ere adineko pertsonen artean, arrisku kardiobaskularra baxuagoa da. Baina gure ume eta nerabeek ez dute dieta mediterraneoa jarraitzen: izugarrizko aldaketa egon da elikadura ohituretan eta egun jarraitzen duten dieta oso gantzatsua da.


Batez ere sabelaldeko gantz metaketaren arriskuak aipatu zenituzten. Zergatik?

Ez genuen soilik hegoaldean kilokaloria kopuru altuagoa hartzen ote zen begiratu, dietaren kalitatea ere aztertu genuen. Lipido kopurua ikertzean, ikusi genuen hegoaldeko dietan gantz kopurua altuagoa zela eta hori gantz adiposoaren metaketarekin lotzen da; metaketa hori sabelaldean gertatzen den ere begiratu genuen, hori arriskutsuagoa delako osasunerako.


Zergatik da arriskutsuagoa?

Gantza sabelaldean kokatzeak esan nahi du erraiak gantzez inguratuta daudela eta horrek arrisku kardiobaskularra handitzen du: kolesterola, glukosarekiko intolerantzia eta presio arteriala handitzen dira, eta, gainpisurik egon ez arren, gantzaren metaketa sabelaldean ematen bada, arriskuak handitu egiten dira. Gure helburua ea gantz metaketa horiek ematen ziren ikustea zen eta baietz ikusi genuen. Beste ondorio bat ere atera genuen: ariketa fisikoak ez du dietako lipidoen eragina sabeleko gantz metaketan konpentsatzen. Ariketa fisikoa egitea osasungarria da, noski, laguntzen du arrisku kardiobaskularrak gutxitzen, baina kasu zehatz horretan elikaduraren kalitatea zaindu behar da.


Kaloria kopuruaz harago joan behar da beraz.

Kaloria kopurua, egia esan, konpentsa daiteke ariketa fisikoarekin, balantze energetikoa edo energiaren oreka lor dezakegu, baina ez lipidoen oreka. Horretarako beste zerbait egin behar da: dieta zaindu.


Zein izango litzateke Europako nerabe baten dieta estandarra?

Fruta eta barazkien kontsumoa izugarri jaitsi da, batez ere Mediterraneoko herrialdeetan, eta bitxia da, gu garelako horiek ekoizten ditugunak: iparraldeko herriek guri erosten dizkigute eta han gehiago kontsumitzen dituzte! Janari prestatu asko jaten dira, eta horietan gantz kantitatea oso altua da, baita gatzarena ere: sodioaren ekarpena ere oso altua dela ikusi dugu. Horrekin lotuta, ikusi dugu zuntzaren kontsumoa jaitsi dela, baita karbohidratoena ere, eta badakigu zuntza beharrezkoa dela gure dietan, etorkizunean etor daitezkeen konplikazio askorekin lotuta dagoelako.


Lehen «epidemia» hitza erabili duzu. Adituek urteak daramatzate obesitatea «XXI. mendeko epidemia» dela esaten. Hala uste duzu? Badu larritasun hori?

Bai, eta, gainera, etengabe ari da handitzen. Gero eta haur gehiago ditugu gainpisuarekin eta obesitate horiek, gainera, gero eta larriagoak dira. Haurren artean bi motako diabete eta hipertentsio arterial kasuak agertzen ari dira, baita hiperkolesterolemia altuak ere. Horiek lehen ez ziren existitzen.


Elikadurak gaixotzen gaitu...

Ba bai, elikadurak ateak zabaltzen ditu. Begira, garapen bidean dauden nazioetan, adibidez, gainpisua eta obesitatea handitzen ari dira. Orduan, alde batetik, elikadura mundu guztiari iristen zaionean hilkortasun tasa jaisten da, baina, bestalde, elikaduraren kalitatea txarra denez, gainpisuaren eta obesitatearen zifrak handitzen dira eta bi malnutrizio egoera ematen dira batera: desnutrizioa eta obesitatea. Horren eraginez, gure umeak hamar urte gutxiago biziko dira, bizi-itxaropena jaitsi egingo da.


Hain zuzen, orain gutxi esan zuen OMEk obesitateak bizi-itxaropenean eragingo zuela. Etorkizunera begira mintzatu zen, baina badirudi hasi garela ondorio horiek ikusten, ezta?

Diabetea izugarri igo da, zenbaitek mugitzeko arazoak dituzte, minak sorbaldan, belaunetan, oinetan... Bizi-kalitatea eta bizi-itxaropena, jada ikusten ari gara biak ari direla murrizten.  


Eta, horren aurrean, zer?

Ba, horren aurrean... estrategia gutxi.


Ez gara larritasunaz ohartzen edo ez dugu jabetu nahi?

Ba, begira, OMEk 2004ko argitalpen batean jada ohartarazi zuen obesitatearen eraginez umeen artean krisialdi bat zegoela, eta oraindik ez da estrategiarik adostu. Argazkiak askotan ateratzen dira, diagnosiak egiten dira, urtero zifra horiek handitu direla esaten dugu, baina, gero, ez dugu gehiegi egiten. Ez da nahikoa pediatra zerbait egiten ahalegintzea, umearen inguruan dauden guztiek, gizarteak, laguntzen ez badu. Ez dugu ezer lortuko hezkuntza programak garatzen ez badira eta osasun publikoak parte hartzen ez badu.


Etxera etorrita, adibidez, azken bost urteotan euskal haurren obesitatea %5etik %16,8ra igo dela jakin berri dugu.

Bai, datu izugarria da. Eta zerbait egiten ez badugu igotzen jarraituko du, gure haurrak gero eta sedentarioagoak direlako eta euren elikadura kalitatea txarra.

Debagoienan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen ohiturak ikertzen ari dira, gerora horren araberako ekintza estrategikoak abiatzeko: gosari osasuntsuak, prebentzio kanpainak, jolas didaktikoak... Hori da bidea?

Bai, noski: arazoak ditugula onartu eta denon artean zerbait egitean dago gakoa. Gasteizen ere orain hasiko gara ikerketa proiektu batekin: Osasun Ministerioak finantzatuko du proiektua eta Osakidetza, Osatek, Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) hartuko dute parte.


Zer-nolako proiektua da Gasteizen garatuko duzuen hori?

Esku-hartze zuzena da: jarduera fisikoarekin eta nutrizioaren inguruko hezkuntzarekin gainpisua jaistea lortzen dugun ikusi nahi dugu. Batez ere gibeleko gantzarekin zer gertatzen den ikertuko dugu, badirudielako hori dela diabetearen arrazoia. Sedentarismoa aldatzen ere saiatuko gara. Eskoletan heziketa fisikoaren orduak jaitsi egin dira; haur batzuek eskolaz kanpoko jardueretan hartzen dute parte, baina gainpisua eta obesitatea dutenek gehienetan ez dute horrelakoetan parte hartzen. Orduan, gutxienez astean hiru aldiz ariketa fisikoa egin dezaten ahaleginduko gara.


Noiz hasiko duzue proiektua?

Programa irailean jarriko da martxan eta, orain, Gasteizko eskola ezberdinekin harremanetan jartzen ari gara, baita pediatrekin ere. Gurasoek ere baimena eman beharko dute; gainera, inplikatuta ere egon beharko dira. Guztira 200 ume inguruk hartuko dute parte eta hiru urteko proiektua izango da: esfortzu probak egingo dizkiegu ze intentsitatetan ari daitezkeen ikusteko, ariketa fisikoa oso programatua egongo da eta pultsometroa eramango dute... Intentsitatea ahal dugun guztia handituko dugu, badakigulako intentsitate altuko ariketa fisikoak oso eraginkorrak direla arrisku kardiobaskularra murrizteko. Elikadura ere era ezberdin ugaritan landuko dugu. Proba asko dira, talde txikietan ariko gara eta horrek denbora eskatzen du.  


Anbizio handiko proiektua dirudi. Hemen egin da aurretiaz halakorik?

Ez, halakorik ez. Estatu mailan, azterketa horren sakonekin egiten den lehena izango da. Erresonantziak, dex-a, gorputz konposizioa... aztertuko ditugu ea gantz kopurua jaitsi eta masa muskularra handitzea lortzen dugun ikusteko. Alor ezberdinetako adituekin ariko gara elkarlanean: heziketa fisikoan adituak, psikologoak, nutrizionistak... Autoestimuarekin ere lan egin nahi dugu, alderdi psikoafektiboa ere garrantzitsua delako. Gainpisua duten umeak oso estresatuta izan ohi dira gehienetan.


Gainpisuak estresa ere eragin dezake beraz?

Bai, normalean ez direlako oso onartuak sentitzen euren inguruan, horrek autoestimuan eragiten die, eskola jazarpena gehiago jasaten dute... Eta hori ere landu nahi dugu.


Hezkuntza programa integrala prestatu duzuela dirudi.

Ba bai, egia da arlo ezberdinetako jende askok parte hartuko duela proiektu honetan, baina ezinbestekoa dela uste dut. Dieta bakarrik zaintzen badugu edo ariketa fisikoarekin soilik lan egiten badugu, ez dugu ezer lortuko: denok batera lan egin eta alor guztiak tratatu behar dira.


Amerikako zenbait herrialdetan obesitatearen aurkako neurriak hartzen ari dira. Mexikon freskagarrien gaineko zergak handitu dituzte eta badira publizitateari mugak ezarri dizkioten herriak ere. Europak bide hori jarraitu beharko luke?

Zerbait egin behar da, bai. Horregatik esaten nuen lehen laguntza behar dugula, gizarteak ere lanketa bat egin behar duela. Adibidez, goizean telebista jartzen badugu konturatuko gara marrazki bizidunen tartean aurretik prestatutako janarien iragarki asko sartzen dituztela, baita azukre gehiegi daramaten zerealenak ere. Gehienetan oparitxoak dituzte eta haurrentzat erakargarriak dira. Hori kontrolatu beharko litzateke.

Bada beste faktore bat ere: janari prestatuak oso merkeak dira. Orain gutxi OMEk ohartarazi zuen Espainian krisialdiarekin kontuz ibili behar dela, obesitatearen prebalentzia handitzea eragingo duelako.


Alegia, baliabide gutxiago duenak arrisku gehiago duela.

Hori da. Janari prestatuak erostea fruta, barazkiak eta arraina erostea baino merkeagoa eta errazagoa da. Eta dagoeneko ikusten ari gara bi muturrak; desnutrizioa eta obesitatea. Orduan, beste alderdiek ere parte hartu beharko dute, ez delako osasun arazo soil bat.


Baita gizarteak ere, batik bat gurasoek.

Bai, baina gurasoek ulertu behar dute zer den hau eta nola lagun dezaketen. Baita administrazioek ere. Europa iparraldean, Herbehereetan adibidez, hanburgesen eta halakoen zergak handitu behar dituzte, AEBetako estatu batzuetan errazioen tamainak legez kontrolatzen dituzte pizza zatiak gero eta handiagoak zirelako... Freskagarriek ere lehen 200 ml zituzten eta orain 300 ml dituzte. Hori guztia kontrolatu egin beharko litzateke.

Gauza asko daude egiteke...

Ez da ezer egiten eta! Arazoak ditugula esaten da bakar-bakarrik. Adibidez, NAOS estrategia [Nutriziorako, jarduera

fisikorako eta obesitatearen prebentziorako estrategia espainola] onartu zen, baina hark egiten duen bakarra zer egin beharko genukeen zehaztea da. Eta gero ez da ezer egiten.


Praktikara pasa behar.

Noski. Hori da guk nahi duguna: halako programa batek funtzionatzen duela baieztatzea. Baita zenbateko kostua duen ikustaraztea eta kostu hori ospitaletan gastatzen dena baino baxuagoa dela frogatzea ere. Badakigu prebentzioa merkeagoa dela eta, azkenean, horrekin konbentzitu beharko ditugu. Nik uste dut mundu guztiak dakiela ariketa fisikoak eta nutrizio osasuntsuak osasunean eragin onuragarriak dituela, eta orain frogatu beharko dugu horiek lantzea, gainera, merkeagoa ere badela. Bestela, ez dut uste laguntzarik jasoko dugunik.


Publizitatea aipatu duzu lehen. Ze indar du honetan guztian?

Nik uste egun salaketa jarriz gero iragarkia kentzen dutela. Baina norbaitek salaketa jarri behar du, ez da ofizioz egiten. Eta iragarki ezegoki asko daude, oso erakargarriak, bikain diseinatutakoak. Filmetan ere haurrak janari horien inguruan ikusten ditugu etengabe, eta atsegina da umeentzat; gauza asko daude honekin lotuta.


Argazki bat: ezer egingo ez bagenu, ze egoera izango genuke hemendik hamar-hogei urtera?

Urtero %1 handitzen da obesitatea. Beraz, handitzen jarraituko du. Egun, helduen %50ek dute gainpisua. Kontuan hartu behar dugu helduei beranduago heldu zaiela obesitatea; umetan izan dezakeen eragina askoz okerragoa da, gehiago eta azkarrago konplikatzen baita.  


Beraz, funtsezkoa izango da ohitura osasungarriak haurtzarotik sustatzea?

Bai, behin helduarora helduta zaila da ohiturak aldatzea. Maiz, gaixorik gaudenean epe motzeko tratamenduren bat jarraitzen dugu eta, gero, normalean, lehengora itzultzen gara. Nutrizioan lan egin zuen lehenetarikoa AEBetan jardunagatik asturiarra zen Francisco Grande Covian medikua izan zen, eta, berak esaten zuenez, errazagoa da erlijioz aldatzea elikadura ohiturak aldatzea baino. Eta egia zioen. Bizimodu osasuntsuan hezten haurtzarotik hasi beharko genuke eta gurasoek ere inplikatu beharko lukete, umeek imitazioz ikasten dutelako, eta, ziurrenik, gurasoek gaizki jaten badute, haurrak ere gaizki jango duelako, eta gurasoek ariketa fisikorik egiten ez badute, umeak ere ez duelako egingo.